Hiri gero eta txirrindulazaleago batean abiatuko da datorren astelehenean, maiatzak 18, Gasteizko Bizikletaren astea. 2002tik, %1etik %13ra handitu da bizikletaren erabilera, batez ere, errepideetan: hamar txirrindularietatik, hiruk baino gutxiagok erabiltzen dituzte gaur egun oinezkoen espaloiak. Joan-etorrien erdia baino gehiago oinez egiten diren hiriburuan, bikoiztu egin da bizikletaren erabilera 2011 eta 2014a bitartean; hain zuzen, %6tik %13ra hazi da, Gasteizko Udalaren azken mugikortasun inkestaren arabera. Gorakada horrekin batera, kotxeen erresuma izatetik, ibilgailu ezberdinen arteko elkarbizitza eremu izatera pasa dira Gasteizko errepideak: txirrindularien erdiak espaloiak erabiltzen zituen duela lau urte; gaur egun, aldiz, hamar bizikleta zaletatik hiru baino gutxiago ibiltzen dira oinezkoentzako eremuetan.
Horretan zerikusia izan dute errepideetan margotu diren bizikletentzako errailek eta zirkulazioa arautzeko 2014an indarrean sartu zen azken ordenantzak. Arau horren arabera, bidegorria edo 30 kilometro orduko errail bereziak erabili behar dituzte txirrindulariek, eta ez daudenean bakarrik ibili daitezke espaloian, beti ere hiru metroko zabalera dutenean –bestela, errepidean– Zenbakiak gero eta jasangarriagoak diren arren, oraindik badaude, dena den, eman beharreko urratsak, Bizikleteroak elkarteko Ruben Rodriguezen arabera: "Trafikoa lasaitzeko neurriak hartzea eta errepide eremu batzuk baketzea oso positiboa da, baina oraindik gauza asko egin behar ditugu autoen eta txirrindularien arteko bizikidetza hobetzeko".
Gidariek, "ikasteko asko"
Gasteizko txirrindularien portaerei buruzko txostena argitaratu zuten Bizikleteroek urte hasieran eta, bertan islatzen denez, kotxe askok ez dituzte bizikleten errailak errespetatzen: "Batzuk bigarren ilara egiteko erabiltzen dute, edo beste auto bat aurreratzeko". Bestalde, badaude ere "txirrindulariak estutzen" dituzten gidariak. Adibide moduan, kotxeen kontrako norabidean joateko errailen kasua azaldu du: Hainbat kasutan, "gidariek bertatik joateko agintzen diete bere noranzko berean doazen txirrindulariei", nahiz eta hori debekatuta egon, berrehun euroko isunekin zigortzeraino. "Bizikletentzako erraila denez, gidari askok uste dute bertatik joan behar direla txirrindulariak derrigorrez, beste noranzkoan doan erraila izan arren".
Horrekin lotuta, kotxe gidarientzat sentsibilizazio kanpaina egitea komeni dela uste du Bizikleteroak elkarteko kideak: "Txirrindulariei arau horiek guztiak azaltzeko kanpaina egon zen, baina auto gidariek ez al dute ere pedagogia apur bat behar?".
Espaloiak, gaizki erabilita
Txirrindularien kolektiboko kide bezala, autokritika ere egin du, oraindik ere badaudelako "espaloiak modu okerrean erabiltzen dituzten txirrindulariak". "Batzuetan, beldurragatik erabiltzen dira, adibidez Errege Katolikoen kalean, bertan trafikoa bizkorregia delako; baina, beste zenbaitetan, oinezkoen bidetik azkarregi doazen txirrindulariak daude, eta hori ezin da onartu; gauza bat da bizikletan ibiltzen jakitea, eta beste bat, zirkulatzen jakitea". Horrekin lotuta, astelehenean hasiko den Bizikletaren Asteko tailerretan parte hartzera dei egiten du, Arabako hiriburua gero eta hiri "bizikleteroagoa" izan dadin.
Bizikletaren Astea 2015 Gasteizen - Programa