[IRITZIA] Martxa laranja

Euskararen Agenda 2015ko mai. 13a, 02:00

2010ean Euskal Herri osoko 28 gazte atxilotu, inkomunikatu, torturatu eta espetxeratu zituzten. SEGI gazte antolakundearen kide izatea zen haien ustezko delitu larria. 2014an Espainiako Auzitegi Nazionalak epaitu zituen. Asteazkenean gazteetariko zazpi, Marina, Bergoi, Xabat, Ibon, Igarki, Aiala eta Ainhoa, 6 urteko espetxe zigorrera kondenatuak izan zirela jakin genuen.

Ertzaintzaren bidez jakin ere, Auzitegi Nazionalari horrela eskatuta, auzitegiak poliziari jakinarazi baitzion epaia gazteei baino lehenago. Gazteak atxilotu eta espetxera eramanez, herritarrok elkartasuna antolatzea ekidin nahi zuen horrela. Aialak, Igarkik eta Ibonek halere operazio poliziala saihestu eta ezkutatzea lortu zuten.

 

Aurretik beste hamarnaka lagun bezala, gazte hauek ere “dena ETA da” teoriapean dira zigortuak. Egun hauetan Iruñerriako hainbat gazte epaitzen dituzte Audientzia Nazionalean akusazio berdintsuekin eta ehundaka dira oraindik dira epaiketaren zain aurkitzen direnak. Aurretik beste hamarnaka lagun bezala terrorista izendatu ditu legeak, eta horren frogatzat torturapean egindako adierazpenak eta etxeen miaketetan aurkitutako kamisetak, zapiak, pegatinak, eztabaida testuak, lagunen gutunak eta tankerako arma arriskutsuak eman ditu ontzat. Tamalez, ez da broma. Epaia irakurtzera gonbidatzen dugu sinesgaitz oro.

 

Berriz min hau. Berriz negar egiteko gogoa, eta haginka egitekoa. Jada espetxeratu dituztenak zein ezkutuan mantentzea lortu duten hirurak besarkatu eta babestekoa.

 

Berriz oinarrizko eskubide zibil eta politikoen defentsan aritu beharra. Salbuespen politiken, epaitegien, legediaren eta polizia-jardunen behin betiko amaiera exijitzera. Minaren eta injustiziaren gurpila ez da geldituko bestela.

 

Berriz arrazoiak eta emozioak antolatzera, elkartasun eta konpromiso bilakatzeko.

 

Elkartasunerako eta konpromisorako zita garrantzitsua dugu igande honetan hain zuzen ere. Maiatzaren 17an, Martxa Laranja: “Gu zuek gara, zuek gu zarete”.

 

Martxa Laranja, bidegabekeria hauen aurka dagoen pertsona ahalik eta gehien biltzeko gunea. Asteazkeneko operazioaren eta salbuespen politiken aurka dauden herritar guztiak gonbidatzen ditugu martxa koloretsura, gure oinarrizko eskubideak eta lege injustuen pean zigortutako herritarrak babestu behar ditugula uste duten guztiak. Une gogor hauetan ere alaitasuna, irudimena eta erabakitasuna agertu nahi dituen deialdia.

 

“Gu zuek gara”. Eskubide zibil eta politikoak praktikatzeagatik kondenatu zaituzten heinean zuen ustezko delitua gure egiten dugulako. Zuek kondenatuak izan bazaitezkete, gutako edozein izan zitekeelako kondenatua. “Zuek gu zarete”. Euskal herritar xumeak, gu bezala. Beraien auzo eta herrietan bizitza egin eta bizi duten errealitateaz arduratzen diren pertsonak.

 

Ideia hori irudi ikusgarri bilakatu nahi dugu Martxa Laranjaren bitartez. Horregatik, Loiolan erabilitako “Elkartasun Mozorroa” jantzita etortzeko deia luzatzen dugu. Mozorro laranjaz jantzitako milaka pertsonako mobilizazioa behar dugu igandean. Ez al da argazki ederra?

 

Hasi gaitezen, beraz, mozorroak prestatzen herri eta auzoetan. Jantzi kamiseta eta ileordea, jarri paparrean haiek gu direla eta gu haiek garela dioen Nortasun Agiri Kolektiboa. Egin ditzagun maskarak, pintatu aurpegia laranjaz, eta “tuneatu” ditzagun nork bere gustura. Eredu guztiak eskuragarri dituzue askegunea.com webgunean.

 

Gaurdanik eta igandera bitartean antolatu ditzagun herriz herri mozorroa prestatzeko tailer irekiak, informatu ditzagun gure auzokideak bidegabekeria honetaz, jendarteratu dezagun hitzordu laranja.

 

Maiatzaren 17ko Martxa Laranjarekin alaitasunez, kolorez eta irudimenez bete behar ditugu Gasteizko kaleak. Erasotzaileei hortzak erakusteko; elkartasuna desagerrarazi nahi dutenei mingaina ateratzeko; maite ditugunak musuka itotzeko. Gu zuek garelako, zuek gu zaretelako. Guztion eskubideak eta Aiala, Ainhoa, Marina, Bergoi, Ibon, Igarki eta Xabat babesteko.

 

 

Sinatzaileak:
Maider Caminos (Iruñerriko Harresia)
Alfredo Zaldibar (Aialaren aita)
Txerra Bolinaga (Eleak)
Miren Larrañaga (Gasteizko Harresia)

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago