Hitz gutxitan:
Adina: 41
Jaioterria: Legazpi
Politikan: Orain
Lanbidea: Ingeniaria
EH Bildu: Nik ditudan baloreak islatzen dituelako:
ezkertiarra, feminista, ingurumenarenak...
Aurrekontua: Gasteizen, gutxi gora-behera, 50.000 euro
Aldaketa dator Gasteizera?
Bai, aldaketa etorri da Gasteizko kaleetara. Kaleetan ikusten dugun aldaketa hori udaletxean islatzeko garaia da.
EAJk ere esaten du aldaketa datorrela, zerk bereizten ditu bi alderdiak?
Oso ezberdina da, haiek termino politikoetan hitz egiten dute, eserlekuan nor dagoen eserita esan nahi dute haiek. Guretzat aldaketa askoz gehiago da, zerbait berria proposatu nahi dugu. Alternantziaren joerarekin amaitu nahi dugu, uko egitea alternantzia horri, alegia. Instituzioetan herritarrak sartzeko garaia da.
Eredua aldatzeko guztiok ezinbestekoak gara, guk instituzioak jarriko ditugu aldaketarako, baina gu bakarrik egonda ez da aldaketa hori gauzatuko. Aldaketa nahi duten guztiei mezu bat bidali nahi diegu eta gauzak aldatzera animatu.
Alkatetzan ikusten du Miren Larrionek bere burua?
Guztiz. Azken inkestetan, gainera, ikusten ari gara irabazi dezakegula, oraindik ez dago argi, baina aukera erreala da eta horretarako prestatzen ari naiz. Prestatuta gaude, inork baino gogo gehiago daukagu, ideiak ditugu eta, jakina, ardura eta prestutasuna.
Emakume bat alkatetzan, lehendabiziko aldiz...
Ez da bakarrik hori. Lehenengo aldia litzateke, bai, baina eredu osoari erreparatu behar diogu. Eredu osoa izango da berritzailea. Orain arte egindako politikak gizartearen ehuneko %1ri zuzenduta egon dira. Guk %99 hori ere kontuan hartu nahi dugu. Politika guk geuk egitea, guk eta guretzat. Gehiengoa eta gehiengoarentzat, hori da berritzailea. Horrek suposatuko luke benetan euskara sartzea udaletxean, benetan emakumearen ikuspuntua txertatzea eta berdintasuna benetan planteatzea. Oso argi dugu berdintasuna ez dela bakarrik emakumea eta gizonaren artekoa. Beste gauza asko ere bada berdintasuna. Aniztasun sexualean, kulturalean eta leku guztietan eman behar da berdintasun hori.
Zer behar du Gasteizek memento honetan?
Aipatutako aldaketa hori. Oso argi dugu. Zuri-beltzean dagoen eta NO-DOko Vitoria deitzen dugun horretatik, kaleetan dagoen Gasteizera egin behar dugu jauzi. Koloretan eta hiru dimentsiotan dagoen Gasteiz horretara, hain zuzen ere. Eta batez ere, udal barruan IXX. mendetik XXI. mendera pasa behar dugu. Egun dagoen burokrazia, lan egiteko era edota erabiltzen den hizkuntza bera... XXI. mendean gaude eta hiritarrak oso gai gara ulertzeko eta parte hartu ahal izateko.
Norekin gobernatuko duzue?
Aldaketa sozial eta politikoaren alde dagoen edonorekin. Erabakiak Araban hartu nahi dugunokin gobernatuko dugu. Horrez gain eta harago joanda, proiektu eta helburuen arabera, guztiekin lan egin behar dela ulertzen dugu eta horrela egingo dugu
Nola ikusten duzue sortu berri diren plataforma berriak (Gastoria, Irabazi, Hemen Gaude)?
Plataforma bakoitza testuinguru ezberdin batetik dator. Baina finean, guztiek politika egiteko era tradizional horrekiko desatsegimendua adierazi nahi dute eta aukera baliatu politika egiteko. Talde barruko politikaz soilik dakiten politiko profesional asko dago eta ez dakite, benetan kalea zer den. Gaitasun eza horrek haien interesak herritarren gainetik jartzea ahalbidetzen du. Instituzioak XXI. mendera egokitu behar dira, baita gauzak egiteko moduak ere.
Marotoren agintaldiaz?
Zoritxarrez azken urtean egin duenagatik gogoratuko dugu guztiok Maroto. Fraktura soziala sortu du bozka gutxi batzuk lortzeko eta korrupzioa estaltzeko. Zoritxarrez, aurretik egindako guztia ahaztu egingo dugu. Hori da politikan gertatzen dena, gauza txarrek dena estaltzen dutela, dagoen kultura leporatzearena da eta horien mesederako eginda.
Lehenengo 3 urteen inguruan hitz egin genezake, ondo egin duen gauzetaz… baita ere gaizki egindakoaz, adibidez 72.000 milioi euro gaizki kudeatu dituela eta ordaindu behar izango ditugula.
Alkatetza lortzekotan, hartuko zenukeen lehendabiziko neurria?
Kanpainan zehar hartuko ditugun lehen hamar neurriak aurkeztu genituen. Argi duguna da pertsona erdigunean jarri behar dugula eta horretarako enplegua sortu behar da, kaleratzeekin amaitu, udaletxeko ateak ireki eta auditoria sozial bat eratu. Jendeari kontuak eman behar zaizkio eta ikus dezatela zertan gastatu den haien dirua azken lau urteotan.
Zein hizkuntza politika bultzatuko duzue?
Eusko Jaurlaritzaren eskumena bada ere udaletxetik asko egin daiteke eta aldaketak eman behar dira. Bi gauza proposatzen dugu: batetik, euskara ordenantza garatzea; eta, bestetik, arnasguneak sortzea. Hori udaletxean. Gero, konpromiso pertsonalak daude, eta hor euskaraz bizitzearena dugu.
Euskaraz bizi daiteke Gasteizen?
Zure printzipioekin bizitzea borroka etengabea da. Euskalduna izatea eta euskaraz bizitzea etengabeko borroka da. Baina borrokatzen ikasi genuen, beraz, euskaraz bizitzeko ilusioarekin jarraituko dugu.
Egilea: Zuriñe Etxeberria