Gasteizko hainbat kolektibok ehungintzaren bidegabekeriak salatuko dituzte larunbatean, Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko Egunean

hirinet 2015ko mai. 7a, 02:00

Datorren larunbatean, hilak 9, “Haritik egin tira” lelopean Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko Eguna ospatuko da eta Gasteizko hainbat elkartek (Setem Hego Haizea, Medicus Mundi,, Oxfam Intermón, Serso, Corazonistas Fundazioa eta  Misiones Diocesanas, Gasteizko Udalaren laguntzarekin) data hau aprobetxatuko dute ehungintzaren produktuen ekoizpenaren atzean ezkutatzen diren bidegabekeriak salatzeko.

 

“Ehungintza oso sektore indartsua da ekonomikoki, Espainian bakarrik, pertsona bakoitzak urtero 437 euro gastatzen du arropan, eta modu argian erakusten du globalizazioak dituen ondorio negatiboak. Sektore honetan gainera, Giza Eskubide ugari urratzen dira”, salatu dute elkarte hauek.

Larunbata, beraz, aldarrikatzeko eguna izango da baina jai giroan. Egunari hasiera emateko, umeentzako tailerrak egongo dira (txapak, Mandala alfombra jostea, patchwork, Tibeteko banderak edo Yoga). Eguerdiko 13:00etatik aurrera, txokolatada eta Afrikar dantzak egongo dira. Ondoren, Bidezko Merkataritzaren produktuekin egindako pintxoen ibilbidea egiteko aukera egongo da.

 

Arratsaldean, berriz, hainbat jarduera izango dira Falerina Lorategian. 18:00etan Bidezko Merkataritzaren sukaldaritza tailerra (parte hartzeko izena behar da email bidez: alava@medicusmundi.es), 19:00etan Klown antzerkia, 20:00etan Graffitia edo 20:30ean Primates taldearen kontzertua, besteak beste.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide