Negoziaketak huts eginda, bi egunetako greba hasi da Osakidetzan

hirinet 2015ko api. 23a, 02:00

Astelehen honetan elkartu ziren Osakidetzako zuzendaritza eta sindikatuetako ordezkariak mahai sektorialeko bileran. Adostasunik ez zen eman, ordea.

Sindikatuen aburuz, zuzendaritzaren jarrera “lotsagarria” da “inposizioa eta xantaia” erabiltzen baitu. Hori dela eta, murrizketen kontra eta lan baldintzak hobetzearen aldeko greba deialdia egin diote SATSE, ELA, LAB, SME-FFHH, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek 30.000 langileri baino gehiagori.

 

Atzo gaueko txandarekin hasi eta gaur eta bihar jarraituko duen greba “arduragabekeria” kritikatu du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua den Jon Darponek. Sailburuak dio “sindikatuei egindako eskaintzak eta Osakidetzako lan baldintzak kontuan hartuta, ez dagoela justifikatuta”.

 

Alta, sindikatuen arabera, Osakidetzak “3.000 lanpostu suntsitu" ditu, lanaldiaren luzatzea "inposatu" diete, eta soldatak jaitsi dizkiete. Horren aurrean, enplegua "berreskuratzea", lan karga onargarriak ezartzea eta langileen arteko soldatetan "diskriminazioak ezabatzea" eskatuko dute, besteak beste.

 

Gasteizko Txagorritxu eta Santiago ospitaleei eragingo dien greba deialdiaz gain, mobilizazioak ere izango dira. Gaur, hilak 23, adibidez, elkarretaratzea deitu dute Santiago ospitalean 12.00etan.

 

Bestalde, bi egun hauetarako ezarritako gutxieneko zerbitzuak jai egunetan aplikatzen diren berdinak izango dira.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide