[M24] Jorge Hinojal, Hemen Gaude: "Irabazten ez badugu ere, lan handia egingo dugu oposizioan”

hirinet 2015ko mai. 19a, 02:00

Hemen Gaude-Sumando plataformako alkategaia da Jorge Hinojal eta udal politika "betidanik" izan du gustuko. Gasteizko hauteskundeetara aurkezteko Podemos-ek bultzatutako herritar "independienteen" plataforma da Hemen Gaude.

 

Hitz gutxitan

Adina: 32

Jaioterria: Gasteiz

Politikan: 2014tik

Lanbidea: Lan Arriskuen prebentzio teknikaria

Hemen Gaude: Podemosek bultzatutako plataforma delako. Betidanik izan dut gustoko udal politika

Aurrekontua: Oso estua, mikro-kreditoen bitartez finantzatu gara, urtebetean dirua itzuliko diogu jendeari


 

Zer da Hemen Gaude?

Herritarren konbergentziatzat hartzen dugu gure burua. Siglak ahazteko momentua dela uste dugu, herritarren alde lan egiteko garaia heldu da. Proiektu honen parte eginarazi behar ditugu herritarrak.

 

Zein da Podemos eta Hemen Gauderen arteko ezberdintasuna?

Podemos alderdi politiko bat da eta, kasu honetan, ez doa udal hauteskundeetara. Bai, ordea, foru hauteskundeetara. Hemen Gaudeko kideak herritar moduan aurkezten gara hauteskundeetara, modu indibidualean, alderdirik gabe.

 

Handiagoa izan zitekeen platafoma?

Beste alderdi batzuekin izan diren elkarrizketa guztietan izan naiz, baina oraindik aurrerapauso bat gehiago eman behar da. Oraindik muga batzuk existitzen dira eta batzuek ez dituzte gainditu nahi izan. Guk oso argi izan dugu eta horrela jasotzen dugu gure kode etikoan, siglak ahaztu behar ditugula.

Gu ez gara sigla zopa bat eta ez goaz hauteskundeetara inongo alderdiren menpe, independienteak gara eta ez dugu negoziatzen boterearen truke. Aurrerantzean, pentsatzen dut lasaiago hitz egiteko aukera izango dugula eta beste plataforma batzuekin akordioetara helduko garela.
 

Zein da Gasteizerako dauzkazuen planak?

Politika egiteko eredu ezberdin bat proiektatu nahi dugu, parte hartzearena, alegia. Jendeari galdetu egin behar zaio eta, horregatik, uste dugu galdeketak beharrezkoak direla, batez ere proiektu handiak tartean daudenena. Kontsulta hauek lotesleak izan behar dira gainera.

 

Zuen lehentasunak, beraz...

Oinarrizkoa da lana sortzea. Lan duina sortu behar dugu, onargarriak diren baldintzekin eta soldata onekin. Inguruko enpresetara jo behar dugu eta bertan galdetu zer den momentu honetan behar dutena eta horrekin lotutako prestakuntza eskaini langabezian dagoen jendeari.

CEA berreskuratu behar dugu, ingurugiro politika jasangarrien ardatza izan behar delako Gasteizen. Kanporantz hazi baino, eraberritzeko unea da. Gune berriak bilatu behar dira eta horretarako auzoetako jendeari galdetu behar zaio.

 

Zeintzuk izango dira zuen aliatuak?

Gasteizko alkatetza lortu nahi dugu, irabazteko jaio gara. Alkatetza ez badugu lortzen ere, oposizioan lan handia egingo dugu. Ez daukagu lehentasunezko pakturik.

 

Nolakoa izan da azken lau urte hauetako udal kudeaketa?

Galdutako legeagintzaldia izan dela uste dut. Konfrontazioa besterik ez du ekarri, Marotok herritarrak konfrontatu ditu, herritarren alde lan egin beharrean. Arazo berriak sortu ditu bere onerako.

 

Zer ez luke Hemen Gaudek inoiz egingo?

Inoiz ez ditugu herriatarrak konfrontatuko. Gasteizko arazoak zeintzuk diren ezagutu behar da eta herritarrak parte hartzera animatu behar ditugu.

 

Zer motatako hizkuntza politikak bultzatuko dituzue?

Euskara gure ondarea da eta zaindu beharra dago. Horregatik, guztiona denez, politikoen artean adostasuna bilatu eta denok defendatu behar dugu.

Euskararen Etxea eta Kafe Antzokia, adibidez, egonkortu beharreko proiektuak dira. Kafe Antzokiarentzat leku bat bilatu behar da.

 

 

Egilea: Zuriñe Etxeberria

 

*Elkarrizketa gazteleraz egin da

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago