[M24] Gorka Urtaran, EAJ: “PP agintetik joateko gutxi geratzen da eta aldaketarako alternatiba bakarra EAJ da”

hirinet 2015ko mai. 14a, 02:00

Lasaitasun osoz eta ilusio handiz aurkezten da Gorka Urtaran, EAJko alkategaia, udal hauteskundeetara. Aldaketa "gertu" dagoela uste du Urtaranek eta aldaketa hori gauzatu ahal izateko "alternatiba bakarra" EAJ da, bere hitzetan, "gainontzeko alderdi guztiekin akordioak lortzeko gauza den alderdi bakarra EAJ delako".

 

 

 

Adina: 41

Lanbidea: Soziologoa

Jaioterria: Gasteiz

Politikan: 2007az geroztik

EAJ: Betidanik izan da nire alderdia, gure interesak eta eskubideak hobekien defendatzen dituen alderdia da

Aurrekontua: EAE osorako da aurrekontua, ez dugu lurraldeka bereiztu

 

 

 

 

Igarotako agintaldiaren balorazio txiki bat…

Gure hitza bete dugu lau urte hauetan. Kanpainan ez du balio soilik esatea zer egingo duzun baizik eta orain arte egindakoa ere azaldu behar da. Alde horretatik oso lasai nago, konfiantza osoz, esan genuena bete egin dugulako.

 

Udaletxean akordio garrantzitsuak bultzatu ditugu gasteiztar guztion onenerako. Horrela ulertzen dut nik politika. Politikak gure arazoak eta ditugun kezkei irtenbidea emateko balio  behar du. Nahiz eta oposizioa egon, gobernu lana egin dugu. Ekipamendu eta zerbitzu planari esker, adibidez, gizarte etxeak eraikitzea lortu dugu, Mariturriko haurreskola, bus zerbitzuak Larrein edota Arkaiatera, etab.

 

Zerbait geratu da egiteke?

Asko. Kontuan izan behar da oposizioko taldeen marjina oso txikia dela gauzak egiteko. Hala eta guztiz ere, uste dut oso ondo aprobetxatu ditugula izandako aukerak. Aurrekontuekin gauza bera, PPrekin adostu genituen ez hurbil sentitzen dugulako, baizik eta hiriarekin konpromiso bat dugulako.

 

Nola aurkezten da kanpaina honetan EAJ?

Esan dudanez, lasaitasunez etxerako lanak egin ditugulako. Ekintzekin erakutsi egin dugulako gure konpromisoa eta gure apustua Gasteiz hiriarekin eta gasteiztar guztiekin. Hor dugu adibidez hiriburutza-kanona.

 

Ilusioz hartzen dugu etapa berri hau. Aldaketa oso hurbil dago eta oso gutxi geratzen da PP Gasteizko zein Arabako agintetik ateratzeko eta aldaketa hori EAJren eskutik etorriko da. EAJ alternatiba bakarra delako.

 

Alkatetzat ikusten duzu zeure burua?

Bai. Gainera, errespetu osoz hartu behar dugu datorren 24an gasteiztarrek emango duten emaitza, ordura arte itxaron behar dugu eta zuhurtziaz jokatu.

 

Indar politiko bakarra da EAJ gauza dena gainontzeko alderdi politikoekin akordioak lortzeko. Gobernu sendoa eta plurala osatzeko ahalmen hori guk dugu eta ez beste inork.

 

Gobernatzeko guztiekin hitz egiteko prest, beraz?

Bai, prest gaude pertsona eta alderdi guztiekin hitz egiteko. Are gehiago, siglei baino garrantzi gehiago ematen diot proiektuei. Momentu honetan, hala ere, gure hiri proiektua oso urrun dago PPk aurkezten duen proiektutik, horregatik PPrekin dauden aukerak zerbait adosteko oso eskasak dira. Marotok politika ulertzeko duen modua eta nirea oso ezberdinak dira.

 

Hala ere, proiektu estrategikoak edota aurrekontuak aurrera aterako 14 zinegotzi behar dira gehiengoa osatzeko eta horretarako gobernu plurala eta sendoa behar dugu. Cuerda joan zenetik alderdi bakarreko gobernuak izan ditugu orain arte eta hori ez da komenigarria. Proiektu eta ideia andana zaborrera joan dira gehiengo bat ez delako lortu.

 

Alkatetza lortuz gero, martxan jarriko zenituzkeen lehenengo neurriak?

Asko izango lirateke. Ekonomia jardueraren zerga zuzentzea. EH Bilduk eta PPk %41a adostu zuten eta ez dauka ez hanka ez bururik. Bestetik, lankidetzaren partida berreskuratu beharko genuke. Ikusi behar dugu ere zelan dagoen udalaren ekonomia. Jakin badakigu zorrak daudela eta TUVISAk adibidez zerbitzua urte osoan emateko dirua behar du.

 

 

Krea, San Antonio kaleko bulegoak, Ihurreko ur biltegia…

Ikusi dugu zer nolako kudeaketa ekonomikoa egin duen PPk. Alokairuaren kasuarekin ikusi dugu ere nola xahutu zuten diru publikoa, Maroto tartean. Zergatik egin zuten? Zalantza asko daude. Hala ere, lortu egin dugu kontratu horren baldintzak hobetzea. Oposizioaren presioagatik lortu zen. Eta EAJren ekimenez Kontu Auzitegira eraman zen eta hor dago. Ikusi dugu Marotok ez duela nahi auzia bukaeraraino heltzea. Gasteiz gauza guztien gainetik duela esaten du Marotok askotan, baina ikusi dugu berak PPren interesak defendatzen dituela. Sinesgarritasuna galdu du, gezur asko esan dituelako.

 

EAJren ere, Araba mailan, De Miguel kasua dago…

Nik oraindik auzi hau harriduraz begiratzen dut. Bost urte joan dira eta oraindik ez da ezer argitu. Ezin dut ulertu zergatik eman behar den hainbeste denbora.

 

Marotok ez bezala, nik kasu hau bukaeraraino joatea nahi dut eta EAJk ere beti esan du egia osoa ezagutu behar dela eta zerbait gaizki egin bada ordain dezatela, kontrakoa bada, ea zelan berreskuratzen dugun pertsona horien duintasuna.

 

EAJren erantzuna ere nabarmenduko nuke. Egun berean, orduan diputatu nagusia zen Xabier Aguirrek gobernutik kendu zuen Alfredo De Miguel, kolaborazio osoa erakutsi zuen justiziarekin eta gardentasun osoa. Honelako erantzuna ez du eman beste alderdirik.

 

Honelakoak ez errepikatzeko, zer egin daiteke?

Gardentasunez eta zintzotasunez jokatu behar da. Kristalezko poltsikoak behar dira. Agintean dauden pertsonak nolakoak diren oso garrantzitsua da. Oinarrizko printzipio eta balore horiek izan behar ditugu barneratuta iruzurrarekin kontra borrokatzeko.

 

Azkenik, hizkuntza politiken arloan, zer neurri hartu ditu EAJk?

Gasteiz EAEko hiriburua da eta ezin da kanonera mugatu aldarrikapen hori. Euskara eta kulturaren hiria ere izan behar da. Euskarak bere tokia behar du Gasteizen eta politikariok gure egunerokotasunean ere erabili behar dugu.

 

Erronkarik handiena erabilerarena da. Alde horretatik, adibidez, Gasteiz Antzokiaren proiektua oso interesgarria da. Azken urtean gertatu dena, aldiz ez da positiboa izan. Denok agertu ginen proiektu honen alde eta azkenean PPk eta EH Bilduk aho batez erabaki zuten haien artean aurrera eramatea. Galdu egin dugu guztiona den proiektua garatzeko aukera eta oraindik hankamotz dago. Gasteiz Antzokia egin dena baino askoz gehiago da. Ikusi beharko da ere zein izango den kokapena. Kokapen on bat behar du euskarak merezi duen protagonismoa izateko.

 

 

Egilea: Zuriñe Etxeberria

 

 

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago