Gonbidapena PP, PSE, EH Bildu, EAJ, Ciudadanos, Irabazi, eta Sumando-Hemen Gaude alderdiei luzatu bazitzaien ere, azkenean Gorka Urtaran (EAJ), Miren Larrion (EH Bildu), Oscar Fernandez (Irabazi),eta Jorge Hinojal (Sumando-Hemen gaude) hautagaiek hartu zuten parte. Aurretik, Rodrigo Zamora (Ciudadanos), Peio Lopez de Munain (PSOE) eta Javier Maroto (PP) hautagaiek giza eskubideen aldeko mahai inguruan ez zutela parte hartuko iragarri zieten antolatzaileei.
Presoek bizi duten egoeraren diagnostiko batekin eman zitzaion hasiera mahai inguruari. Oscar Fernandezen hitzetan, “dispertsioa ez du ezer konpontzen, mendekua baino ez da” eta Jorge Hinojalek defendatu zuen “udaletxeak edozein bidegabekeri konpontzeko lan egin behar duela”. Zentzu berean, Gorka Urtaranek “giza eskubideen urraketa bat dagoenean udaletxeak bere errespetua aldarrikatu behar duela” adierazi zuen. Miren Larrionek “batzuentzat mendeku politika oraindik erabilgarria” izatea salatu zuen.
Udaletxetik presoen eskubideak errespetatua izan daitezen zer egin daitekeen izan zuten hizpide alkategaiek eta ostean galderen txanda zabaldu zen. Publikoaren artean presoen senide eta lagun andana izan zen eta momentu batzuetan emozioek ere gainditu zituzten. Hainbat proposamen luzatu zizkieten alkategaiei.
Besteren artean, Gorka Urtaranek presoei bisita egitea “ideia ona” zela esan zuen eta baita Udaletxeak, bere alkatearekin, Estrasburgon agertzearen aldekoa azaldu zen. Fernandezek giza eskubideen errespetuan etor daitekeen edozein ekimenarekin bat egingo dutela azaldu zuen. Hinojalek bere hautagaitzak ez dituela “arazoak ezagutzen dituzten eragile sozialen iritzirik gabe legeak egingo” azaldu zuen, eta, azkenik, Larrionek Giza Eskubideen Komisio bat sortzea proposatu zuen: “Guk hemendik Giza eskubideen komisio bat sortzearen konpromisoarekin atera gaitezke”.
Alkategaiek zein entzuleek Ciudadanos, PSE eta PPko ordezkariak faltan izan zituzten. “Giza eskubideen gaia tratatzea denon ardura baita”.
Egilea: Zuriñe Etxeberria