"Konpromisoen momentua" heldu dela dio Gasteizko Harresiak, igandeko Martxa Laranjari begira

hirinet 2015ko mai. 16a, 02:00

Gaur goizean Gasteizko Harresia mugimenduak igandean, hilak 17, zazpi gazteen kontrako zigorra eta espetxeratzeak salatzekoegingo den mobilizaziora joateko azken deialdi masiboa gauzatu du Katedral Berrian.

 

Agerraldian, “konpromisoen momentua” iritsi dela azaldu dute Gasteizko Harresia mugimenduko kideek eta horretarako baliatu dute, hain zuzen ere, ostegunean Gasteizko kanpusean martxan jarri zen Konpromiso Gunea. “Euskal Herriko txoko desberdinetatik autobus andana antolatu dira dagoeneko, bolondres ugarik Gasteiz osoa atez ate informazioz bete dute, Burgos, Galizia edota Kataluniako mobilizazioen berri izan dugu, sareak astintzen hamaika bideo eta irudi muntai desberdin ibili dira… eta den dena astebeteko erritmo zoroan”, azaldu dute.

 

Horrekin batera, erronka garrantzitsu baten aurrean daudela diote. “Batetik, ezkutatzea lortu duten auzipetuek interpelatu egiten gaituzte desobedientziaren bidea urratzen jarraitu dezagun. Bestetik, uste dugu guk geuk, azken urteotan auzipetuen alde eta salbuespen politiken aurka aritu garen hainbeste eta hainbeste pertsona eta mugimenduk, langa oso altu jarri diogu geure buruei. Dinamika elikatzen jarraitu behar dugu”, zehaztu dute prentsaurreko masiboan.

 

Azkenik, igandean, eguerdiko 12.00etan Bilbo plazatik abiatuko den Martxa Laranjan parte hartzeko gonbita zabaldu dute, “bidegabekeria hauen aurka dagoen pertsona ahalik eta gehien biltzeko gunea” izango delakoan. Horretarako, elkartasun mozorroa janzteko eskatu diete bertaratzen direnei: “Ez du mozorrotzeaz haratago doan bestelako jarrera edo konpromisorik eskatzen, beraz prestatu ileordea, kamiseta naranja, maskara, Ni Aiala/igarki/Ibon naiz esaten duen txartela eta margo ezazue aurpegia”.

 

#ResistGasteiz mugimendu honen helburua, Segiko kide izatea egotzita,sei urteko espetxe zigorra betetzera zigortuak izan diren Bergoi Madernaz, Marina Sagastizabal, Ainhoa Villaverde, Aiala Zaldibar eta Igarki Robles gasteiztarrei, Xabat Moran santutxuarrari eta Ibon Esteban iruindarrari babesa eta elkartasuna adieraztea izango da.

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago