Foronda eta Miñaoko parke teknologikoko jarduera indartu eta dinamizatzeko proposamena aurkeztu du gaur goizean EH Bilduk, herrialderako estrategikoa izan daitekeen sektore aeronautikoa oinarri, formazioa eta jarduera ekonomikoa barnebiltzen duena.
Batetik, hegazkin txikien mantenuan formazio eta praktika zentro bat; eta, bestetik, Tripulatu Gabeko Aireontzi edo dronen garapen, hegaldi praktika eta erabilera egokirako formazio zentro bat. Azaldu dutenez, biak Forondan eta Epsilon eraikinean dauden bitartekoekin egin daitezke, «azpiegitura berririk gabe, inbertsio urriarekin eta epe motzean».
Zentzu honetan, dronen garapen, hegaldi praktika eta erabilera egokirako formazio zentroa aitzindaria litzatekeela adierazi dute. «Etorkizuneko sektorea da hau eta egun, instituzio publikoek ez dute tankera honetako proiekturik bultzatu». Halaber, Araban badira arlo honetan diharduten zenbait enpresak, horregatik EH Bilduren ustez, «instituzioetatik bultzatu beharreko sektorea da beti ere erabilera zibil eta giza eskubideak bermatzen duten erabilerara mugatuz».