Ustelkeriaren kontrako elkarteak zenbait proiektu abiapuntutzat hartuta, ‘Arabako Ustelkeriaren Mapa’ osatu zuen orain dela hilabete batzuk. Eskarmentu, iritzi eta errealitate ezberdineko lagunek osatzen duten Adi elkarteko lan taldea. ‘De Miguel’ auzia, San Antonio kaleko bulegoak edota Hiriko bezalako kasu mediatikoez gain, beste hamarnaka proiektuetan gestio txarra eman dela azaleratu dute: hala nola, Ihurreko deposituan, Krea kultur gunean edota AP-1 autobidean.
Hona hemen Adi elkarteak zerrendatutako batzuk:
Gasteizen
- - Gasteizko borrokaren 200. urteurrena: ekitaldiak 100.000 euroko gainkostua izan zuela salatu zuen EAJren batzar nagusietako taldeak.
- - Green Capital: Mezenasgoagatik zenbait enpresatan kenkari fiskalak. Besteak beste, Baskoniak 35.000 euro jaso zituen IMQ-k Green Capital babestean. EH Bilduk txosten juridikoa eskatu zuen.
- - San Antonio: Gonzalo Anton enpresari ezagunaren alde 20 urtetako kontratua sinatu zuten 2007an orduko alkate Alfonso Alonsok eta Javier Marotok, Ogasun zinegotzia zena. 7,6 euroko kostua izan zuen, udal teknikariek zehaztutakoa baino %80 garestiagoa. Espainiako Kontu Auzitegira heldu da afera.
- - Krea: 18 milioiko inbertsio publikoa egin ostean hutsik segitzen du Betoñuko komentu zaharrak. Kultura garaikidearen sorkuntzarako eta zabalkuntzarako gunea behar zuen izan. Ekintza sinbolikoa burutu zuen orain gutxi Irantzu Lekue artista gasteiztarrak egoera salatzeko, Krea gunearen atean bertan.
- - Iradier Arena: Erabilera anitzeko pabiloian izandako 15 ekitaldiren preziotan delitu zantzuak ikusi du fiskaltzak.
- - FCC: Garbiketa kontratua esleitzeko momentuan irregulartasunak salatu zituzten. Antza, FCC enpresak gainontzekoek ez zeukaten informazioa eskuratu zuen filtrazio baten bitartez eta horregatik lortu zuen 2006an.
- - 21 Zabalgunea: Garapen urbanistikoaz arduratzen den udal erakunde publiko honek lurrak erosi zituen 2006an 21 milioi euroren truke. Metro koadroa 45 eurotan ordaindu zen, baina bataz-besteko kostua 30 aldiz txikiagoa zen. Lur horiek Hiriaren Plan Orokorrak ez zeuden aurreikusita.
Araban
- - Swap-ak: Foru Aldundiak 2006. urtetik 8,8 milioi euro galdu ditu, swap edo arriskudun finantza produktugatik.
- - De Miguel kasua: 26 lagun inputatu ditu Gasteizko Instrukzio arloko 4. zenbakiko epaileak. Horien artean, EAJko hainbat goi kargudun ohi. Guztira, 11 delitu egotzi die epaileak prebarikazioa, dirua zuritzea, Ogasun Publikoaren kontrako delituak eta agiri publikoak faltsutzea, besteak beste.
- - Ihurreko depositua: Ihurre kontzejuko ekaitz biltegiak 8 milioi euroko inbertsio publikoa izan zuen nahiz eta Espainiako Sare Elektrikoak ilegala zela ohartarazi zuen eraikitzen jarraitu zuten. Deposituari ez zaio inoiz erabilerarik eman. Goi-tentsioko linea baten azpian dagoenez, ez da erabilgarria.
- - Epsilon: F1 sortzeko proiektuak 46 milioi euroko galerak utzi ditu. Arduraduna, Joan Villadelprat, 900.000 euroko isuna ordaintzera eta hiru urteko inhabilitaziora zigortu dute.
- - Hiriko: Ia 15milioi euro bideratu zen gauzatu gabeko proiektu batean, auto elektrikoa ardatz. Kasua ikertzen ari dira.
- - AP-1: AP-1 autopistako mantenuaz arduratzen den Bidelan enpresarekin sinaturiko kontratuan prebarikazioa salatu dute, 3 milioi euroko gainkostua bere gain hartzea ekarri du.