“Gertuago". Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko unea gertuago nabari dute Arabako Gure Esku Dago ekinaldiko batzordeetan lanean ari direnek. Igandean, herritarrek "beste pauso sendo bat" emango dutela uste dute eta, iaz giza katean bizi izan zuten moduan, aurten Gasteizko kaleak aldarrikapenarekin josteko xedea dute. "Erabakitzeko eskubidean sinesten dugula eta ideia horrekin bat egin duen jende desberdina batzeko gai garela erakutsi behar dugu", aipatu du hiriburuko batzordeko kide Ane Miren Atinek. Lizarrustiko mendatea bete zuten iazko giza katearekin arabarrek eta, aurten, beste urrats bat egin eta 15.000 lagun baino gehiago bildu nahi dituzte Gasteizko erdiguneko kaleetan mezu berarekin.
Aldarrikapenekin betetako oihal koloredunek osatuko dituzte oraingoan, eskuz esku, Gasteizko kaleak. "Oihalen bitartez atxikimendua bilatu nahi dugu, sarea osatu nahi dugu, igandetik aurrera ere lanean jarraitu ahal izateko", nabarmendu du Gesaltzako batzordeko Raul Gartziak. Izan ere, bidea "zaila" izango dela badakite, oztopoak tartean, baina aurrerapausoak eman direla diote eta iaz baino gertuago dago erabakitze eskubidea. "Formalki, beharbada, ez da pausorik eman azken urtean baina herritarrek presenteago dute orain gure esku dagoela erabakitzeko eskubidea eta askotariko jendearen arteko sarea sendoagoa da", berretsi du Atinek.
Iazko katea arrakastatsua izan zela gogoratu du Trebiñuko batzordeko Mikel Mirena Arribasek, eta horregatik beste hainbat lagunek bat egin dute aurtengo ekinaldiarekin: "Trebiñun bertan talde bat osatzera animatu gara, 30 lagun gaude taldean, eta prest gaude lanean jarraitzeko". Erabakitze eskubidearen inguruko afera Trebiñun "gertutik" bizi dutela gogoratu du, Arabara batzearen inguruko herri galdeketekin, eta horregatik herritarren aldetik erantzuna ere ozena izango dela uste du: "Bere garaian erabaki genuen Trebiñu Araba zela. Ondo dakigu hori zer den, herritar guztion eskubidea dela eta gure etorkizuna guk geuk erabakiko dugula. Kanpoko agintariek legezkoa ez dela adierazi arren, etorkizuna etxean erabakiko dugu".
"Herritarren bultzada"
Erabakitze eskubidearen alde Katalunian emandako pausoei "inbidia pixka batekin" begiratzen die Atinek, baina Euskal Herrian "aurre hartzeko" osagaiak badirela gogoratu du eta abian jarri behar direla. "Hemen identitatea oso barneratuta dugula iruditzen zait eta erraztasunez azaleratzen dugula, baina oraindik han duten identitatearen araberako kohesioa lortzea falta zaigu". Gartziak ere, ildo beretik, Euskal Herrian adostasunak lortzeko aukera gehiago daudela uste du: "Gogoratu gure giza katea antolatzeko urtebete behar izan genuela, eta haiek hainbat behar izan zituztela eurena prestatzeko, epeak murrizteko gaitasuna dugula uste dut; dena den, bi prozesu desberdin dira eta erritmo desberdina dute".
Kataluniako Asanblada Nazionalak egin moduan, Euskal Herrian ere "herritarrek bultzatuta" hartu beharko dituzte agintariek erabakiak, haren ustez. "Herritarren plataforma bat da eta uste dut ez diegula agintariei ezer eskatu behar, haiek etorriko dira guregana", aipatu du Gartziak. Joan den igandean kultura, politika eta gizarteko hainbat eragilek erabakitze eskubidearen alde egindako agerraldiaren argazkian, ordea, hainbat lagun faltan bota dituzte batzordeetako kideek. "Falta nabariena sozialistena da, hainbat militante sozialista izan arren alderdiaren babesa falta da. Zer beldur dago erabakitze eskubidearen alde agertzeko?, galdetu du Gartziak. Eta Arabako sozialisten idazkari nagusi Cristina Gonzalezek aurretik egindako adierazpenak ere gogoan izan ditu: "Oso gogorrak izan ziren haren hitzak, erabakitzeko eskubidea demokratikoa ez dela esatea ez da onargarria".
Atinen ustez, berandu baino lehen bat egingo dute aldarrikapenarekin: "Oso zaila da jendeari azaltzea herritarrek duten erabakitze eskubidearen kontra zaudela; momenturen batean argazki berean egotea beste aukerarik ez dute izango". Eusko Legebiltzarrak bat egin du eskaerarekin eta Jaurlaritzak berak ere erakunde moduan bat egingo duela uste du. "Gu batzeko gai baldin bagara, eurak ere batuko dira".
Ideologia askotako jendea batzea "pozgarria" dela uste du Arribasek eta agintariek ere hori ikusi beharko luketela. Hasiera batean Buesa Arena pabilioian egitekoa zen jaia bertan behera uzteko erabakia "politikoa" izan dela uste du, gehiengo baten eskariaren kontrakoa, eta beraz, ondorio politikoak izan dituena. "Erabaki horrek behartu gaitu jaiaren egitura aldatu eta beste formatu batera egokitzera, baina aurrera atera dugu". Epe laburrean prestatutako guztia aldatu behar izan dutela gogoratu du, baina azkenik ospatzeko oztoporik ez dela izango; beste bide bat jorratu dute, baina jaia kalean izango da Euskal Herriko beste hiriburuekin bat eginik. "Badakigu bidean oztopoak izango ditugula, baina aurre egingo diegu", esan du Atinek.
Herri galdeketak
Igandean jaia "ziurtaturik" dagoela nabarmendu du Gartziak, baina aurrerantzean ere hamaika lan izango dela egiteko. Helburua atxikimenduak batzen jarraitzea dela gogoratu du, eta horretarako bestelako ekimenak antolatuko dituzte: "Eta helburuak jarri beharko ditugu aurrera begira; Euskal Herrian bi milioi inguru bagara, milioi luze bat elkartzeko gai izan behar dugu behintzat".
Babes horiek batzen jarraitzeko, besteak beste, herri galdeketak izan daitezke bidea Arrankudiaga (Bizkaia) edota Etxarri Aranatzen (Nafarroa) egin moduan, eta halakorik Araban egitea aztertzen ari direla azaldu dute. "Araban, herri batzarren bitartez, ohitura dugu parte-hartzearen bitartez erabakiak hartzeko eta honen inguruan ere galdetu beharko dugu; aztertzen ari gara noiz, non eta nola egin", aipatu du Gartziak. Horien aurretik, ordea, oihalak prest, igandean Arabaren aldarria Gasteizko kaleetan "ozen" entzun dadin dei egin dute.
Josu Olano, Gure Esku Dago dinamikako kideari elkarrizketa Hirinet FM irratsaioan (2015-06-17):
{mp3}elkarrizketa_gure-esku-dago-josu-olano.mp3{/mp3}
Egilea: Anakoz Amenabar. Arabako ALEA