[M24] Vicente Barrero, Aulki Zuriak: “Bozka zuria ordezkatua egon dadin aurkezten gara”

hirinet 2015ko mai. 16a, 02:00

Lehen aldiz aurkeztuko da Aulki Zuriak taldea udal hauteskundeetara. Vicente Barrero zerrendako bigarrena da. Zerrendaren ordenak garrantzirik ez du kasu honetan, izan ere, eserlekua lortzekotan ez dute hartuko. Hutsik geratuko litzateke.

Hitz gutxitan:

 

Adina:68

Jaioterria: Villaverde bailara, Kantabria. Egun, Bilbon bizi da

Politikan: 3 urte

Aulki Zuriak: Jendarteari zerbitzu bat eman nahi zion talde bat zegoela entzun nuen, politikatik bizi nahi ez zuena

Aurrekontua: 150 euro, kartelak eta esku-paperetan

 

 

Zer da Aulki Zuriak eta zergatik aurkezten da Gasteizen?

Lehen aldia da aurkezten garela. Aurreko hauteskundeetan abstentzio eta bozka zurien kopurua oso altua izan zelako aurkezten gara. Bozka zuri asko egon ziren, baina ez zuten inongo efikaziarik lortu. Horregatik, pentsatu genuen komeni zitzaigula.

 

Nola antolatzen da Aulki Zuriak?

Asanblean funtzionatzen dugu. Alderdiaren bi oinarriak batzorde iraunkorra eta asanblea nazionala dira. Asanblea organu gorena dugu, edozein erabaki bertatik pasa behar da, onartua izateko. Urtean behin edo bitan elkartzen gara. Halaber, erkidego bakoitzean ere batzordeak eratu ditugu.

 

Hauteskunde programan puntu bakarra: aulkia hutsik uztea…

Desadostasuna erakusteko modu demokratiko bakarra da. Egungo sistema politikoarekin ez gaude ados, izan ere, momentu honetan dauden alderdiekin bat egiten ez dutenak kontuan ez ditu hartzen. Horregatik, ordezkapen hori existitzea da gure helburua.

 

Ordezkatuta dagoen bozka zuria sartu nahi dugu hauteskunde legean. Gaur egun, bozka zuriak ordezkapen gehien duten alderdiei egiten die mesede. Bozka zuria desadostasuna adierazteko modua  balitz saldu zaigu, baina ez dauka inongo eraginik. Zentzu horretan, behar duen eragina izan dezan egiten dugu lan.

 

Aulkia hutsik badago, ordea, ezin da oposiziorik egin, ezta?

Modu pasiboan. Aulkia hutsik egoteak abisua izan nahi du. Politikariei abisua eman nahi die, alegia. Jakin badakigu, gehiengoak lortzeko bozka kopuru minimoa behar dela.

 

Lortzekotan zer nolako eragina izango luke aulki huts batek Udaletxean?

Zehazki ez dakigu. Baina bat baino gehiago lortzekotan erabakiak hartzerako momentuan eragina izango luke, ziur. Gero beste kontu bat da araudia aldatzea eta, kasu horretan, ezingo genuke ezer egin.

Katalunian, adibidez, bi udalerritan lortu dute aulki hutsak egotea. Pentsa gurean lortzen dugula, sekulako oihartzuna izango luke!

 

Aulki hori ez duzula okupatu behar jakinda, ez da arraroa zerrenda batean aurkeztea?

Jendartean zerbait aportatzen ari zara eta sentsazio horrekin geratzen naiz. Ahotsik ez dutenei hitza ematea da xedea eta ikus dezatela gauzak egiteko beste modu bat dagoela.

 

Hauteskundeei begira, nola ikusten duzue zuen burua?

Badakigu zaila dela eta soilik presente egotea guretzako lorpen handia da.

 

Egilea: Zuriñe Etxeberria

 

*Elkarrizketa gazteleraz egin da

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago