[M24] Txema Ramirez de la Piscina, kazetaria: "Benetako kanpaina urtean zehar egiten da, oharkabean"

hirinet 2015ko mai. 22a, 02:00

Ofizioagatik bertatik bertara jarraitu badu ere, hauteskunde kanpainak gogaitu duela aitortu du Txema Ramirez de la Piscina komunikazioan adituak; politika gertutik bizi ez dutenentzat baliagarri izan daitezkeela dio, halere.

 

Hauteskunde kanpaina "aspergarria" izan den arren, polikoki "oso interesgarri" datoz igandeko hauteskundeak Txema Ramirez de la Piscina (Ibarra, 1958) EHUko Kazetaritzako irakaslearen esanetan. Besteak beste, demoskopiaren ikuspuntutik aurreikuspenak egiteko "baldintza zailek" are interesgarriago egiten dute alderdien arteko lehia. Komunikazioan eta informazioan aditu, udal eta foru hauteskundeetako kanpainaren gako nagusiak mahai gainean jarri ditu.

 

Gainbegiratu arin batean, nolakoa izan da hauteskunde kanpaina?

Komunikazioaren ikuspuntutik nahiko kanpaina aspergarria izan da, baina uste dut ez dela nobedadea hori, azken urteetan ere hala izan delako. Pilar Rahola kazetariak iritzi artikulu bat atera du orain gutxi La Vanguardia egunkarian eta Josep Cuni kazetaria aipatu du; hari  aipamena eginez esaten du hauteskunde kanpainetan informazioak "salbuespen egoera" bizi duela eta hala iruditzen zait niri ere. Informaziorik ez da egiten, propaganda egiten da, eta txarra. Alderdi politikoek egiten dituzten mezuak dira aldez aurretik iragarritakoak, kapsulatutakoak, arerioa kaltetzeko intentzio garbiarekin egindakoak eta oso informazio gutxi ematen dutenak.

 

Zer bota duzu faltan kanpaina honetan?

Teknologikoki oso aurreratuta daude mitinak baina garai bateko hizlariak bota ditut faltan, hizlari bikain horiek desagertu dira, edo oso gutxi dira. Hizlari gehientsuenek testu bat idatzita eramaten dute eta hori irakurtzen dute, eta batzuetan gaizki irakurri ere; salbuespenak salbu, oso prebisibleak dira, beti testuaren mende, eta ez dira kapaz jendeari begiratzeko eta  interakzioa lortzeko.

Komunikazio aholkulariek idazten dituzte mezuak gaur egun, eta garai bateko hizlari haiek lau oharrekin bost minutuz jendea zutik jartzeko gai ziren. Euskal Herrian Xabier Arzallus, Jon Idigoras genituen… bost minutuz pabiloi osoa zutik jartzeko gai zirenak. Orain, berriz, jendea zutik jartzen da baina fenomeno induzituak dira, ikus-entzunezko espektakuluak; alde horretatik irabazi egin dugu, performance bezala ez dira hain aspergarriak, baina mezuak aurreikusteko modukoak dira.

 

Norbait konbentzitu dezakete gaur egun kanpaina hauekin?

Hori da nire zalantza, baina kontrakoa iruditu arren adituek diote baietz. Zantzu bat, keinu bat, esaldi bat, albiste bat... badirudi batez ere politika oso gertutik bizi ez duten pertsonentzat baliagarri dela, eta horiek gehiengoa dira, ez dugu ahaztu behar. Euskal Herrian kultura politiko handia dagoela esaten da, eta nik ere hala uste dut, baina bada jende multzo handi bat politika eurentzat hirugarren mailako kontu bat dela. Horiei begira daude pentsatuta kanpainak,  zalantzati dauden horiei.

 

Manuela Carmena Madrileko hautagaiak esan du "detergentea" saltzen ari diren sentsazioa duela, ez ote den kanpaina beste modu batera planteatu behar.

Bai, ados nago. Pasioa behar da, ideien lehia sanoa behar da eta askotan egiten dira oso eztabaida teknikoak, adineko pertsonentzat ez dakit zer laguntza abian jarriko dituztela eta… hori ere beharrezkoa da baina justizia sozialaren inguruan, burujabetzaren inguruan, alegia, ideia handien inguruan eztabaida gutxi egoten da.

 

 

 

 

Jende aurrean bizikletan ibili, futbolinean aritu edo azokara joateko egunak izan dira politikarientzat...

Bai, uste dut hori guztia adarjotze pornografikoa dela. Politikariak normalean ez ditugu ikusten gisa horretan, eta halakoak kanpainan ikusi behar izatea... ez dut aguantatzen.

 

AEBetako ereduaren atzetik ari al gara?

Baietz uste dut. Baina AEBn hizlariak hobeto trebatzen dira eta hainbat bozeramaile eta  hautagai gai dira jende aurrean aritzeko; paper bat aurrean izan arren, oso ongi daukate ikasita, zer esan behar duten, enfasia non egin behar duten, non dagoen titularra, non altxatu behar duten ahotsa, isiluneak non… Hemen titularra botatzen dute baina testuaren mende daude, eta grazia falta zaie maiz,  entonazioa ez dute behar bezala egiten, monotonoa egiten dute. Oso aspergarriak dira.

 

Gasteizko hautagaien ETBko debatea ikusi al zenuen?

Zerbait bai, baina aspertu eta utzi nuen. Irratiko eztabaidekin ere beste horrenbeste gertatzen zait; minutu bat du alderdi bakoitzak etxebizitzaren inguruan hitz egiteko, bakoitzak berea kontatzen du eta bisiguen arteko eztabaida absurdoak baino ez dira. Nik uste dut benetako kanpaina dela urtean zehar egiten dena, oharkabean pasatzen dena. Komunikabideetan titulu bat aukeratzerakoan edo gai batzuk lehen orrira eramatean ere komunikabideak euren hautua egiten ari dira. Ez dira hain deigarriak baina benetako hautuak horiek dira.

 

Kanpainan ere hainbat gai atera dituzte Arabako komunikabideek, besteak beste, urtean hitz erdirik esan ez den gaien inguruan. Atez atekoa mahai gainean jarri eta alderdi batek hari heldu dio.

Hor argi ikusten da egunkariak noren morroi diren. Horrekin batera, oso salaketa gogorrak egiten dira hauteskundeen atarian horiek egiteko lau urte izan dituzunean, Gipuzkoako Bidegi kasua esaterako; noski salaketa larria dela, baina zergatik itxaron azken momentura arte salaketa egiteko? Alde horretatik, uste dut politika bilakatu dela "pin pan pun" merke bat eta horregatik herritarrak mesfidati daude. Kanpainak gorroto ditugu batez ere botoa erabakita daukagunok, baina botoa azken momentuan erabakitzen dutenentzat erabakigarri izan daitezke; beti dago arrastoren bat gure barnean eta azkenean hori azalarazten da azken momentuan, nork daki zer animo bereziren arabera; beharbada hori da bilatzen dutena kanpainak egiten dituztenek, stand by egoeran dagoenaren joera politikoa azalaraztea.

 

Zer ezaugarri izan beharko lituzke kanpaina on batek?

Nire ustez lehenik eta behin hizlariek oso ondo prestatu behar dute euren burua. Idatzizko erregistroan hainbeste mezu pentsatu beharrean ikus-entzunezkoetan ere pentsatu behar dute. Eta, bestetik, pasio gehiago jarri behar diote, ideien lehia sanoa gehiago azaleratu mahai gainean eta ez hainbeste teknikoegiak direnak horiek jendea urrundu egiten dutelako normalean. Bihotz gehiago behar da.

 

Kanpaina txar batek kalte egin diezaioke alderdiari?

Jakina baietz, agerian uzten badute hautagaien ezjakintasuna.

 

PPk Gasteizen eta Oionen egindako bideoak ikusi al dituzu?

Javier Marotorena ikusi dut alabak erakutsi zidalako, eta kuriosoa da oso irakurketa desberdina egiten dugula; harentzat bideoak ez du ezer esaten eta niretzako, berriz, gauza asko esaten ditu edo esan nahi ditu, batez ere kontuan izanda zein den boto emaile potentziala.

 

Zertan jarri du indarra?

Bideo horretan erakutsi nahi izan du espontaneotasuna, modernitate nahasketa bat. Orain arte xenofoboa dela leporatu diote eta kontrako irudia eman nahi izan du. Baina saiakera hutsa besterik ez da, marketin politiko merkea, kontuan hartzen badugu kanpainarekin batera azken hilabeteetan nola polarizatu nahi izan duen eta nola mugatu duen berak agenda, diru sarrerak bermatzeko errentaren kontuarekin. Marotok oso ongi daki bere alderdia gainbehera datorrela estatu mailan eta horri aurre egiteko forma bakarra da bere protagonismoaz eta magnetismoaz baliatzea; bideoan bertan ez da PPren siglen arrastorik. Oso eztabaida makurra ireki du eta berak badaki horrek magnetismo handia duela eta polarizazio handia lortzeko gaitasuna duela, beste alderdi politikoek eztabaidan sartu nahi ez izan arren azkenean sartu behar izan dutelako. Halere lubaki handi bat ere ireki duela uste dut: agian hauteskundeak irabaz ditzake baina gobernatzea nik uste askoz ere zailagoa egingo zaiola orain duela lau urte baino, askoz ere polarizatuago daudelako alderdiak.

 

Segiko auzian dauden gazteen atxiloketak nola eragin diezaiokete hauteskunde hauei?

Nik uste horrek gogo handiagoz aktibatuko dituela ezker abertzalearen boto emaileak; egon diren atxiloketa horiek, nola eman diren, egon diren erreakzioak... horrek ere berpiztu du nolabait hainbat jenderen gogoa eta baita haserrea ere.

 

Inkestak aztertu al dituzu?

Bai, eta uste dut demoskopia egiten dutenentzat oso konplikatua dela. Politikoki oso  hauteskunde interesgarriak dira hainbat faktore direla medio, baina inkestak ere asko zailtzen ditu horrek, PPren gainbehera edo PSEren barruko krisia edota sortu diren alderdi berriak direla tartean. Nik uste Britainia Handian gertatu denaren antzeko zerbait gertatu daitekeela, hanka sartu dezaketela. Nola liteke Podemos duela zazpi hilabete lehen indarra izatea eta orain hirugarrena izatera pasatzea? Soziologikoki benetan fenomeno interesgarriak daude aztertzeko. Ciudadanosen kasua ere oso bitxia da, gazteentzat, nolabait PPri bozka ematea lotsa sentitzen duten horientzat, egindako esperimentu modernoa; Riveraren irudi freskoak 45 urte beherako kontserbadoreekin enpatizatu duela uste dut.

 

Egilea: Anakoz Amenabar, Arabako ALEA

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago