Gasteizko Harresiak atzo Ertzaintzak herri harresia desegiteko erabili zuen "bortizkeria izugarria" salatu du

hirinet 2015ko mai. 19a, 02:00

Gasteizko Herri Harresiaren agerraldia maiatzaren 19anGasteizko Harresiak elkarreratzea eta agerrialdia egin du gaur goizean, atzoko atxiloketak eta Ertzaintzaren "bortizkeria izugarria" salatzeko.

 

Lehenik eta behin, igandeko Martxa Laranjan eta ondoren eraiki zen Herri Harresian modu batez edo bestez parte hartu duten guztiak zoriondu dituzte. Horrekin batera, atzo guztira 18 pertsona atxilotu zituztela adierazi dute eta Herri Harresian zegoen erizain eta mediku taldeak 70 zauritu inguru artatu zituela salatu dute. "Hiruk konortea galdu zuten kolpeengatik edo antsietate krisien ondorioz. Horietako bat eta beste bi pertsona ospitalera eman zituzten". Hori dela eta, Ertzaintzak erabili zuen "bortizkeria izugarria" izan zela salatu du Gasteizko Harresiak.

 

Horrekin batera, Aske Guneko abokatu taldeak posta elektroniko bat martxan jarri du, atzo Andra Mari Zuriaren plazan egon ziren erasoen salaketak bideratzeko. (hhsalaketak@gmail.com). Agerraldian, Laudioko Oier Amorrotu espetxeratzeko arriskuan dagoela azaldu dute, baita lagun gehiago ere zitatuak izan direla astelehenean Auzitegi Nazionalean.

 

 

 

 

 

Bestetik, Gasteizko suhiltzaileek Aske Guneko taldeari jakinarazi diotenez, atzo Andra Mari Zuriaren plazako monumentuan eskegita zegoen pankarta kentzeko eskatu zieten. "Egoera aztertu ostean eta arriskurik suposatzen ez zuela ikusirik", agindua ez betetzea erabaki zuten suhiltzaileek. Alta, salatu dutenez, bertan zeuden suhiltzaileak identifikatu zituen Udaltzaingoak baita espedientea zabalduko zaiela jakinarazi ere.

 

 

Honi lotutako albiste gehiago:

 

[EGUNERAKETA- ARGAZKIAK] Herri Harresia desegin eta hiru auziperatuak atxilotu ditu Ertzaintzak

[BIDEOA-ARGAZKIAK] Gasteizko Herri Harresia

Martxa laranja amaituta, Herri Harresia eratu da Andra Mari Zuriaren plazan

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago