
San Antonio kalea
Alfonso Alonso Gasteizko alkate zela, Gonzalo Anton enpresariarekin 7,6 milioi euroko alokairu kontratua sinatu zuen Udalak. Antonek hasiera batean hamar urterako alokatu nahi zuen, baina azkenean hogei urteko kontratua sinatu zuten bi aldeek. 2007ko urtarrilean udal teknikarien txosten batek ohartarazi zuen alokairu horrek ekarriko zituen kalteez. Javier Maroto alkateak, garai hartan ogasun zinegotzia zenak, afera horretan "ustelkeriarik" ez dagoela berretsi du azkeneko elkarrizketa batean. "Pertsona bati guztion ondarearekin mesede egiten ari zarenean, ez al da ustelkeria? Diru publikoa irabazteko erraztasunak ematen dituzunean?", galdetu du Adi elkarteko kide Unai Mendizabalek. Udaleko zerbitzu legalek ere alokairu horren beharra justifikatzen zuen txosten bat "ezbaian" jarri zutela gogoratu du Mendizabalek. Gonzalo Antonekin egindako kontratua "nahierara" eginda dagoela uste du, argitara atera dituzten hainbat emailek erakusten duten moduan: "Argi ikusten da negoziazioaren nondik norakoak haren lantaldeak eramaten zituela".
De Miguel a
uzia
Egun Araban eta Euskal Herri mailan dagoen ustezko ustelkeria kasu handiena da, 30 inputaturekin, besteak beste, Zanbranako alkate zen Maria Justina Angulo (EAJ) eta Alfredo de Miguel auziaren ustezko buruarekin; besteak beste, birkalifikatze urbanistikoak adostu zituzten 2003-2007 artean Angulo Zanbranako alkate zela. Ustezko komisio ilegalak kobratzeagatik lagun sare zabala izan dela azaldu du Adi elkarteko Unai Mendizabalek, baina "hariari tiraka" gehiago zabaldu daitekeela uste du. "Inputatu nagusiaren ibilbidea ikusita, uste dugu kontua askoz ere zabalagoa izan daitekeela. Bera zen diputazioko bigarrena eta lehena izateko aukera gehien zituena, berak eratu zuen enpresa bat egungo Gasteizko EAJren egoitza erosteko...".
Mendizabalen ustez, oraindik hainbat korapilo daude askatzeko: "Kuriosoa da zipriztinduta dagoen alderdia eta zenbait komunikabidek esan dutela trama hau De Miguelen onurarako sortu zutela, ez zegoela beste onuradunik, baina hori ikusteke dago oraindik". Eusko Legebiltzarrak, bien bitartean, bi hilabeteko epean auziaz txostena egiteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.
Garbiketa kontratuak
FCC garbiketa enpresak 2006an Gasteizko Udaleko kontratua lortzeko "informazio pribilegiatua" izan zuela argitaratu zuen duela hainbat hilabete El Mundo egunkariak, eta hori Udalak gezurtatu ez duela nabarmendu du Mendizabalek. Horren arabera, udaletxeko langile batek informazio fitxeroak bidali zizkion FCCri aurreko esleipenen nondik norakoekin, eta horrekin lortu zuen eskaintza onena aurkeztea. "Era berean, kontratu hori esleitzen zuen batzordeko teknikari baten emaztea FCCn hasi zen lanean, esleipen hori lortu baino hilabete lehenago", salatu du Mendizabalek. Udal gobernuak hala izatea "kasualitatea" dela azaldu du.
2006ko esleipen horren inguruko hainbat email "argigarri" ere argitaratu dituztela gogoratu du Mendizabalek, FCCko nagusienak tartean. Kontratazio hori ate itxian egin zutela gogoratu du, lehen aldiz Gasteizko Udalean, orduko alkate Alfonso Alonsoren erabakiz. FCCren inguruan zeuden susmoen gainetik, baina, Udalarekin zuen kontratua berritu du aurten. "Eskaintzarik merkeena egitea lortu du, soilik 1.000 euroko aldearekin bigarrenarekin. Kasualitatea izango da hori ere".
Krea
Kultura garaikidearen sorkuntzarako eta zabalkuntzarako gunea abian jartzeko, 18 milioi euroko inbertsio publikoa egin zuten Gasteizko Betoñuko komentuan. Eraikina egin eta hala izan da
geroztik, ordea, hutsik. AEBko unibertsitate pribatu bat paratzeko egitasmoa abian da orain asmo zehatzik azaldu ez duten arren; hurrengo hilabeteetan hainbat unibertsitateetako ordezkariak Gasteizera helduko direla azaldu dute, Betoñuko eskaintza ezagutu dezaten.
Udalak lurraren lagapena egin zion Vital Kutxari Krea abian jartzeko, baina unibertsitatea jartzeko asmoekin hark hitzarmena bertan behera utzi eta eraikina berreskuratzeko aukera izan duela aipatu du Mendizabalek. Jabetza berreskuratzeko eskubidea du, baina ez du ekinbiderik abian jarri horretarako. "Badirudi ondo iruditzen zaiola Udalari guztiona den eraikina eta lursaila alokatzea; sekulako inbertsioa egin dute bertan, soilik interes pribatuetarako". Ildo beretik, EH Bilduk salaketa bat jarri du Gasteizko Udalaren kontra ondare publikoa "interes pribatuetarako" erabiltzeagatik, eta unibertsitatearekin duen akordioa bertan behera uztea eskatu dio.
Txarli Prieto
PSE-EEko legebiltzarkideak 1992-2012 urteen artean haren jabe den Escoiba enpresarekin egin ez zituen lan batzuengatik kobratu zuela salatu eta ikerketa abiatu du EAEko Auzitegi Nagusiaren fiskalak. Eledun sozialistak iruzurra egin eta dokumentuak faltsutu ote zituen ebazteko ikerketari ekin dio Juan Calparsoro fiskalburuak. Era anonimoan heldutako salaketa bat du oinarri ikerketak. "Esanguratsua da 2010. urtean, legebiltzarkide zela, gardentasun ariketa egin zutela kideek, eta lau legebiltzarkide izan zirela ondasunak agerian utzi ez zituztenak, tartean berak", esan du Adiko kide Unai Mendizabalek. Salaketaren arabera, PSEk Araban duen hainbat egoitzaren segurtasuna bermatzeko lanak egin zituen, eta lanok egiteko Espainiako Barne Ministerioaren laguntzak erabili zituen alderdi sozialistak. Prietok, bere aldetik, salatu dituzten gertakari guztiak "argitu eta justifikatu" daitezkeela azaldu du. "Segurtasun eta konfiantza" arrazoiengatik besteak beste Escoiba enpresa kontratatzea erabaki zutela argudiatu du sozialisten buruak: "Ez litzateke oso zentzuzkoa izango konfiantzazkoa ez zen enpresa bat kontratatzea lan horiek egiteko".
[ELKARRIZKETA] Unai Mendizabal, Adi elkartea: “Argitzeko asko dugu oraindik”
Influentzia trafikoa, eroskeria, iruzurra edota funts publikoen erabilera bidegabea eta prebarikazio kasuak salatzeaz gainera, hiritarrak informatzea du ardura Adi elkarteak, Unai Mendizabal kideak azaldu moduan; San Antonio kaleko egoitzako afera edota Epsilon moduko gaiak buru-belarri aztertzen ari badira ere, "mahai-azpian" beste hainbat kasu daudela eta azaleratzeko lanean ari direla iragarri du.
San Antonio kaleko egoitzako afera izan zuen Adi taldeak abiapuntua, ezta?
Hori izan zen pizgarria, bai. Ikerketa batzorde bat onartu zuten Gasteizko Udalean eta hari jarraipena egin ahal izateko alor desberdinetako hainbat lagun elkartu ginen. Jarraipena egin, salatu eta ahal den neurrian erantzukizunak eskatzeko batu ginen.
Eta hari horri tiraka hamaika ustelkeria kasu ezagutu dituzue geroztik.
Hasieran egin genuen aurkezpenarekin lagun dezente gerturatu zen, eta hainbat kasuren inguruko xehetasunak eman zizkiguten. Webgunean ikus dezakegun ustelkeriaren mapak erakusten duenez, iceberg punta baino ez dugu ezagutzen; eta tamalez oraindik mahai azpian dauden ustelkeria kasuak ugari dira. Sumatzen genuen beti gauza hauek estali egiten zituztela eta "ondo" ateratzen zitzaiela, baina gizartearen egoera ere aldatu da, sekulako murrizketak ari gara jasaten, eta horregatik garai batean zeuden diru xahuketak ez dira egun hain erraz onartzen. Adierazgarria da behin eta berriro esaten digutela zorroztasuna izan behar dugula diruarekin, dirurik ez dagoela esaten digute, eurak xahutzen dabiltzan bitartean.
Lantalde sendoa izango duzue hainbeste kasu esku artean izateko?
Bai, alokairuaren aferarekin hasi eta gero eremua zabaltzea erabaki genuen, eta horretarako bi lantalde antolatu genituen, juridikoa eta komunikazioaz arduratzen dena. Heltzen den informazioa aztertu eta eman daitezkeen pausoak mahai gainean jartzen ditugu hauen bitartez. Horiekin batera, baditugu hainbat bide irekita, bloga edo emaila dela, informazioa jasotzeko eta gurekin kolaboratu nahi duenak aukera izan dezan.
Nafarroako Kontuz taldearekin elkarlanean ari zarete?
Harremana badugu, zenbait aholku eskatzen diegu tarteka baina bakoitzak bere lan esparrua du momentuz. Beharbada egon daitezke bi lurraldeei eragiten dieten ustelkeria kasuak baina ikertu beharra dago; Kontuz taldeak CANeko afera azaleratzea lortu du eta Araban badugu Vitalen egoitza moderno eta garesti bat Gamarran, hutsik dagoena, inork ez du bere gain hartu, eta beharbada begiratu beharko dira kontuak...
Etsigarria izan behar du hainbesteko lanaren ostean, hainbat afera bertan behera geratzen direla ikustea?
Etsigarria izan daiteke ez baldin badugu ezer egiten, baina uste dugu halako egitasmoekin eurak ere ez direla horren eroso ibiliko. Kontuan hartu behar dugu ustelkeriaren kontra hartutako erabakiak baten batek aurretik xaxatu dituelako hartu direla; Madrileko black txartelen kasua argitzea, esaterako, ez litzateke posible izango herritar talde batek filtrazio baten eraginez kasua xaxatuko ez balu.
Zer gai dituzue mahai gainean une honetan?
San Antonioko aferari heldu diogu berriz; demanda aurkeztuko dugun aztertzen ari gara. Gai berarekin beste kontu bat ere aztertzen ari gara; aferaren inguruko espedientea ikusi nahi dugu eta alkateak bi aldiz ukatu digu aukera, gardentasunaren eredu dela esaten duen bitartean. Ihurreko ekaitz depositoaren espedientea ere eskatu dugu, kudeaketa txarraren zantzuak antzeman ditugulako. Azken aldian heldu zaizkigun beste kontu batzuk ere baditugu, baina oraindik ezin dugu aurreratu.
Hedabideak dituzue oinarri kasuak azaleratzeko garaian?
Ustelkeria gaiez ari gara, kontu larriez, eta horretarako oinarri sendo bat behar dugu. Oraingoz atera dugun guztia aurretik atera da nonbait, datuak oinarri. Kontu handiarekin ibili behar dugu delituak leporatzen ari garelako.
Ustelkeria kasu hauek ez errepikatzeko zer neurri behar dira?
Guztion poltsan eskurik ez sartzeko eskatu behar zaie agintariei, noski, kontuak garden erakustea. Ustelkeriaren lehen baldintza da kudeaketa txarra egotea, horrek ahalbidetu ditu diru xahuketak eta interes publikotik interes pribaturako mugimenduak egotea. Kontuan izan behar dugu, halere, nola dagoen hau antolatuta; ateratzen ari diren ustelkeria kasuak sistemak berak bere autorregulaziorako zigortzen dituenak dira, benetan larriak direnak oso merke atera zaizkiela ikusi dugu.
Egilea: Anakoz Amenabar @anamenabar, Arabako ALEA
Araban izan daitezkeen ustelkeria kasuak eta kudeaketa okerrak mahai gainean jarri ditu Adi elkarteak; San Antonio kaleko egoitzaren aferarekin abiatu, eta geroztik dozenaka ustezko ustelkeria kasu azaleratu dituzte, euren