Fracking Ez mugimenduak proposatutako hainbat punturi babesa emateko agerraldia egin du EH Bilduk. Gainera, «harago joateko nahia» ere adierazi dute hautagaiek, «sasi irtenbiderik» ez baitute onartuko.
Zentzu horretan, Miren Larrion alkategaiak adierazi duenez, «maiatzaren 24ko hauteskundeek frackingaren aurka dagoen gehiengo bat biltzeko balio behar dute eta EH Bildu horren bermea izango da». «Fracking Ez mugimenduak konpromiso batzuk eskatu dizkigu -jarraitu du Larrionek- eta gureak egiten ditugu, zalantzarik gabe, baina harago joan nahi dugu eta frackingaren aurkako jarrera aktiboa garatu». Alkategaiaren ustetan, «politikoki nahi izanez gero, debekatzeko aukera dago».
Ildo honetatik jarraituz, Kike Fernandez de Pinedok, Aldundirako zerrendaburuak, egin daitekeen lanaren inguruko dekalogoa aurkeztu du. Besteren artean, «Frackingak Araban izan ditzakeen ondorio guztiak aztertzeko sailen arteko batzorde bat eratzea, instituzio guztiekin harremanetan jarri eta haustura hidraulikoari lotuta sustatu diren baimen guztiak bertan behera uzteko edota Frackinaren benetako ondorioen informazioa herritarren artean zabaltzeko eta eztabaida sustatzeko bitarteko guztiak martxan jartzea»izan dira Fernandez de Pinedok aipatutako batzuk.
Argazkia: Juanan Ruiz (ARGAZKI PRESS)