[M24] Cuerdaren eredua bultzatzearen alde agertu da Urtaran

hirinet 2015ko mai. 8a, 02:00

EAJko Gorka Urtaranek José Ángel Cuerdak garatutako hiri-eredua bultzatzen jarraitzeko konpromisoa hartu du. “Hiri-eredu hori garai eta beharrizan berrietara egokitzen badugu, guztiz baliozkoa izango da. Izan ere, pertsonak jartzen ditu jarduera politikoaren erdigunean”, adierazi zuen Urtaranek Cuerda ondoan zuela. Cuerdak gogo beroz eman dio babes osoa Gorka Urtarani, “hiria zuzentzeko guztiz prestatuta dagoelako, bere dedikazio eta sentsibilitateagatik”.


Atzo goizean Salburun izan ziren biak. “Auzo honek eta Zabalganak azken urteotan hirian nagusitu den hirigintzaren alde ona eta txarra erakusten dute. Alde positiboari dagokionez, azpimarratu beharra dago auzo hauek gazteriarentzako irisgarriak diren etxebizitzen eskasiaren arazoa konpontzeko balio izan dutela. Baina alde negatiboari dagokionez, hiriaren mugak kontrolik gabe hedatzea eragin dute", azaldu du alkategaiak.


Urtararen ustetan, “Cuerda izan zen hiri-eredu moderno eta garai hartarako aurreratuaren aitzindaria. Hark Gasteiz zeukan buruan. Nazioartean ezaguna den Gasteiz berdearen aldezkaria izan zen eta lehentasuna eman zien ingurumenarekiko errespetuari, espazio publikoaren kalitateari eta herritar guztien ongizateari, interes ekonomikoen gainetik”.



Bestalde, José Ángel Cuerdak botoa berari eman zioten milaka gasteiztarrei zuzendu zitzaien, eta “gobernu taldeak, oposizioak eta herritarrek bost legegintzalditan zehar hiria aurrera ateratzeko erakutsitako jarrerari berriro heldu nahi izanez gero, botoa Gorka Urtarani emateko” eskatu zuen.

 

Argazkia: Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago