Gasteizko herritarren defendatzaileak edo Sindikoak ematen duen zerbitzua "bikoiztuta" dagoela uste du UPyD alderdiak. Ignacio Oñatek, UPyDko alkategaiak, prentsa ohar batean azaldu duen moduan, herritarren defendatzaileak suposatzen duen gastua "ez da beharrezkoa" eta "saihestu" daiteke. Oñateren iritziz, Arartekoak hartu beharko luke bere gain orain arte Sindikoak egin izan duen lan guztia.
Gasteizko Udaleko webgunean irakurri daitekeen bezala, egun, Sindikoak herritarrentzako aholkularitza eta defentsa zerbitzu "independente, eskuragarri eta doakoa eskaintzen du". Zeregin hau aurrera eramateko, "elkarrizketak, jarraibideak, txostenak eta gomendioak baliatzen ditu". Txosten eta gomendio guztiak publikoak dira eta webgunean aurkitu daitezke. Martin Gartziandia da egungo Sindikoa.
Alta, Oñate Martin Gartziandiak betetzen duen funtzioa "desagerraraztearen" alde agertu da. UPyDko alkategaiak dionez, "Sindikoak 69.000 euro kobratzen ditu urtean, zinegotzi batzuk baino askoz gehiago" eta horregatik, herritarren kexak eta kezkak Arartekoaren bitartez kudeatzea proposatzen du.
Argazkia: Martin Gartziandia, Gasteizko Sindikoa, Hirinet FM irratsaioan
Gasteizko Sindikoari egindako elkarrizketa entzun (2015-12-10)