[M24] Autobus geltokiko aparkalekuak bizilagunei "doan" eskaintzeko hitza eman du Gorka Urtaranek

hirinet 2015ko mai. 19a, 02:00

Urtaranek (EAJ) autobus geltoki berriko aparkalekuko plazak inguruko bizilagunei «doan eta gaueko ordutegian» eskaintzeko konpromisoa hartu du, «hiriko azpiegitura berriaren aparkalekua erabiltzen ez dela ikusita». «Udalbatza berriak PPren kudeaketak utzitako zehaztasunik eza konpondu arteko neurria litzateke», azaldu du Urtaranek.

EAJren alkategaiaren esanetan, «bere garaian, Udalak autobus geltokiak bizilagunei eragingo lizkiekeen eragozpenak konpentsatzeko eta Lakuan zegoen eskaerari erantzuteko eskaini zuen aparkalekua». Hala ere, Urtaranek salatu duenez, «PPk oraindik ez du zehaztu zenbat plaza jarriko dituen alokairuan eta zenbat salmentan, eta zein formula erabiliko duen».

 

Hori dela eta, «konpondu bitartean, eremuko bizilagunei aparkalekuko plazak doan eta gaueko ordutegian eskaintzeko konpromisoa hartu dut», esan du Urtaranek. Zentzu berean honakoa adierazi du: «hirian ezin dugu azpiegitura berri bat hutsik eduki eta are gutxiago eremuan aparkalekuko plazen falta dagoela ikusita». Horregatik, arazoa konpontzeko hitza eman du alkategaiak.

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago