Mikel Ayllon, idazlea: "Nobela oso periferikoa da hau, ideologikoki, estetikoki eta etikoki"

hirinet 2015ko mai. 15a, 02:00

Greba handi baten ostean kokatu du Mikel Ayllon idazle laudioarrak 'Ez tiro egin anbulantziei' eleberria; geroztik ez dago urik iturri publikoetan, debekatuta dago argazkiak egitea eta egunkariak makinek idazten dituzte. Fikzioaren bitartez, egungo munduari buruzko gogoeta sakona proposatu du Igartza saria irabazi duen kontakizunarekin.

 

Munduberria jaio ezinik dabil. Gainbehera eta dekadentziaren artetik helduleku bila dabiltza Ez tiro egin anbulantziei eleberriko protagonistak, noraezean, kartzela, heriotza eta maitasun istorioak tarteko. Igartza sariaren irabazle Mikel Ayllon (Laudio, 1980) idazlearen eskutik egingo du irakurleak bidaia misteriotsu eta berezia.

 

Aspaldi zenerabilen istorio hau buruan, ezta? Noiz hasi zen forma hartzen?

Lehenengo ideia duela 14 urte izan nuen, 21 urte nituenean, kartzelan nengoela. Liburuaren lehenengo atalean kontatzen den istorioaren ideia txikia izan nuen han. Kartzelan nengoela obsesio moduko bat nuen: zer gertatuko litzateke bapatean mundu guztia desagertuko balitz eta kanpoan inor ez balego? Barruan badituzu gutunak, bisitak,baina momentu batean beharbada ez zinateke konturatuko jendea desagertu dela kanpoan. Sentsazio hori izan zen lehenengo izpia. Gero sortu zitzaizkidan beste istorio batzuk eta joan nintzen leku beretik, hutsune sentsazio horretatik, heriotzaren inguruko hausnarketara. Horiek buruan, duela bost urte hartu zuen nobela forma.

 

Nabarmenak dira kartzelako hotsak eleberrian, onomatopeien bitartez. Gogoandituzu zarata haiek?

Liburuan agertzen den kartzela nik ezagutu nuen kartzela da eta niri kartzelatik arreta deitu zidan gauzen artean hori izan zen bat. Zarata izugarria zegoen, modulu batetik bestera komunikatzeko oihuak, metalezko ateen kolpeak... Alcala Mecon egon nintzen ni, eta ezagutu dudan horretatik idatzi dut; kartzela oso zaharra zen eta, adibidez, liburuan aipatzen den moduan klarionaz idazten zituzten oraindik presoen izenak zeldetan. Nik bizitakoaren detaile batzuk baditu istorioak.

 

Fikzioa erabili duzu, ordea, errealitatea kontatzeko.

Eman dezake kontraesan bat, errealitateaz hitz egiteko fikzioa erabiltzea, baina aldi berean iruditzen zait oso erabilgarria errealitatea bera baino fikzioa erabiltzea. Ni oso zalea naiz zientzia fikziozko liburuekin edo  filmekin, eta iruditzen zait gure gizarteaz ikusi ditudan hausnarketa beharbada sakon eta interesgarrienak horrelako istorioen bidez egiten direla. Gauzei begiratzeko beste ikuspuntu bat ematen dizute. Bizi dugun momentu honek kezkatzen nau eta kanporatzeko nuena egiteko modu interesgarria iruditzen zitzaidan fikzioa erabiltzea.

 

Fikziozko mundu horretan hainbat debeku bizi dituzte herritarrek: ezin da argazkirikegin, parkean ez da esertzeko bankurik, ezin da kalean hitz egin... eta ez dirudite horren ezinezkoak.

Lehen begi kolpean ikusten duzu pertsonaia hauen errealitatea eta gurea ez dela berdina baina hausnartuz gero... Istorio honetan kazetariek notak hartzen dituzte baina gero makina batek idazten ditu albisteak; eta zalantzan jartzen dut horraino ez ote garen heldu, ez dut uste horren ezinezkoa denik eta ez dut uste horren urruti gaudenik. Kaleko debekuen artean beharbada deigarriena da ezin dela argazkirik egin eta, hain justu, Mozal legearekin gabiltza egun. Edo urik ez egotea iturrietan, horrek asko inpaktatzen nau; gu txikiak ginenean iturri ugari zeuden, eta gero eta gutxiago ditugu eta askotan urik ere ez dute. Behartutako egoera da liburukoa, baina ohartzen gara egon bagaudela egoera horretan.

 

Liburuan hainbat arrasto ematen dituzu baina hiriaren izenik ez da ageri... edozein izan daiteke?

Asmoa da urruntzearen bidez hurbiltzea, irakurleari esanez hau ez dela bere hiria, beraz egoteko lasai, baina aldi berean harena ere izan daitekeela. Askotan dugu joera esateko

"bueno, hori han gertatzen da" Indiako albiste bat ikusten ari garenean, esate baterako. Eta liburuan tranpa moduko bat da pentsarazteko: hau haiei gertatzen zaie edo niri? Liburua arrastoz beteta dago, baina helburua ez da horiekin nik buruan dudan istorioa berregitea; aztarna horiekin uste dut irakurle bakoitzak bere mundutxoa eraiki dezakeela.

 

Tragedia handia kontatzen duzu baina baditu itxaropenerako heldulekuak.

Bai, argirantz egiten du ilunetik. Beharbada eman nahi nuen mezua zen egoera okerrenetan ere nonbaiten argi bat egon behar duela, ezin dugula, beraz, ezer egin gabe egon eta etsi. Liburua zerbait bada esango nuke iradokitzailea dela eta bakoitzak  ere modura interpretatu dezakeela zer den protagonistek egin dutena. Interesgarria egiten zait hausnarketa hori sorraraztea eta batez ere erantzun argiak ez ematea. Azken batean, nik uste, aurrera egiten laguntzen digutenak zalantzak direla, ziurtasunak baino gehiago.

 

Forma berezia du liburuak atzekoz aurrera kontatuta, eta modu desberdinetan.

Ekintza gutxiko liburua da eta gaur egun ez daude oso modan hausnarketa sakonagoak planteatzen dituzten liburuak. Argi nuen nola edo hala irakurlearen arreta bereganatzeko zerbait beharrezkoa zela, horregatik aldatzen da atal batetik bestera kontatzeko modua. Beti esaten da dena kontatuta dagoela eta seguruena hala da; ez dakit, ordea, dena ote dagoen modu guztietara kontatuta eta hor ere ahalegin hori egin nahi izan dut behintzat.

 

Honen ostean baduzu beste lanik buruan?

Liburua idaztea prozesu nahiko gogorra izan da, kostatu zait. Pertsona obsesiboa naiz eta, beharbada, hau esatea asko esatea da baina niretzat liburuan jarrita dagoen hitz bakoitza dago pentsatuta, hitz bakoitza, ez da gutxi gora beherakoa... hitz bakoitza sufrimendu bat izan da niretzat. Liburua bukatu nuenean, eta, behingoz askatzeko, hainbat urte eta gero, beste gauza bat idazten hasi nintzen baina ikusiko dugu zertan geratzen den. Dena den, honen ostean ere, gai honekin jarraitzen dut kezkatuta, badoazen mundu ideia paradigma horiekin eta ez datozen horiekin, jakin gabe oso ondo nora goazen... horrekin jarraitu nahi dut.

 

Periferiako idazlea zarela diozu, baina nola eragiten du horrek lanean?

Nahi eta nahi ez erdigunea ez dago gugandik hurbil, eta nobela hau oso periferikoa da  ideologikoki, estetikoki eta etikoki. Eta zaila da periferia geografiko eta ideologikotik idaztea; antza, irakurleari gero eta xehetugoak eta mamituagoak kontatu behar zaizkio istorioak, ohera joan eta lokartu aurreko bost minutuetan irakurtzeko, gero eta istorio sinpleagoak, zer pentsatu emango ez dutenak, maitasun kontu txatxuak... orduan zaila da periferiatik idaztea. Idaztea bera ere lanbide zaila da gaur egun, gero eta gauza frikiagoa, erromantikoa, irakurle baino bideojokozale gehiago baitaude. Idaztea kostatzen da eta, are gehiago kontziente zarenean egiten ari zarela zerbait berezia edo ezohikoa, oihartzun gutxiago izango duena.

 

Egilea: Anakoz Amenabar, Arabako ALEA

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago