'Brotxaren Brigada' Gasteizko Ibilbide Muralistikoaren barruan kokatzen den programa da eta 2009az geroztik lana eman die 16 eta 20 urte bitarteko hainbat gazteri. Aldiz, PPren udal taldeak jakinarazi die aurten ez dutela diru-laguntzarik jasoko gazteak kontratatzeko.
"Kultura eta Gazteria alorrean egindako beste murrizketa bat gehiago" dela salatu du EAJko zinegotzia den Nerea Megolsak eta gogora ekarri du Gauekoak eta Goian programekin, besteak beste, gauza bera egin duela Marotok.
Gainera, "programaren edizio berria hasi baino bi hilabete lehenago kendu diete diru-laguntza eta beraz, erakundeak ezin du beste finantzaketa-iturririk bilatu eta ezingo du brigadarik izan uda honetarako aurreikusitako muralean", gehitu du zinegotzi jeltzaleak.
Argazkia: pnvgasteiz.eus