[M24] Esker ona eman die EH Bilduk Gasteizera bizitzera etorritako guztiei

hirinet 2015ko mai. 13a, 02:00

Hiriko jendartean egindako ekarpenagatik omendu ditu gaur arratsaldean EH Bilduk Euskal Herritik kanpo Gasteizera etorri diren lagun guztiak. Plaza Berrian izandako ekitaldian Miren Larrion alkategaiak eta Hasier Arraiz EH Bilduko bozeramaileak hartu dute hitza.

Juan Ibarrondoren olerki batek eman dio hasiera ekitaldiari. «Etengabe mugitzen eta eraldatzen» ari den hiriburuaren inguruan egin du gogoeta Ibarrondok. La Pulguita dantzari gasteiztarraren takoi hotsekin hartu du erritmoa ekitaldiak. Euskal Herritik kanpo etorri diren lagun guztiei zuzeneko flamenko pusketa bat eskaini die dantzariak.

 

Segidan, Miren Larrion alkategaiak hitza hartu du: «Gasteizek hizkuntza askotan hitz egiten duen hiria da eta kontakizun anitz horietatik eraiki nahi dugu». «Militar eta apaizen» hiria izatetik «Gora Gasteiz» izatera jauzi egin beharra dago; horretarako, «ezberdinen arteko zubiak eraikitzeko» unea iritsi dela azpimarratu du Larrionek. «Gasteiz berriak guztion hiria behar du izan», gehitu du.
 

Azken urte honetan, Javier Maroto alkateak botatako «mezu baztertzaileak alboratzeko» momentua dela gaineratu du Larrionek eta «aniztasunetik eraikitako proiektua garatzeko indarrak batzera» animatu ditu gasteiztarrak EH Bilduko alkategaiak.
 

Hasier Arraizek, EH Bilduko bozeramaileak, berriki atxilotutako Gasteizko gazteak ekarri ditu gogora hitza hartu baino lehenago; eta, ildo beretik, gaur bertan Espainiako Barne Ministroak Guardia Zibilaren gainean Sansomendiko kuartelean egindako adierazpenak gaitzetsi ditu: «inposatzeko dagoen Guardia Zibilari agur esaten diogu».

 

Alta, «ongietorria» eman die hirira «etorkizun hobeago» baten bila zein lanera edota bizitzera etorri diren lagun guztiei. EH Bildu herritar guztiak aniztasunean integratzeko lanean ari dela esan du Arraizek. Integrazioak bi zutabe dituela gaineratu du: «euskara eta eskubide sozialak». «Jaioterria jaioterri, euskarak euskaldun egiten gaitu eta, bestetik, eskubideek herritar egiten gaituzte eta guk herritarren Euskal Herria nahi dugu», gehitu du.
 

Aniztasunean integratzeko EH Bilduk lehen indar politikoa izan nahi duela nabarmendu du Arraizek, «Maroto eta bere politika xenofoboak alkatetzatik bidaltzeko biderik seguruena delako».

 

Argazkia: Raul Bogajo (ARGAZKI PRESS)

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago