Badute zerbait iraunkorra, baina aldatzen direlako daude bizirik tradizioak. San Prudentzio Eguna ospatzeko modua ere aldatuz joan da azken urteetan. Perretxikoak eta barraskiloak ez dira beti festa honen ikur izan. Horiek baino, arkumea jaten zuen txikitan Joaquin Jimenezek (Gasteiz, 1921), Arabako folklore eta ohituretan adituak; Leyendas, mitos, cuentos,chascarrillos y otras cosas que se cuentan y oyen en Alava liburua argitaratu berri du. "Pentsa nola aldatu diren gauzak: 1937a arte ez ziren existitu ere egiten gaur egungo paseoa eta santuaren estatua; bidexketatik joaten ginen Armentiaraino; bertan, Antoniaren ostatuan eta Alto de Armentiako tabernan bildotsa jan ohi genuen, eta baita etxeetan ere; barraskiloena oraindik ez zen ohitura".
Eta zer esan erroskillei buruz. Garai hartan, ez zegoen ez salmenta posturik ez kontzerturik Armentian, ospakizun askoz ere xumeagoa zen: "Bezperan erretreta entzuten genuen, gaur egun tronpeta deien artean egiten diren tarteko dantza eta musika emanaldi horiek gabe".
Ondorengo egunean, 28an, Arabako herri askotan Aurora otoitz berezi bat egiten zuten, eta gero Armentiako baselizara joaten ziren familian, meza entzun edota agintariei dantzatzen zitzaien aurreskua ikustera, "besterik ez zen egiten". Pixkanaka, festa indartuz joan zen, eta izaera erlijiosoarekin lotuta ez zeuden ezaugarri berriak bereganatu zituen. Horretan zeresan handia izan zuten elkarte gastronomikoek.
Gaur egungo danborradaren saialdi gisa 1956an "Gargantuaren afaria" antolatu zuten lehenbizikoz. Erretreta eta gero, Gasteizko kaleetan barrena ibili ziren sukaldariz jantzitako gasteiztarrak, Gasteizko blusa kuadrillen ordezkariak, dantzariak, txistulariak eta txaranga, desfilearen ondoren Plaza Berrian gaueko erromeria ospatzeko. Lehenengo danborrada 1975an iritsiko zen, eta 2002az geroztik, kantinera eta majorettez gain, emakumeak danborrarekin irten daitezke ere, ordura arteko debekuari 2001ean planto egin eta gero.
Urteekin, ohitura berrien sustraitzearen lekuko izan da Joaquin Jimenez: errotu dira danborradak, barraskilo janak, elkarteen lehiaketa gastronomikoak, berbenak, aizkolari eta bolo txapelketak, bestelako kirol lehiaketak... "eta euri zaparradak!". Osagai zaharrek eta berriek bat egin dute arabar guztien festan. Eta, ohiturari jarraiki, aurten ere sanprudentzioetako erretreta ospatuko dute astelehenean Gasteizen, hilaren 27an, 20:00etan Plaza Berrian eta 21:00etan Probintzia plazan. German Maria Landazabal musika elkarteak eta Algara dantza taldeak girotuko dute erretreta ekitaldia. Jarraian danborrariak aterako dira kalerik kale, sukaldari eta kolorezko jantziekin; gauza bera egingo dute txikienek hurrengo egunean. Araba zortzikoarekin jaikiko dira goiztiarrenak asteartean, Arabako Diputazioko txistulari eta tronpetarien eskutik, eta Probintzia plazatik, Armentiako zelaietara egingo du jauzi jaiak. San Prudentzioren ohorezko elizkizunak amaituta, dantzarien emanaldia, herri kirolen erakustaldia eta kontzertua ez dituzte faltako zelaietara gerturatzen direnek.
'Euria nagusi'
Ospakizun horien aurretik, baina, ostiralean bertan entzungo dira danbor hotsak Laudion eta Amurrion. Herriko txikienen danborrada izango da bietan; 15:30ean hasiko da Amurrioko Juan Urrutia plazatik eta 17:15etan Laudioko herriko plazatik. Barraskilorik ere ez da faltako Aiaraldean, XXIII. lehiaketa gastronomikoa izango baitute asteburuan. Arabako Errioxan ere hainbat txokotan izango dira San Prudentzioren omenezko ospakizunak. Oionen, esate baterako, erretreta eta San Bizente ikastolak antolatutako danborrada izango dira astelehenean, 19:00etatik aurrera. Erromeria eta zezensuzkoa ere ez dira faltako gautxorientzat, eta, Larrain dantza, karakol jan herrikoia eta musika ere izango dira asteartean, jaien egun nagusian. Festa bete-betean hurrengo egunetan lurraldeko lau bazterretan.
San Prudentzio 2015, egitaraua
Aurtengo egitarauan ere ohikoak bihurtu diren zenbait ekintza burutuko dira San Prudentzio eta Estibaliz jaien inguruan: fanfarreak, erretreta, danborrada, Armentiara erromeria eta beste asko.
Larunbata, apirilak 25
Gastronomia lehiaketak (Probintzia plaza)
17:00 Arabako ohiko plateren lehiaketa
18:00 Arabako Errioxako ardoaren dastatzaileen lehiaketa
Arabako XXXI fanfarre eguna (Probintzia plaza)
18:00 Fanfarreen kalejirak hiriko kaleetan
20:00 Fanfarreen errepertorioa Probintzia plazan
Astelehena, apirilak 27
Erretreta udaletxeko balkoitik (Plaza berria)
20:00 San Prudentzioren Erretreta udaletxeko balkoitik
Erretreta Aldundiaren jauregiko balkoitik (Probintzia plaza)
21:00 Tronpetari eta atabalarien eskutik San Prudentzioren erretreta
San Prudentziotako Danborrada (Probintzia plaza)
23:00 Gastronomia Elkarteak Probintzia plazan hasita, hirigunetik zehar
Asteartea, apirilak 28
Herri dantzaldia (Arka plaza)
01:00 Herri dantzaldia Joselu Anaiak musika taldearen eskutik
Araba zortzikoa (Probintzia plaza)
09:00 Arabako Foru Aldundiko txistulari eta tronpetari banda
Armentian erromeria (Armentia)
11:00 Prozesioa basilikaren kanpoko aldean eta Apezpiku meza
12:00 Ohorezko aurreskua
12:30 Herri kirolen erakustaldia: aizkolariak eta harri jasotzaileak
18:00 Kontzertua Lisker taldearen eskutik
Zeledonen birbiloben danborrada (Hirigunetik zehar)
12:00 Ibilbidea erdigunetik zehar Ahateen iturrian hasita
Haurren danborrada (Hirigunetik zehar)
18:00 Doña Otxandan hasita, Probintzia plazara bitartean ibilbidea
Ostirala, maiatzak 1
Arabako aurresku eta dantza solteko txapelketa (Estibaliz)
12:00 Arabako aurresku eta dantza solteko XXIII txapelketa
Egilea: Itsaso Estarrona, Arabako ALEA