[M24] Urtaran: “AHTa ezinbestekoa da Jundizeko Logistika Zentro Multimodala martxan jartzeko”

hirinet 2015ko mai. 10a, 02:00

Forondako aireportu inguruan egindako ekitaldi batean EAJko alkategaiak “Jundizeko industriari laguntzeko Logistika Zentro Multimodala martxan jartzeko lan egiteko konpromiso irmoa” hartu du. Horretarako, AHT abian jartzea “ezinbestekoa” dela nabarmendu du Gorka Urtaranek.

Arabako Ahaldun Nagusirako eta Gasteizko alkatetzarako EAJren hautagai Ramiro Gonzálezek eta Gorka Urtaranek, atzo goizean, Forondako aireportuko zamaketa esparruan egindako ekitaldian azaldu zuten EAJk Arabako industria bultzatzeko egiten duten planteamendua. Biek azaldu zutenez “Arasur-Jundiz-Foronda ardatzak eta Jundizen Industriari laguntzeko Logistika Zentro Multimodala martxan jartzeko egitasmoak enpleguari eusten eta berriak sortzen lagunduko du”.

 

Zentro multimodalak herrialdeko produktuak Europako merkatuetan saltzeko balio duela adierazi du Urtaranek, batez ere iparraldeko eta erdialdeko merkatuetan. Europa iparraldeko atlantikoko trenbide korridorearen, errepide sarearen eta Forondaren bidez. “Horretarako ezinbestekoa da albait arinen ATH abian jartzea, bidaiariak eta merkantziak tren bidez garraiatzeko”, esan zuen alkategaiak.

 

Era berean, Forondako aireportuarekiko duen konpromisoa berretsi egin zuen: “Madrilen eskatuko dugu Forondako 24 orduko zerbitzua martxan jartzea eta Estatuko iparraldeko zamaketa aireportua bihurtzea”.

 

Argazkia: pnvgasteiz.eus

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago