[M24] Oscar Fernandez, Irabazi: “Instituzioetan sartu nahi dugu eta eraldaketa soziala bultzatu”

hirinet 2015ko mai. 9a, 02:00

Oscar Fernandez Irabazi Gasteizeko zerrendako lehena da. Equok eta Ezker Anitzak osatzen duten koalizioaren helburua eraldaketa soziala bultzatea da eta horretarako, noski, instituzioetan egon nahi dute.

Hitz gutxitan:

 

Adina: 34

Lanbidea: Kazetaria

Jaioterria: Gasteiz

Politikan: 3 urte

Irabazi zergatik? M15 mugimenduarekin batera Equo ezagutu nuen eta ideologia aldetik hurbil sentitu nuen. Eta Irabazin, bada, Ezker Anitzarekin batera joatea erabaki zelako.

Kanpainarako aurrekontua: Araban, 5.000 euro, gutxi gora-behera.

 

 

 

 

Berritasunen artean dugu Irabazi. 2011ko hauteskundeetan Berdeak eta Ezker Anitzak zerrenda propioak aurkeztu zituzten, orain Equo gehitu da. Nola aurkezten du bere burua Irabazik?

Indarrak batzearen alde egin dugu hasieratik, izan ere, egungo jendartearen zati handi batek hori ari da eskatzen. Ezkertiarrak diren alderdiak batzea nahi du jende askok. Pena da gehiago ez izatea....

 

Podemos duzu buruan?

Bai. Podemos alderdiko barne egiturak, demokratikoki, haien kabuz joatea erabaki zuen. Etorkizunean elkarrizketak berreskuratzea espero dugu.

 

Zerk bereizten du Irabazi?

Irabazi ez da ezkutatzen. Ezkertiarrak gara eta ekologia politikoa zein feminismoa defendatzen dugu. Ez gara marka zurien atzean ezkutatzen. Equo eta Ezker Anitzeko lagunek osatzen dugu Irabazi baita proiektuak erakarrita gugana heldu diren pertsonak ere.

 

Zer du Gasteizek irabazteko?

Galdu diren eskubideak berreskuratu behar ditu Gasteizek eta udaletik asko egin daiteke. Lana lehentasuna da guretzako. Lan merkatuan sartu behar dira berriro langabezian dauden pertsonak, batez ere gazteak eta emakumeak, haiek izan baitira kaltetuenak.

 

Eta nola egiten da hori?

Lan berdearen bitartez, adibidez. Lan berdea diogunean eraikinak eraberritzeaz, kimika berdeaz edota nekazaritza ekologikoaz mintzo gara. Hauteskunde autonomikoetarako kalkulua egin genuen eta lan berdea sustatuz gero, 8.000 eta 9.000 lanpostu artean sor zitekeen. Bakarrik lan berdearekin.

 

Modu berean, oinarrizko zerbitzuak publikoak izatea nahi dugu. Udalak kudeatu behar ditu. Kalitatezkoak behar dute izan eta, gainera, langileen baldintzak duinak izan behar dira.

 

 

Orduan, irabazteke baino, berreskuratzeke...

Bai. Halaber, demokrazia eta elkartasuna bezalako balioak berreskuratu behar dira. Jendarte anitzaren alde egiten dugu.

 

Gardentasuna eta herritarren parte hartzea ere bilatzen dugu. Hitz hauekin aho betetzen zaigu, baina momentu honetan ez dago horrelakorik. Adibidez, ezin dugu erabaki nora doazen gure zergak. Herritarren parte hartzea sustatzeko plana egon badago, baina horri buelta bat eman beharko zitzaion.

 

 

Ustelkeriaren aurrean tolerantziarik ez, horrela dago jasota programan. Nola pasa teoriatik praktikara?

Irabazin gaudenok kode etiko bat sinatu dugu; bertan, besteren artean, gure soldata ezin dela gutxieneko soldata baino hiru aldiz handiagoa izan adostu dugu eta agintaldiak gehienez bi izango dira. Politika ez da ogibidea, zerbitzu publiko bat baino.

 

Modu berean, gardentasuna osoa izan behar da. Norberaren ondarea argitara atera beharra dago, edonork kontsultatzeko aukera izan dezan. Jakin behar dugu dirua zertan gastatzen den eta aurrekontuetan ageri dena benetan betetzen ari den ikusi.

 

Kode etiko hori nahikoa litzateke San Antonioko bulegoen, Krearen edota Yurreko ur biltegiaren kasuak ekiditeko? edo beste ezer behar da?

Kontrol gehiago behar da eta gardentasunarekin konpondu behar dira horrelakoak. Honelako kasuak berriro eman daitezen lan egin beharra dago eta horretarako, ahal den guztia publikoa izan behar da.

 

Kanpainako blogean diozu politiko gutxiago eta 'polietiko' gehiago behar dela...

Jaso nuen proposamen bat izan zen hori eta asko gustatu zitzaidan. Etika galdu egin da. Azken urtetan politika ofizio bihurtu da errealitatetik oso urrun dauden soldatekin. Ustelkeria ere ikusi izan dugu. Honenbestez, klase politikoa herritarrengandik asko urrundu da.

 

Noizbait hurbil egon al da?

Ni gaztea naiz, baina komentatu didatenez, trantsizio garaian -luze hitz egin genezake ere trantsizioaren inguruan- jendeak ilusioa zeukan, batez ere erbestetik etorritakoak. Ezin da orokortu, alderdi batzuk herritarrengatik nahiko gertu egon direlako beti; hala ere, demokraziaren ardatza izan behar dira pertsonak.

 

Bestetik, Marotoren kudeaketaren inguruan?

Txarra izan dela uste dut. Jendartearen arteko bereizketa besterik ez du lortu . Bizikleta erabiltzaileen eta ez-erabiltzaileen artean, txakurrak dituztenen eta ez-dituztenen artean... eta zer esanik ez diru laguntzen harira. Bozkak lortze aldera kolektibo jakin baten aurka egin du.

 

'Laguntza justuen' inguruan, orduan?

Honelako ekimenek ez dute integrazioan laguntzen ezta jendarte hobeago bat bilatzen, kutsu xenofoboa izan dute entzundako hitzek. Diru-laguntzak jasotzeko baldintzak gogortzea akatsa dela uste dut, ez du ezer konpontzen. Prozedura agian hobeagoa izan daiteke noski, gauza guztietan bezala. Baina inor markatu gabe, nahikoa gogorra baita laguntza hauek jaso behar izatea.

 

Bestetik, orain gutxi De Andresek “morralla” hitza erabili zuen euskaldunen inguruan aritzeko. Zu adibidez ikasten ari zara, nola hartu zenituen hitzok?

Euskara gure ondare eta kultura da. Ezin dugu esan batzuek soilik erabiltzen duten hizkuntza dela. Jende askok hitz egiten du eta gaizki dago esatea gure bizilagunak hona datozela “lanpostu publikoak lapurtzera”. Berriro ere lapurtzen ari diguten diskurtsoa erabiltzen dute, eta beste behin, inolako daturik eman gabe.

 

Euskara sustatu behar da, mekanismoak jarri behar dira y ikaste-prozesuan dauden lagunei bidea erraztu behar zaie. Inposiziorik gabe..

 

Euskaraz bizi daiteke Gasteizen?

Egun, zaila da.

 

Maiatzaren 24ra begira, nola ikusten duzu zure burua?

Ezberdinak garela eta eraldaketa sozialaren alde lan egingo dugula helarazi nahi dugu. Bandera eta aberrien borrokarik gabe. Eraldaketa lortzeko, noski, instituzioetan sartu nahi dugu.

 

Behin instituzioetan, zeintzuk izango dira zuen bidelagunak?

Hori asanbladan erabaki beharko litzateke. Antzekoak izan behar dira, programari dagokionean: ezkertiarrak, feministak eta ekologistak.

 

Udaletxean egingo zenukeen lehen proposamena?

Langabezian dauden lagunak berriro ere lan merkatuan txertatzeko plana.

 

 

Egilea: Zuriñe Etxeberria

 

*Elkarrizketa gazteleraz egin da

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago