[ERREPORTAJEA] Oinak taupaka

hirinet 2015ko mai. 8a, 02:00

Igande honetan, bost mila korrikalarik beteko dituzte Gasteizko kaleak, Martin Fiz maratoia dela eta. Garai bateko aurpegi famaturik gabe, baina sasoian daude Arabako atletismoa eta korrika egiteko afizioa.

Hamar mila ur botila, hamar estatu, 38 probintzia, 480 antolatzaile, zazpiehun hesi,4.800 dortsal. Inoizko zenbakirik nabarmenenak ditu igande honetan Gasteizko kaleak hartuko dituen Martin Fiz maratoiaren hamahirugarren edizioak; eta, sekulakoak izan arren, ez dira ezohikoak. Bost mila emakumek egin zuten korrika Emakumearen lasterketan; bost mila korrikalarik jantzi zuten dortsala azken San Silvestrean; ia bost mila lasterkarik egin zuten ere duela 37 urte burutzen den Gasteizko maratoi erdia. Presaka ez ibiltzeko, korrika hasi? Burua pausatzeko, oinak bizkortu? Arrazoiak askotarikoak izan daitezke, baina bat bera da zaletasuna, eta handituz  doa Araban.

 

Laura Garcia Mejuto, Martin Fiz maratoiko garaile 2013an eta 2014an, Arkaiaten.

 

Lausoa da korrikazale eta korrikalari etiketen arteko muga. Askok ematen dute atzizki batetik besterako urratsa. Zale izatetik, atleta federatu ere izatera, zaletasun gero eta zabalduago horretatik elikatzen baita txapelketetako kirol federatua.Herri lasterketak pizgarri bat izan ziren running-aren munduan dagoeneko izen ezaguna den Laura Garcia Mejutorentzat. Hogeita hamar urteko gasteiztar honentzat, gimnasioan hasi zen dena, "arrunta den moduan, Unibertsitateko kredituak lortzeko"; pixkanaka, kirolarekin afizionatu, eta entrenatzen hasi zen, bi lagunekin lehenengo eta K2 gimnasioko Los Juanitos taldearekin ondoren. Ziztu bizian lortu ditu markak: 2013an eta 2014an Gasteizko Martin Fiz maratoian lehena izan da emakumeen artean, eta azken bi urteetako Gasteizko maratoi erdiak ere irabazi ditu.

 

Pentsa: hamabost kilometroetatik aurrera sentitzen da erosoen Laura. Eta nekatu, agian ere, baina batez ere hunkitu egiten du bera maratoiak: "Izugarri emozionatzen naiz. Luzea denez, gauza pilo pentsatzeko denbora ematen dizu!" Dioenez, 30. kilometrotik aurrera egiten da gogorrago, eta gorputzak baino, buruak egin behar du lan. "Helmugara hurbiltzen zaren heinean, bertan egoteko egin behar izan duzun lan guztia gogoratzen duzu, egin duzun ahalegina, lagundu zaituen jende guztia... Bereziak dira maratoian bizi diren sentsazioak".

Lehiaketak irabazi baino, bere markak gainditu nahi ditu, inportanteena ez delako besteen aurretik  iristea, baizik eta zure burua gainditzea, "norberak bere zirkunstantziak dituelako". Obsesionatu gabe, ere entrenamenduetako zenbaki magikoak buruz dakizki:  maratoiak ituen 42 kilometroak egiteko, bi ordu eta 54 minutu behar izan zituen 2013an; iaz, bi minutu gutxiago; eta aurten, bi minutu gutxiagotan egitea lortu nahi du. Bi minututan, lurrak 3.500 kilometro egiten ditu. Argiak 36 milioi kilometro.

 

Yaiza Cristobal Araba eta Euskadiko lasterketen podiumean egon ohi da beti.

 

Bera bezala, La Blanca atletismo klubekoa da Yaiza Cristobal 17 urteko gasteiztarra. Duela bost urte hasi zen atletismoan, gorputz hezkuntzako bere irakasleak animatuta. Hasi eta berehala, Araba mailako kros gehienak irabazten hasi zen. Euskadiko txapelketetan ere, podiumean egon ohi da beti. Martin Fizekin entrenatzen du gaur egun, eta pistan korrika egitea gustuko du; zehazki, 5.000 metroak. Bere marka 18 minutu eta 13 segundotan dago. "Oso ona" beretzat, "baina ez Espainiako hoberenetarikoa". 1.500 eta 3.000 metroak egiten ditu ere, eta aurten 3.000-oztopoak probarekin hasiko da. Igande honetako moduko maratoiak egiteko, itxaron beharko du, ordea: "Oraindik ez didate uzten, baina gustatuko litzaidake".

 

Batere gustatuko ez litzaiokeen horietako bat Iraitz Azkarate da. Azken San Silvestrean amore emateko zorian egon zen, lasterketako 6,5 kilometroak amaitu baino lehen. Bera gazela bat da, gepardo bat: "Azkarra naiz, eta iraupena baino gehiago, abiadura gustatzen zait. 800 metro korrika egiten dut gehienez". 36 metro ditu frontoiak, eta bertan aritu izan da bera hamar urtez, esku-pilotan. Eskuak leher eginda, atletismoan hasi zen duela bi urte t'erdi, jaurtiketak egiten lehenengo, eta abiadura probetan ondoren: "Lasterketa batean proba egin nuen, eta hau sorpresa, Espainiako txapelketan parte hartzeko gutxieneko markatik oso gertu geratu nintzen! Espainiara joan ahal izateko gutxieneko hori laster lortu nuen, ozta-ozta, baina txapelketara joateak dirua suposatzen duenez, badaezpada ez nintzen arriskatu. Aurten bai, udan Espainiako domina lortzea da nire asmoa, 200 edo 400 metro korrika egiten. "Nire akatsa irteera da; hori da hobetu behar dudana".

 

Iraitz Azkarate gasteiztarrak Espainiako txapelketako domina lortu nahi du aurten, 200 edo 400 metroko lasterketan.

 

Oraingoz, Iraitz Euskadiko txapelduna da 400 metrotan maila gorenean, eta baita 200 metrotan ere, gazteen mailan. Hasiberria den arren, nazioarteko txapelketetan jarria du gogoa, eta laster agian zangoa. Iraitzek, Yaizak eta Laurak, hirurek bat egiten dute: afizioa goraka doa, eta korrikalari namarmenen zerrenda ere; ez ordea, maila berean, instituzioen bultzada. Izan ere, Mejutoren hitzetan, "diru-laguntza, babes eta bisibilitate handiagoak behar ditugu; tamalez, futbola eta saskibaloia izan ezik, kirol gehienek laguntza gutxiegi dituzte".

 

Zapatilla pare bat baino ezer gutxi gehiagorekin, ia bost mila korrikalari bere burua gainditzen saiatuko dira igande honetan Gasteizen. Hamar mila ur botila, hamar mila hanka, hamar mila esku baino gehiagoren txaloen babesarekin.

 

Testua eta irudiak: Itsaso Estarrona, Arabako ALEA

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago