Txagorritxun bazegoen auzo elkarte bat. Zer dela eta sortu duzue beste bat?
A.A.: Auzoak mugimendua behar zuen. Gazte talde bat bildu, eta elkarte berri bat abiatu genuen. Aurretik, bazeuden bi elkarte, baina ez ginen ordezkatuak sentitzen. Noski, horiekin harremanetan jarri gara, baina haiek bere proiektua dute eta guk gurea, eta guk ez dugu haien lana zapaldu nahi, baizik eta auzoa berpizteko lan egin.
Askotan entzun ohi da auzo zaharretan edadetuak baino ez daudela, baina Txagorritxun
badago mugimendu gaztea...
J.A.R.: Bai, Trikuharri gazte asanblada dugu eta, horrez gain, Txagoko jaiak antolatzen dituen gazte batzordea, auzoko jai zaharrak desagertzerakoan jaio zena. Aurten, Etxegorri elkartetik jai horietan parte hartuko dugu ere.
A.A: Ekainaren 8tik 13ra izango dira.
Zuen lehenengo lau hilabete hauetan, zer kezka adierazi dizkizuete auzokideek?
A.A.: Batetik, ohiko arazoak: aparkalekuak falta direla, postontziren bat falta dela... Bestalde, orokorrean ikusi dugu jendeak proiektuan interesa duela.
Zertan ari zarete elkartean?
A.A.: Gazteen lonjekin eta komertzioekin lanean gabiltza, elkarbizitza hobetzeko.
Gatazka al dago?
A.A.: Egunkaria hartzen dudanean hori irakurtzen dut, baina bizilagun bezala ikusten dut ez dela hainbesterako. Arazoak puntualak dira.
Zer planteatzen duzue zuek?
A.A.: Lonjetako kideek dokumentu sinboliko bat sinatu dezaten, zaratarik eta zikinkeriarik ez sortzeko konpromisoa hartzeko.
J.A.R.: Ideia ona iruditu zitzaien lonja guztiei. Horrekin lotuta, auzokideekin, komertzioekin eta
elkarte gastronomikoekin bilera bateratua egin berri dugu, eta proposamenak jaso ondoren, hiru ardatzen gainean lan egingo dugu: lehenengoa, lonjek betebehar batzuk betetzea; bigarrena,
lonjetakoak ez diren gazteek botelloia egiterakoan eragiten duten zikinkeria eta zaratari aurre
egitea; eta, hirugarrena, lonjen inguruko araudi bat izatea. Oro har, auzokide gehienok uste dugu gazteen lonjak aberasgarriak direla, baina araudi bat behar dugu, zuloak ez bihurtzeko.
Marotok esan du Zabalganakoa izango dela azken gizarte etxea, baina zuek ere bat nahi duzue...
A.A.: Guk ez dugu eraikin berri handi bat eskatzen,baizik eta auzoarentzat topagune bat, bilerak egin ahal izateko, gazteok ikasteko, edozer jarduera antolatzeko gelak edukitzeko...
San Andres kiroldegia dugu, baina kirola egiteko bakarrik; lehen Europa gizarte etxea genuen, baina kongresu jauregi bihurtu zenetik, auzoarentzat elkargunerik gabe geratu gara. Elkarte moduan, adibidez, datorren urtera arte ezin dugu Udalean lokalik eskatu, eta tabernetan edo parkeetan egiten ditugu bilerak.
Komertzio gutxi geratzen da auzo hauetan, ez da?
J.A.R.: Bai, eta horri aurre egitea da gure helburu nagusietako bat. Udalaren azken inkestaren arabera, auzo guztietan ari dira komertzio berriak irekitzen, Gazalbiden eta Txagorritxun izan
ezik. Hauek dira merkataritza txikia galtzen ari diren auzo bakarrak, nahiz eta azken asteetan bi komertzio berriek ateak ireki dituzten.
Horren aurrean, zer?
J.A.R.: Etxegorritik, kanpaina bat abiatzen ari gara. Komertzio guztietatik pasa gara, ia 120, eta proposatu diegu kartel moduko bat jartzea, "Txagorritxun bizi, Txagorritxun erosi", edo Gazalbiden bizi, Gazalbiden erosi" lelopean. Laster hasiko da kanpaina. Txosten bat ere prestatu dugu. Nahiko genuke proiektua ez izatea bakarrik auzo elkartearena, baizik eta komertzioena. Esaterako, baldin badaude hiru taberna pintxo-potea egin nahi dutenak baina antolatu ez direnak, guk bitartekari lanak egingo ditugu.
Kartelez gain, beste tresnaren bat baliatuko duzue?
J.A.R.: Bai, auzo elkarteko webgunean atal berria estreinatuko dugu, auzoko denden eskaintzak ezagutzera emateko. Fruta-denda batek mandarina eskaintza berezia baldin badu, bertan ezagutaraziko dugu.
Egilea: Itsaso Estarrona, Arabako ALEA