Hitz gutxitan:
Adina: 61
Lanbidea: Hezitzailea
Jaioterria: Gasteiz
Politikan: Politikan egon betidanik. Afiliatuta 90az geroztik
PSE: Sentimendu kontua
Aurrekontua: Gure kontuak Madrilen zentralizatuta daude
Nolakoak izan dira oposizioan egondako lau urte hauek?
Egia esanda, uste dut hiriburuarentzat urte tamalgarriak izan direla, batez ere krisialdiaren irteera nola kudeatu den kontuan hartzen badugu. Egun, askoz ere langabetu gehiago dago. Eskubide sozialei erreparatuz gero, tamalgarria izan da ere eman diren murrizketak.
Zer gertatu da hirian zeuden akordioekin?
Marotok akordio guztiekin amaitu du. Euskara, lankidetza, gai sozialak... adostasun guztiak apurtu ditu. Akordio horiek guztiak apurtu ostean, PP berriro irteten bada, ezin izango dute egonkortasuna bermatu gobernuan. Inork ez dauka feeling-a.
Agintean eta oposizioan egotearen artean…
Gobernuan zaudenean daukazun erantzukizuna asko ere handiagoa da, dudarik gabe. Baina nik adibidez ez dut ezberdin jokatu batean zein bestean egon naizenean. Agintean zaudenean garrantzitsua da ikuspegi zabala izatea, herritarrak defendatzea eta ordezkatzea delako zure zeregina.
Eta autokritika eginda, zerbait geratu da egiteke?
Ahal izan dugu eta utzi diguten guztia egin dugu. Hala ere, pixkat frustragarria izan da legegintzaldi hau, gobernutik gentozen eta epe luzerako genituen proiektu asko ezabatzen saiatu dira. Ez dakit gorroto gaituzten edo zergatik, baina kutsu soziala daukan edozer kendu nahi izan dute. Adibidez, ikusi dugu zelan amaitu duen Gauekoak programarekin. Bereziki mina ematen didan kontua da, martxan jartzen ibili zirenen artean ni ere egon nintzelako.
Marotoren kontua izan da eta aurretik ere jarrera hori zeukan PPk?
Alfonso Alonso eta Javier Marotoren profilak oso ezberdinak dira. Alonso, gu oposizioan geundenean, askotan etortzen zen nire bulegora hitz egitera. Marotok, lau urte hauetan, inoiz ez dit ezer galdetu. Gauza guztien gainetik dagoela uste du berak eta hori ez da alkate bat.
Hala ere, hiritar asko erakartzen ditu…
Populista izanda, oso erraza da. Jendeak entzun nahi duena esaten du, nahiz eta gero ez duen betetzen.
Nola ikusten duzu zeure burua hauteskundeei begira?
Irabazteko asmoarekin irten gara eta hori da nik nahi dudala. Beste gauza bat izango da zer gertatzen den, inoiz baino aukera gehiago dago eta jendea nazkatuta dago. Ez da ezer argi eta sorpresak egon daitezke.
PSEk bizi duen barne egoerak agian ez du asko laguntzen... zer gertatu zen zen Maite Berrocalekin?
Nik uste dut alderdi batean zaudenean, nahiz eta %100 guztiarekin ados egotea oso zaila den, alderdiak esaten duena errespetatu behar da. Gure estatutuetan jasota dago hauteskundeetako zerrendak zuzendaritzarekin batera osatu behar direla. Beraz, ezin da inposaketaz hitz egin, hala ere, bere erabakia errespetatzen dut. Maite Berrocalek uko egin ostean, nire izena proposatu zuten eta onartu egin nuen. Egoera oso zaila zen eta erretiroa hartu behar banuen ere, erronka onartu nuen. Beraz, orain dena emateko prest nago.
Bestetik, orain dela gutxi Idoia Mendiak aipatzen zuen erdaldunak oso esku zabalak zirela euskaldunekin, zer deritzozu?
Uste dut Idoiak esandakoak errealitatearen isla dela eta neuk ere hori bizi izan dut. Nire familian inork ez zekien euskara, hala ere, nik euskara bultzatzeko esfortzua egin dut. Aberastasun handia daukagu eta ezin dugu galtzen utzi.
Hizkuntza politiken harira, bestalde, motibazioan eragin behar dugu. Pedagogia egin beharra dago. Gure herriarentzat oso garrantzitsua da euskara.
Egilea: Zuriñe Etxeberria
*Elkarrizketa gazteleraz egin da