Dagoeneko, Salburuako 64 auzo-lagunek alegazioa aurkeztu dute, Udaletxean lokala irekitzeko baimena eman ez diezaioten. Arrazoiak: ekar litzakeen zarata eta segurtasun-falta eta, bestetik, kokapena: haur-parke baten ondoan omen legoke.
Salburua auzo gaztea da. Bertan Bildu izan zen nagusi 2011ko udal hauteskundeetan. Auzo elkarteak ez du ofizialki jarrerarik hartu. Alderdi politikoek, oraingoz, ere ez. Udaleko sindiko Martin Gartziandiak esan du berak printzipioz ez duela aparteko arazorik ikusten lokala ireki ahal izateko. Zer gertatuko da?
Seguru asko, hurrengo udalbatzarrak erabakiko du. Legez, zilegi dirudi; auzo-lagunen begietan, ordea, zailegi. Nik aurreiritzi franko ikusten ditut auzo-lagun horien alegazioetan. Berria den orok beldurra sortzen du. Adi, baina: Gasteiz ez da garai bateko fraideen giroko hiri kontserbadore hura. Hiri ireki eta anitza da. Gora Gasteiz ekimenak ederki frogatu du hori. Nor naiz ni beste inori nire morala inposatzeko? Sexua askatasunez praktikatzen bada, munduko gauzarik zoragarriena da. Zabal daitezela, beraz, zeru eta paradisuaren ateak.
Txema Ramirez de la Piscina, EHUko irakaslea