Joanden urteko Europako hauteskundeak zirela, hainbat lagunek hauteslekuetako mahaiak osatzeko derrigortasunari uko egin zioten; tartean, Karlos Zulaika gasteiztarrak. Orduan hasitako ekinbideari zabalkundea ematea erabaki dute, eta igandeko hauteskundeei begira, bide hori jorratuko dutela jakinarazi dute.
Udal eta foru hauteskundeei begira, desobedientziara jotzen zenutela iragartzeko agerraldia eskaini zenuten apirilean. Zergatik jarrera hori?
Aldarrikatzen duguna zera da, hauteskundeetako mahaietan parte-hartze aktiboa izateari uko egin ahal izatea, bai bokal, presidenteorde edo presidente moduan. Ez dugu derrigortasun hori onartzen. Zergatik behartu behar gaituzte hauteskunde prozesu batean parte hartzera? Gure ideia orokorra da jendeari helaraztea inposaketa hori ez dugula onartzen, eta horri zelan aurre egin jakinarazi. Horretarako intsumisioaren garaian oso baliogarria izan zen desobedientzia zibila erabiltzen dugu.
Baina abiapuntu horretatik harago doa Des-zentsu elektorala mugimenduaren aldarrikapena, ezta?
Hala da. Aldarrikapena sakonagoa da. Zabalagoa den sistema baten baitan kokatzen da hauteskunde sistema, eta gero eta ageriagoan geratzen ari da gaur egungo demokraziak ez duela balio. Pasa den astelehenean, Gasteizen, oso nabarmena izan zen: gure demokrazia honetan, hauteskunde prozesu batean murgilduta, gazteak –eta ez gazteak– epaituak izaten ari dira, torturak, karga polizialak eta errepresioa erabilita, oinarrizkoak diren eskubideak murriztuz. Kontraesan horren aurrean, batzuk erabakitzen badute hala ere demokrazian parte hartu nahi dutela, ez gara nor hori kritikatzeko, baina guk ez dugu parte hartu nahi. Hori bai, urtea oso luzea da, eta axola duena ez da bakarrik egun horretan botoa ematen duzun ala ez, baizik eta urte osoan zehar egiten duzuna.
Gaur egungoarekin ez zaudete ados. Zer nolako prozesua aldarrikatzen duzue zuek?
Gure aldarrikapena da derrigortasun horrekin amaitzea, eta eskaera hori aldarrikapen askoz zabalago baten baitan kokatzen dugu, uste dugulako demokrazia parte-hartzaile edo errealaren bidea beste bat dela. Alternatibak guztion artean erabaki beharko ditugu. Demokrazia honetan, egitura ustelduta dago. Lana, etxebizitza eta dirua ere desagertzen ari dira; oinarrizko eskubideak desagertzen ari dira, eta ontzat ematen da ikuspuntu politiko batzuen alde borrokan dabilen jendea kartzelan egotea. Hauteskunde sistema honek sistema ustel hori indartzen du, eta beraz guk ez dugu parte hartu nahi.
Noiz pentsatu zenuten Des-zentsu elkartea martxan jartzea?
Gasteizen, Antonio Escalante eta biok harreman handia dugu, eta hara non, aurreko hauteskundeetan bioi egokitu zitzaigun hauteskunde mahaian parte hartzea. Izan zitekeen jendea eskakeatzea mila faktorerengatik,eta ez dugu hori epaitzen, baina ikusi genuen agian momentua zela aurpegia emateko. Kontzientzia eragozpen gai bat bezala ikusten dut: nik ezin dut demokraziaren jai honetan parte hartu; eta, nahi ez duzun jai batera gonbidatzen bazaituzte, hobe ez joatea. Ez gara sabotajea aldarrikatzen ari; ez egoteko eskubidea aldarrikatzen dugu.
Horrek zigorrak ditu...
Sistema oso ondo pentsatuta dago beldurra sartzeko, eta horrek jendearen erabakia baldintzatzen du. Estatu mailan, 500.000 pertsona inguru deitzen dituzte mahaietara, eta %10 inguru ez da agertzen, hau da, 50.000 pertsona urtero. Horrek erakusten du egon badagoela desafekzio bat. Gasteizen, 3.000 pertsona deitu gaituzte hauteskunde mahaian egoteko, eta 3.000 pertsona horietatik 800ek alegazioa jarri dute. Harritzekoa da: gehienak onartuak izan dira, gu bezalako jendearekin arazorik ez izateko.
Pasa den urtean aurpegia eman zenuten. Erantzunik ala zigorrik jaso al zenuten?
Iaz, jende asko ez zen agertu, baina inoiz ez da argitaratzen zenbat jendek huts egin duen edo zenbat epaiketa egin diren. Guri dagokigunez, Des -zentsu mugimenduaren inguruan hamabi pertsona koordinatu ginen estatu mailan, eta hamabi horietatik, hamarrek ez dugu oraingoz zigorrik jaso. Beste biei dagokionez, epaiketara deituak izan ziren, epaiketa azkarrera zehazki, hala agintzen baitu legeak kasu hauetan. Horietako bat, Salamancan, egunean bertan atxilotu zuten, epaiketa azkarra egin eta 400 euroko isuna jarri zioten. Besteak, Caceresen, ez zuen epaiketa azkarraren bidea onartu, bere burua epaileen aurrean defendatu nahi duelako, eta horren zain dago.
Aurten ere desobedientzia egiteko deialdia egin duzue...
Aurten, sei-zortzi pertsonako taldea osatu dugu, jendeari laguntza emateko, ekonomikoki, pertsonalki, politikoki... Webgunea egin dugu eta helbide elektroniko bat ere ireki dugu. Hauteskunde hauei begira ez dugu egitasmoa nahikoa mamitu, baina hurrengoei begira, gure asmoa da mahaian egotera deitzen gaituzten jakin arte itxaron gabe, aurrea hartzea eta idatzi bat bidaltzea, hauteskunde- batzordeak izan dezan parte hartu nahi ez dugunon zerrenda.
Esaten duzuenagatik, ez da erraza jendeak aurpegia ematea, ezta?
Ez, gaur egun ez da erraza ezarritako mugetatik kanpo dagoen ezer egitea, begira bestela Gasteizko Herri Harresiarekin gertatutakoa. Errepresioak eragin bikoitza du: mugitzen denari egurra ematea, eta mugitzen ez dena beste alde batera begira jartzea.
Egilea: Miriam Biteri, Arabako ALEA