Manex Agirrek duda interesgarri bat plazaratu zuen aurrekoan, estrategia ironiko hori eraginkorragoa ote den protesta eta salaketa zuzena baino. Egia esan, eraginkortasuna neurtzeko gailurik ez, eta zaila izango da zalantza hori argitzea, baina aurrekariak behintzat baditugu; izan ere, orain arte, iraintzailearen iraina desiraintzeko modurik onenetako bat izan da laidoa norberaren eremura ekarri eta indargabetzea: gogoan izan “I’m black and I’m proud” hura, eta, jakina, “Euskalduna naiz eta harro nago” ezagun hori, eta “Denok gara putak” indartsua, eta beren burua bollera eta maritxu gisa lasai-lasai hartzen duten lesbianak eta gayak…
Niri neuri, gustatu zaizkit irudia eta umorea: beharbada bai, morralla gara, arraintxoak. Eta antz fonetikoa aprobetxatuz hitz-joko tonto bat egiten uzten badidazue, are gehiago esango nuke: amuarrainak ere bagarela akaso. Ibaiaren ur-jario bortitzaren kontra tinko ekiteko gai diren animaliak, arrantzatzen dituztenean gogor borrokatzen direnak.
Bai, zergatik ez? #jesuisamuarraia