Bota gabe, eraikiz

hirinet 2015ko api. 22a, 02:00

Hutsik zegoena bete dute. Gauzak beste modu batean egin daitezkeela uste duten hirurogei gazte bizi dira Gasteizko Errekaleor auzoan, Udalarenak diren etxebizitzetan.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Bilera ameslari asko eta gero, hantxe zeuden Arabako campuseko hamabi ikasle, errealitate  gordinaren aurrean, irailak 3 batean, hutsik zeuden bloke hotz zurietan sartzeko nola egin ez zekitela. Guztiak sartu? Etxebizitza bakarra okupatu? Nondik hasi? "Atea ireki eta denak sartu ginen azkenean; pisu bakar batean pasa genuen hamabiok lehen gau hura lotan, ahal izan genuen bezala, pilatuta". 26. atarira sartu ziren 2013ko arratsalde hartan Josu Ugarte eta gainontzeko unibertsitarioak, auzoan geratzen ziren bizilagun bakanen onespenarekin. Urte t'erdi ondoren, guztira hamabi atari okupatu dituzte Errekaleor Bizirik ekimenera batu diren hirurogei gazteek.

 

Malkotan hasi zen Josuren ama albistea eman zionean, baina pixkanaka, ikusi du "irribarre  atekin" itzultzen dela etxera, eta joan da ohitzen. Uharte Arakilgo hogeita lau urteko gazte honen amarentzat "karga handia zen" Gasteizen alokairu bat ordaintzea. "Gauza askori uko egin behar zion nire pisuaren errenta ordaintzeko, nik orduan ez bainuen lanik". Alokairuaren zama gainetik kentzea izan zen Errekaleorren etxebizitza bat okupatzeko bere arrazoietako bat, baina ez bakarra: "Hasierako bileretan parte hartzen genuen laupabost ikasleok proiektu oso bat eraiki nahi genuen, beste bizimodu bat errealitate bihurtzeko: kontsumo eredu jasangarria abiatu, modu kolektiboan antolatu, autogestioa gauzatu, alternatibak sortu". Naiara Arnaiz Etxenausia lan on bat aurkitu eta gurasoen etxetik alde egiteko planarekin etorri zen  Lantziegotik Gasteizera. Irailean heldu, lanean hasi eta, hiriburuan aitarekin bost hilabetez bizi ondoren, pasa den otsailean mudantza egin zuen. "Independizatu ahal izateko aukerak erakarri ninduen, gainera beti sinestu izan dudalako okupazioan; baina gero, behin hemen, konturatu naiz Errekaleor Bizirik ez dela bakarrik okupazioaren bidez etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko modu bat, baizik eta bizitza eredu berri oso bat gauzatzeko tokia". Ideia teorikoak praktikan jartzeko aukera da haientzat Errekaleor; "betidaniko ametsak gauzatzekoa".

 

 

Batez ere,  gasteiztarrak

Hasieran Gasteizera ikastera etorritako unibertsitarioak ziren Errekaleor Bizirik mugimenduko kide gehienak. Proiektua zabaltzen joan den heinean, ordea, taldearen osaera ere aldatuz joan da. Josu Ugartek azaldu duenez, gaur egun, batez ere Gasteizko gazteak daude, eta ondoren bizkaitarrak; Arabako Errioxakoak ere badaude, eta napar baten bat. Batzuk, ikasleak, besteak, langileak, eta badago ere ikasi eta lan egiten duenik, edo bata zein bestea egiten ez dituenik ere. Igandero egiten dute batzar nagusi bat, auzoko bizitza antolatu eta egitasmoaren norabidea adosteko. Hainbat batzorde dituzte ere, tartean baratzaz arduratzen den bat, kultura jarduerak antolatzen dituen beste bat eta barne harreman onak bermatzen saiatzen dena. Asko dira astean zehar antolatu ohi dituzten jarduerak: asteartetan zine emanaldia auzoan; asteazkenetan, doako euskara klaseak (badago haien artean sei hilabetetan ikasi duen kataluniar bat); ostegunetan, gaztetxeko programazioa; eta abar luzea. Gasteiztik kanpo ere irten dira, euren proiektuaren berri ematera.

 

 

Auzo aldarrikatzailea

Haiek iritsi baino lehen bertako hasierako auzokideek egindako lanaren lekukoa hartu nahi izan dute gazteek: "Gasteizera lanera zetozen etorkinentzat eraiki zen auzo hau txabolismoarekin bukatzeko, baina pisu blokeak baino ez zituzten altxatu, eta taberna, gizarte etxea, liburutegia  eta zinema edukitzeko, lan handia egin zuten auzokideek, antolatuz". Josu Ugarteren hitzetan,  horren adibiderik garbiena Romualdo Barroso da, 76-ko martxoaren 3an poliziak hil zituen bost biktimetako bat, "berak eta haren aitak borroka handia egin zutelako auzokideentzat ekipamenduak eta zerbitzuak lortzeko". Gainontzekoenak bezala, Romualdo Barroso senior eta  junior, aita eta semea bizi ziren pisuaren leihoak zementuz hormatu zituen Udalak. Orain, euren logeletako leihoen azpian haien irudia margotu dute errekaleortar berriek. Ondoan, halaxe diote hitzek: "Nolako zura, halako ezpala". Ez da auzoko horma-irudi bakarra: badaude ere bisitariei ongi etorria ematen dien margolan erraldoi bat, Hassana Alia gazte sahararraren aldeko beste bat, frankismoak garrotez hil zuen Salvador Puig Antich anarkistaren irudi bat, azken Korrikari buruzko mural koloretsu bat eta margotu duten azkena: "Errekaleor argitzen jarraituko dugu" leloa.

 

 

Kaleratzeko arriskuan

Jertse lodiak jantzita eta berogailu elektrikoak itzalita: argirik gabe daude Errekaleorreko  gazteak pasa den martxoaren 31tik. Izan ere, argi instalazio zaharra arriskutsua zela eta, argindarra eten baitzuen Iberdrolak, Gasteizko Udalaren txosten batean oinarrituta. Ez da  irekita duten fronte bakarra: Ensanche 21 udal-enpresak auzitegietara eraman du auzoan okupatu zuten lehenengo ataria, 26a. Epaiketarik ez da egingo, aldeek aurkeztutako dokumentazioan oinarrituko baita epailea. Datozen asteetan ezagutuko da epaia. Ensanche 21 udal enpresak dio ilegalki okupatuta daudela pisuak. Aldiz, gazteen abokatuak erantzun du Udalak berak etxebizitzen okupazioa baimendu zuela urrian, osoko bilkurak mozio bat onartu zuelako EH Bildu eta PSE-ren baiezko bozkekin. EAJ abstenitu egin zen eta PP-k kontra  bozkatu zuen. Mozio hartan, bertan bizitzeko baimena aitortzen zitzaien gazteei, Udalak haien proiektuarekin bateraezina den hirigintza-proiektu bat burutu arte. Edonola ere, nahiz eta Ensanche 21 udalaren enpresa bat izan, formalki erakunde ezberdina da. Ondorioz, ebazpenaren zain daude auzokideak, eta kanpaldia egingo dute Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan.

 

 

Oraingoz, Udalak ez du auzoarentzat B planik, jatorrizko asmoak porrot egin eta gero. Hamahiru urte pasa dira 2002an auzokideekin lehenengo birkokatzeak negoziatzen hasi zenetik. Tantaka, familiak auzo berrietara eraman zituen, Errekaleor eraitsi eta bertan 330 pisu eta familia bakarrak eraikitzeko helburuarekin. Eztanda egin  zuen gero adreiluaren  burbuilak, eta eraikin berriak altxatzeko asmoa bertan behera utzi zuen, hogei milioi euro gastatu ondoren. Gaur egun, hormigoizko errenkadak eraisteko aurrekonturik ez du. Bitartean, Josu eta Naiara ez dute kaleratzean gehiegi pentsatzen. Aurrera begira daudela diote.  Lantziegoko gaztearen hitzetan, "auzo aske" bilakatzeko pausoak eman behar dituzte oraindik: "Izena jarri diogu, baina baditugu egin beharrekoak, autosufizientzia energetikoa eta elikadura subirautza gauzatzeko, esaterako". Horretan dabiltza, euskaraz, harro baitiote Errekaleor "euskara gehien entzuten den auzoa dela”.

 

 

SEI LANTALDE

Baratza: ortua eta oilotegia.

KOD taldea: kultura jarduerak, diruzaintza eta Gaztetxeko osteguneko programazioa.

Autodefentsa: kanpoko erasoei eta barneko gatazkei aurre egiteko.

Harremanak: proiektukideen arteko harremanak lantzeko.

Emakumeen taldea: generoa eta feminismoa.

Komunikazioa: ez dago berez batzorde bezala antolatuta, "baina badago komunikazioan lan fina egiten ari den gazte multzo bat".

 

GUNEAK

Gizarte etxea: liburutegia, sukaldea, jantokia.

'Zarata': dohaineko denda, gauzak utzi eta hartzekoa.

Entsegu lokala: Musikgerrilla kolektiboa ari da obrak egiten, garai bateko auzoko dendan.

Haurreskola: auzotik kanpoko guraso talde batek prestatu eta kudeatuko du, gizarte etxean.

Zinema: auzoak badu areto bat, baina argia eten zietenetik, kalean egiten dute, asteartero 22.00etan.

Beste batzuk: frontoia, baratza,oilotegia.

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide