Kristoaurreko 50. urtean, erromatarrek Galia osoa okupatu dute, herrixka txiki bat izan ezik. Julio Cesar desesperatuta dago, armada ez delako herrixka menderatzeko gai izan. Ondorioz, taktika aldatzen du eta, matxinatuak seduzitzeko asmoarekin, luxuzko egoitza eraikitzen du haien ondoan: Jainkoen egoitza. Izenburu hori dauka, hain zuzen, ikusgai dagoen hiru dimentsioko pelikula berriak, Zinema Euskaraz programaren eskutik. Apirilaren 30etik aurrera, Gasteizko Florida zinemetan emango dute, bai eta Euskal Herriko beste lau aretotan, Iruñean, Bilbon, Getxon eta Donostian.
Asterixen 13 pelikula daude, eta horietatik 12 bikoiztu dira euskarara. Hauxe da, ordea, Warner Bros ekoiztetxeak parte hartu duen lehenengo aldia. Izan ere, akordioa lotu du Eusko Jaurlaritzak eta ikus-entzunezko euskal ekoizleek sortutako Zineuskadi erakundearekin. Elkarte honen hitzetan, Estatu Batuetako konpainiarekin egindako lanak balio erantsia ematen dio Zinema Euskaraz programari, "horrelako superprodukzio bat euskaraz estreinatzeak merezi duen lekuan jartzen duelako euskara, eta arlo zinematografikoan posizionatzen duelako". Hori dela eta, Zineuskadik dei egin die euskaldun guztiei aukera hau aprobetxatu dezaten eta pelikula ikustera joan daitezen. Orain arte euskaratutako DVD eta bideo edizio asko, honezkero, ez daude eskuragarri, agortu direlako. Gauza bera gertatu da paperean argitaratutako komikiekin. Duela hogei urte, 80. hamarkadan, garai hartan zeuden Asterixen lan guztiak euskaratu ziren, baina, agortu zirenetik, horietako asko dagoeneko ez daude eskuragarri. Gaur egun, Salvat argitaletxea edizio berriak prestatzen ari da. Etorkizunari begira, Jainkoen egoitza filma lehen urrats bat izan dadin espero du Zineuskadik, Warner Bros ekoiztetxearekin elkarlan berriak adosteko.
[IKUS-ENTZUNEZKOA] 'Asterix, Jainkoen Egoitza'
Noiz? Apirilaren 30etik aurrera
Non? Gasteizko Florida Zinemetan
Informazio gehiago: Florida Zinemak