Salburuko auzo elkartea, "zeru eta infernuaren" artean

hirinet 2015ko api. 30a, 02:00

Zeresana eta jakin-mina sortu du, aldi berean, Gasteizko Salburua auzoan zabaltzeko asmoa duten 'Las puertas del cielo' sexu-aisialdirako lokalak. Bikotekide trukaketarako eremua litzateke lokala, baina oraindik egitasmoa paperaren gainean dago soilik.

 

Dagoeneko, proiektuaren inguruko alegazioak aurkezteko garaia amaitu da. Orain, beraz, udaletxeko teknikariek erabaki beharko dute hiriburuan aurrekaririk ez duen sexu-aisialdirako local berri honek izapide guztiak betetzen dituen.

 

Lizentzia lortzekotan Gabriela Mistral kaleko laugarren zenbakian kokatu nahi dute. Umeentzako parke baten aurrean, hain zuzen ere. Helduen eta umeen aisialdirako gune bi hauek aurrez aurre egoteak eztabaida sortu du auzoan. Beldurra zein zalantza ugari agertu dute zenbait bizilagunek. Beste batzuek, berriz, begi onez ikusten dute, askapen sexualaren eredu gisa.

 

Alde eta kontra dauden bizilagunen artean kokatu behar da Salburua  Burdinbide auzo elkartea. Polemika sortu zenetik auzo elkartea bizilagun guztien interesa defendatzeko jarrera hartu eta bitartekari lanak egiten dabiltza. Salburua Burdinbide elkarteko presidentea den Ioseba Martinez de Guereñuk azaldu duenez, "auzo elkartea ez da ez kontra ezta alde agertu", izan ere,  auzokide guztien interesak defendatzeko daude eta lokala pribatua den heinean,

Udalak legala dela irizten badu, horren aurrean zer eginik ez dagoela ulertzen dutelako.

 

BIlera bateratua

"Elkarkidetzaren alde" egin izan du beti Burdinbidek, adierazi du Martinez de Guereñuk. Horiek horrela, Aste Santuan bilera batera deitu zituzten komunitatea osatzen duten auzokideak. Orotara, 199 lagun zeuden deituta; eta hitzordura 65 lagun joan ziren.

 

Bizilagunak, auzo elkarteko kideak eta sexu-aisialdirako lokaleko arduraduna ere elkartu ziren. Zalantzak argitzeko gunea izan zen. Baita kontra zeuden  lagunen aktibazioa piztekoa ere. Bilera egin eta egun gutxira bukatzen baitzen

alegazioak aurkezteko epea. Komunitatearen izenean kontrako alegazioa adostu zuten bileran izan ziren 64 lagunek.

 

"Komunitateak aurkeztutako alegazioaz gain, modu indibidualean ere beste hainbat aurkeztu ditugu", baieztatzen du lokal honen irekieraren aurka dagoen bizilagun batek. Lagun honek nahiago du izenik ez ematea, "finean, bizilagun arrunt bat delako eta kontu hauetan ez delako aditua".

 

Era berean, argi utzi nahi dute lokal honen kontra posizionatu diren bizilagunak

ez daudela local horretan emango den jardueraren kontra. "Guk uste dugu ez dela egokia gisa honetako lokal bat umeentzako parke baten aurrean egotea".  Auzoko bizikidetza apurtuko duen beldur dira.

 

Lokalean, atezainak

Batez ere, sexu-aisialdirako lokalak ekar lezakeen "zaratak eta segurtasun

faltak kezkatzen ditu" auzokideak. Jakin dutenez, "lokalaren kanpoaldean bi atezain egongo lirateke" eta hori, "arazoak egon daitezkeen seinale" dela uste dute.

 

Bestetik, lokalaren sustatzaileek martxan dute dagoeneko webgunean, bertan izango denaren berri azaltzen delarik. Jarduteko dekalogoa ere ageri da, baita lokalaren ordutegia eta prezioak.

 

Sexu-aisialaldirako lokalak Irizpide teknikoak beteko balitu, lanak hasteko baimena emango lieke udalak sustatzaileei, eta, behin lanak bukatuta, baldintzak betetzen dituztela ikuskatuko luke. Beraz, epe laburrera behintzat ez da aurreikusten sexu-aisialdirako lokalak ateak zabaltzea. Zeru eta  gozamenerako ateak batzuentzat; eta, infernukoak, ordea, beste askorentzat.

 

Egilea: Zuriñe Etxeberria

Irudia: Itsaso Estarrona

 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide