[GUTUNA] Erdaldun gixajoak!

hirinet 2015ko api. 27a, 02:00

PPkoen ustez, bizimodua zailtzen ari zaie erdaldunei. Izan ere, batetik, etorkinek lana eta diru-laguntzak lapurtzen dizkiete, eta bestetik, Bizkaiko eta Gipuzkoako euskaldunek administrazioko lanpostu publikoak betetzen dituzte.

 

Dagoeneko, ez dakit De Andres eta Oiartzabal oso beteak diren, edo haien euskaldun fobia areagotu den Unidad Alavesa, Vox, Ciudadanos, UPyD edo Falange de las Jonseko botoemaileak berreskuratzeko. Baina esaera zaharrak dioen moduan, nahi duena esaten duenak nahi ez duena aditzen du, eta oraingo honetan adituko dute, ulertzeko gaitasunik izan ez arren.

 

Etorkina naiz −eta harro nago−, txikia nintzela, garai bateko Gaztela Zaharretik familia etorri zen lanera Gasteizera. Beste askok bezala, Oiartzabalen ikastetxe berean ikasi nuen, esan dezadan hamalau urte inguru nituela Franco hil zenean. Hark bai arrazionalizatuta zeukala euskararen erabilera administrazio publikoan zein gizartean, Araban ez ezik, baita Hegoalde osoan ere. Eta ematen duenez, berriz ere, horretara eraman nahi gaituzte betiko demokrata organiko horiek.

 

Zenbaitetan kanpokook bertakoek baino gehixeago ikusten dugu, arrotza edo berria egiten zaigunak harritzen gaituelako. Eta horrela, beste kultura bat, euskal kultura, aurkitu nuen. Integratzearren, euskara ikasi nuen, zer gutxiago beste herrialde batera joaten garenean bertako hizkuntza ikastea baino. Ibilbide horretan gurasoek lagundu zidaten, jakiteak ez duela ogirik jaten pentsatzen zutelako, eta beti ikasteko prest egon behar dugulako.

 

Ikas-prozesuak paparretik baino, bihotzetik heldu zidan. Beraz, lan kontuetan pentsatzen hasi behar izan nuenean, nik ikasitakoa helduei irakastea lan ederra izan zitekeela deliberatu nuen, badira 30 urte baino gehiago. Eta lan hori egiteagatik, lapur kuadrilla batek jendilaje eta klientelista deitu dit? Lapur, inposatzaile, alfer eta faxistak haien alderdian bila bitzate, ez dute inolako arazorik izango bai kantitatean bai kalitatean aurkitzeko. Baita gezurzale amorratuak ere: “milaka irakaslek alde egin behar izan zuten”. Agian, Oiartzabalen eskolako emaitza akademikoengatik hanka egingo zuten, orain dela zenbait urte publikoki ezagutu baikenituen.

 

Antonio Machado poeta handiaren bi ideia, arrazoi osoa baitzeukan: “es un pais de charanga y pandereta”, are okerrago, “desprecian lo que no conocen”. Hori bai, arrantza egiten dutenean, egia osoaren jaun eta jabe direla ematen du, beren buruari besterik ez baitiote aditzen. Joan daitezela antzarak ferratzera! Edo kultura apur bat hartzera! Muturreko iritziak? Ez, odolkiak ordainetan. Hau da, ezjakin horiek adierazi didaten begirune berberaz erantzun diet, barrabilak ondo berotuta baitauzkat lerdokeria eta irain horiek aditzen.

 

 

Egilea: Dabid Aldama, Euskara irakaslea

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago