Eneritz Ibarra, Garaion: “Euskaraz gozatzen dutenentzat da 'Gazte Goza Tope' topaketa”

hirinet 2015ko mai. 4a, 02:00

Garaion Ozetako Otaza auzoa utzi eta Oihaneder Euskararen Etxera egingo dute salto Garaion elkarteko lagunek. Maiatzaren 8an eta 9an, 'Gazte Goza Tope' antolatu dute. Maiatzaren 5era arte eman daiteke izena.

Garaion Naturarteako lagunek Gazte Goza Tope jardunaldia antolatu duzue...

Hala da. Gazte Goza Tope gozaketa-topaketa maiatzaren 8 eta 9an izango da Oihaneder Euskararen Etxean. Badakigu maiatzean lore eta plan pila ateratzen direla bazter guztietan eta asteburu honetan ere makinatxo bat izango dira, azterketa batzuk tarteko. Gurea gozatuz ikasi eta gozatzen ikasteko proposamena da animatzen den guztiarentzat.

 

Hain justu, nori dago zuzenduta?

Gazteentzat da Gozatope, euskara eragile, aisialdiko begirale zein bidelagun eta saltsera-saltsero denentzat. Euskaraz gozatzen dutenentzat, euskara gozarazten duten horientzat.

 

Izen-ematea atzeratu duzue ezta?

Bai. Hasierako izen-emate eguna (apirilak 30) ez da arabarrentzat aproposena izan, jai artean kokatu dugu eta. Horregatik izena emateko epea luzatu egin dugu maiatzaren 5a arte. Ehun lagunentzat izango dira topaketak; gazte arabar pila batzea nahi dugu eta Euskal Herriko beste txokotatik ere etortzea Arabako altxorra ezagutzera, elkar eragitera eta elkarrekin ondo pasatzera.

 

Zelakoa izango da jardunaldia?

Bidelagun pila izango ditugu, guztiak adituak dira euren esparruan eta euren ibilbidea  oso interesgarria da. Are interesgarriagoa bide horretan ikasitakoa transmititzeko duten modua, beraien saioetara ekarriko dutena. Garaioneko Amaiak euskararen inguruko gazteak elkartu eta berriketaldia proposatuko digu ostiralerako. Sustraibarriko Soniak eta Goizanek emozioen mundua gure barnean dagoela eta horretaz nola jabetu erakutsiko digute. Lastotaneko Oihanak izaki sexudunak garela eta garen horretatik bizitzeko aukerak nola zabaldu aztertzen lagunduko digu. Arremanitzeko Ibaik gure harremanak "harrem-onak" bilakatzeko lanketa egitera gonbidatuko gaitu. Nahiak oihaletan gora-behera gure haurtzarora buelta egiteko proposamena luzatuko digu. Oihanek gure maskarak jantzi-eranztera gonbidatuko gaitu antzerkiaren bitartez. Mikelek malabare, diabolo eta zirkuko beste elementu batzuk gozatzen erakutsiko digu. Uxoak elkarrekin sorkuntza proiektu bat garatzeko aukera eskainiko digu. Anitza eta gozagarria izango da eguna.

 

 

Zer da topaketa horrekin bilatzen dena?

Gazteak ondo pasatzea eta ondo pasatze horretan beraientzat baliagarri izan daitezkeen dinamika, gogoeta eta egiteko moduak esperimentatzea, bizitzea. Gazteek beraien taldeetan ekintzak edo tailerrak antolatu behar dituztenean erabili ditzaketen baliabideak eskuratzeko topaketa izatea nahi dugu. Horregatik gozatze guztia oso praktiko, dinamiko eta parte hartzailea izango da, gogoeta eta hausnarketak tarteko. Oraingo honetan Gasteiz aukeratu duzue ekimen hori egiteko.

 

Zer dela eta?

Oihaneder leku paregabea delako eta gazteek gaztetuko dutelako. Beraiek dira etorkizuneko Gasteiz, Araba eta Euskal Herria euskaldunduko dutenak eta garrantzitsuak da eurei ere horrelako lekuak erabiltzeko aukera dutela  adieraztea. Euskararen Etxea delako, euskararentzat eta euskaldunontzat. Jardunaldi honetan gazteak izango dira protagonistak.

 

Baina, gainerako adin tartekoendako ekintzak ere antolatzen ditu Garaionek ezta?

Garaioneko sorginak, Sorginguneari bizitza eman nahi diogu, espazioa kultura eta natura ekintzaz janzteko gogotsu gabiltza eta guztia euskaraz bizi eta gozatzeko intentzioz. Debagoiena, Lautada eta Euskal Herriko eta munduko lagun pila gara Garaioni bizipoza ematen diogunak. Guztiok sortzaile garela sinesten dugu, bai, zu ere bai! Egungo jendarteari natura hobetzeko garaia iritsi zaigula pentsatzen dugu eta honetarako oso baliagarri zaizkigula gure amona-aitonen egiteko moduak, esaterako auzolana eta, nola ez, gure hizkuntza. Guzti hau egiteko orduan oso kontuan izaten ditugu harremanak, tratu onak eta aniztasuna, guzti honek aberasten gaitu eta. Elkarrekin bide bat egin nahi dugu, jakintza konpartituz eta denontzat hobeak izango den moduak sortu eta erabiliz.

 

Ekimen guzti honekin zer bilatzen duzue?

Euskaraz gozatzen dugula transmititu nahi izan dugu, egiten dugun lana gozamenetik egiten dugunez besteek ere gozatuko dutela uste dugu eta inbidia sano pixka emango dugula eta horrela euskarara hurbiltzeko bide politak  sortuko ditugula. Era berean euskara eragile eta aisialdiko eragileei hitz goxo batzuk esateko ordua dela pentsatzen dugu, egiten duten lana benetan beharrezko eta bikaina delako.

 

Zeintzuk dira aurrera begira esku artean dituzuen ekimenak?

UdaON gazte udaleku tematiko sortzaileak izango ditugu uztailean, bideogintza, antzerkia, oihalak-aereoak edo musika lantzeko eta gozatzeko; ortugintza ekologikoari buruzko ikastaroak izango ditugu maiatzean eta ekainean;  elikadura eta ortua lotzen dituzten Baserritarrartean saioekin gabiltza eskolaz eskola; gazte taldeak hasi dira Otazara etortzen batzuk eguna pasatzera eta beste batzuk egonaldiak egitera; antzerkilariak beren lanak sortzen ari dira  Otazan… Udaberriarekin batera plan mordoa izango dira Garaionen.

 

Egilea: Mirian Biteri

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide