Martxa laranja amaituta, Herri Harresia eratu da Andra Mari Zuriaren plazan

hirinet 2015ko mai. 17a, 02:00

Milaka lagunek hartu dute parte gaur goizean Auzitegi Nazionalak zigortutako zazpi gazteei babesa emateko izandako martxa laranjan. Manifestazioa Bilbo plazatik abiatu eta Andra Mari Zuriaren plazan amaitu da. Martxa amaituta, herri harresia sortu da, Igarki Robles, Aiala Zaldibar eta Ibon Esteban bertan direlarik.

Segiko kide izatea egotzita, sei urteko espetxe zigorra ezarri die Espainiako Auzitegi Nazionalak eta zigorraren aurkako jarrera ikusarazteko asmoz milaka lagun elkartu da gaur goizeko martxa laranjan. Auzitegi Nazionalak Xabat Moran, Ainhoa Villaverde, Bergoi Madernaz, Marina Sagastizabal ere zigortu egin ditu. Epaia jakinarazi aurretik Ertzaintzak gazte hauek atxilotu izana salatu dute. Atxiloketak “legez kanpo” burutu zirela kritikatu dute.

 

Herri Harresia sortu eta gutxira, Ertzaintzaren furgonetak hainbat bider gerturatu dira, baita buelta eman ere. Momentu honetan, lasaitasuna da nagusi Andra Mari Zuriaren plazan eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, 500 bat lagunek igaro dute bertan gaua. Herri harresia zuzenean, streaming bidez, jarraitu daiteke:

 

 

 

Dagoeneko, esnatu egin da Herri Harresia eta eguneko ekitaldiak antolatzen hasi dira. Goizeko 04.00ak aldera, sinera hotsak jo du Ertzaintza agertu denean eta bertan lo zegoen jendean altxatu da harresia sortzeko. Azkenean, ez da ezer gertatu, poliziak buelta eman baitu.

 

Atzo arratsaldean, Euskal Herriko erakunde publikoei "herri harresiaren parte" izan daitezela eskatzeko sinadura bilketa abiarazi zuten change.org plataformaren bitartez. Ordu gutxitan, ia 2.500 sinadura lortu dute, jadanik. "Atxikimendu hau sinatzen dugunok udalei, aldundiei, Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari pausoak eman ditzatela epaiketak eta atxiloketak gelditzeko eskatzen diegu", irakurri daiteke egindako eskaeran.

 

 

Honen inguruko albiste gehiago:

 

"Konpromisoen momentua" heldu dela dio Gasteizko Harresiak, igandeko Martxa Laranjari begira

 

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago