[GUTUNA] Ramon Bajo eskola, Slow Food mugimendua eta Acquerello arroza

hirinet 2015ko mai. 25a, 02:00

Batzuetan, Gasteizen egiten diren gauza politak ez dira egunkarietan ateratzen. Teleberri eta berriemaile guztietan ikusi dugu patata tortilaren fiasko handia, baina gure hiriaren izena modu onean eramaten dituzten ekimenak ere egiten dira, naiz eta arreta gutxiago erakarri.

 

Pasa den astean, Ramón Bajo eskolako 4. mailako ikasle batzuk Italiara joan ziren Slow Food mugimenduaren gonbite batekin. Helburua arroz errezeta bat prestatzea zen, eta eskolako umeak, gurasoak eta irakasleak jo ta ke ibili ziren ahal zuten arroz hoberena prestatzen saiatzen. Hemengo produktuak erabili zituzten, Arabak eta sasoiak ematen dituzten barazki guztiak aprobetxatzen eta Italiara joan ziren txapelketa batean parte hartzeko. Livorno herriaren ondoan dagoen egoitza batean bi gau pasa zituzten, eta maiatzaren 20an prestatutako errezeta egiteko prest agertu ziren Colombaran, Acquerello arroza egiten den arroz-soroan. Bertan, Italiako zazpi eskola finalista eta Errumaniako eta Frantziako bi eskola gonbidatuak topatu zituzten. Eguna beste eskolekin batera jolasten pasatu zuten, sukaldari profesionalek beren arroza prestatzen zuten bitartean, eta dastaketan zazpigarren postua lortu zuten. Ume batzuentzat atzerrira joaten ziren lehenengo aldia izan da hau eta guztientzat itzelezko esperientzia.

 

Ez dut uste Udala enteratu denik, ezta produktuen ekoizleak ere ez, baina ume hauek Gasteiz eta bere ondareak ordezkatu dute atzerrian. Sailkapena, larunbatean Eurovision-en esaten zuten bezala, gutxienekoa da; hoberena beste eskolekin egindako harremanak eta umeen parte-hartzea izan da. Baina, gastronomiaz hitz egiten dugunean gure hiri maite honetan, erdian dirurik ez badago ez duela interesatzen ematen du. Pena. Hori bai, Ramón Bajoko ume batzuentzat, “arroza barazkiekin buztinezko lapikoan” Gasteizek eskaini ahal duen janaririk goxoena bihurtu da.

 

Egilea: Ruth Ibañez

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago