[M24] Esther Saez de Argandoña, Gastoria: “Podemos beranduago etorri zen”

hirinet 2015ko mai. 12a, 02:00

Ikuneren aterkiaren babesarekin, Gastoriak hiritarren plataforma independiente “bakarra” moduan aurkezten du bere burua. Esther Saez de Argandoña alkategaia indarrarekin dator eta “Gasteizek bere moduko alkatesa bat behar duela” uste du.

Hitz gutxitan:

Adina: 50
Lanbidea: Enpresari autonomoa
Jaioterria: Gasteiz
Politikan: 10 hilabete inguru
Gastoria: Hiriarentzat aukera posible bakarra delako
Aurrekontua: 10.000 euro, gutxi gora-behera

 

 

Hauteskunde hauetako berrikuntzen artean dugu Gastoria, zer da?

Hiritarren plataforma independiente bakarra da Gastoria. Ehun sozialetatik eta mugimendu asoziatiboetatik jaiotako aukera, hain zuzen ere.

 

Ezker, eskuin edo zentroko politikak?

Askotan egiten diguten galdera da. Gu independienteak gara, ez gorriak, urdinak ezta zuriak ere. Glokalizazioa, giza eskubideak, guztien ongizatea eta hiritarren parte-hartzea dira gure oinarriak.

 

Ongizatearen ekonomiaren alde egiten duzue. Zehazki, zer da?

Jendarte jasangarri bat egitea da, hain zuzen. Pena bat da aberastasuna esku gutxitan egotea eta gutxiren artean banatzea, gainontzekoek behar hori daukatenean. Hobeto banatutako ekonomia bat nahi dugu eta eskubide sozialak bermatzea.

 

Kultura politiko berri bat behar dela diozue…

Hiri-paktu bat egin nahi dugu. Hiritarrek esatea zer nahi duten eta nolakoa den beren ametsetako hiriburua. Ohituta gaude hiriburu baten zoriontasuna irizpide ekonomikoekin neurtzera, baina beste motatako galderak egin beharko genituzke. Adibidez, zer ematen dizu bizi zaren hiri horrek?

Horretarako, ezinbestekoa da hiritarrak entzutea. Ez dugu zertan eraikin erraldoiak egin behar, baizik eta hiritarrek behar duten eta eskatzen duten hori.

 

Podemos edo Irabaziren filosofiarekin bat egiten du honek…

Bai. Finean, Gastoria Ikuneren aterkiaren babesa dauka. Hau da gure filosofía eta Podemosek, beranduago etorri zela, balore berdinak ditu.

 

Orduan, zergatik ez zarete elkarrekin aurkeztu?

Hainbat bilera egin genuen konbergentzia moduan joateko, guztiok bilatzen baikenuen hiriaren ongizatea. Baina ez ginen akordio batera heldu. Marra gorri batzuk izan ziren tartean. Gure aldetik dena jarri genuen eta espero dut etorkizun batean adostasun batera heldu ahal izatea.

 

Zeintzuk izan dira marra gorriak?

Nire ikuspuntutik, hiriaren ongizateari begiratu beharrean batzuek beren alderdia gailendu nahi zuten.

 

Gaia aldatuz, zer behar du Gasteizek?

Green Capital edota hiriburu gastronomikoaren ostean, uste dut ideiarik gabe geratu garela. Gastoriak hainbat plan dauka buruan. Epe motzera, ertainera eta luzera. Epe motzera, dudarik gabe, langabezi tasa murriztu beharra dago.

Bestetik, energiaren hiriburua izan gintezkeela pentsatzen dugu. Energia boterea da eta onartezina da txirotasun energetikoa egotea. Geotermian aberatsak gara, buruaren gainean daukagu dena: eguzkia, itsasoa, haizea… eta horren alde egin behar dugu. Eta, argi gera dadila, Fracking ez.

 

Haustekunde programaren inguruan…

Ez daukagu ohiko programa bat. Pauta batzuk ditugu, baina ostean hiritarrek eskatzen digutenarekin lan egingo dugu.

 

Hizkuntza politikak?

Zalantzarik gabe, euskara kultura da. Tolerantziarekin eta inposiziorik gabe. Bereizketarik ez da egin behar, ez positiboa ezta negatiboa ere. Hizkuntza bi ditugu eta zorionez biekin moldatu gaitezke.

 

Beti ez da posible izaten biekin moldatzea…

Erakunde ofizialetan biak bermatu behar dira. Baina enpresa pribatuan, adibidez, ezin duzu inor behartu, dualtasun linguistikoak kostea daukalako.

 

Nola ikusten duzu zure burua maiatzaren 24ra begira?

Ilusio handiarekin eta indar askorekin. Alkatetzara aurkezten naiz eta lortu nahi dut. Gasteizek ni bezalako alkatesa bat behar du.

 

 

Egilea: Zuriñe Etxeberria

 

*Elkarrizketa gazteleraz egin da

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago