Irakurzaletasuna bultzatzeko 'Irakurri, gozatu eta oparitu' egitasmoa martxan jarri du Topaguneak Arabako zazpi herritan

hirinet 2015ko api. 21a, 02:00

Apirilaren 23an ospatuko den Liburuaren nazioarteko egunean, Euskaltzaleen Topaguneak Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoaren bederatzigarren edizioa jarri du martxan, zenbait euskara elkarte, Udal , liburutegi eta liburu dendarekin batera.

 

 

 

Irakurri, Gozatu eta Oparitu ekimena Euskal Herri osoko 42 herritan egongo da martxan, horietako zazpi Araban. Irakurzaletasuna bultzatzea xede duen egitasmo honek herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu, irakurtzearen alde atsegin eta gozagarria azpimarratuz eta parte hartzaileei abantailak eskainiz.

 

Araban, Euskaltzaleen Topaguneaz gain, ondokoak izango ditu bidelagun egitasmoak: Agurain, Asparrena, Dulantzi, Legutio, Urkabustaiz, Zigoitia eta Zuiako Udal eta liburutegiak, eta Urkabustaizeko Lan eta Jolas elkartea. Aguraingo Eguzki eta Txirrita, eta Gasteizko Mara-mara, Jakintza, Zuloa eta Elkar liburu dendak ere ezinbesteko kolaboratzaileak izango dira.

 

Bi hilabeteko iraupena izango du kanpainak, ekainaren 30era arte egongo da liburutegietan erosketa-txekeak lortzeko aukera eta uztailaren 11 artekoa horiek liburu dendan erabiltzeko.Irakurri, gozatu eta oparitu ekimenaren bueltan bestelako literatur jarduerak ere antolatuko dira, hala nola solasaldiak idazleekin, liburu azokak, irakurketa musikatuak eta abar.

 

Hiru urrats: irakurri, gozatu, oparitu

Hiru pausu eman behar dira kanpaian honetan parte hartzeko. Lehenik eta behin, irakurri, euskaraz, jakina. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango da. Ondoren, gozatu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli eta fitxa sinple bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua, iritzia,... Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango du, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko. Aguraindarrek bertako Eguzki eta Txirrita liburu dendetan egin ahalko dute eta gainontzeko herrietako parte hartzaileek Gasteizko Mara-mara, Jakintza, Elkar edo Zuloan. Azkeneko pausua liburua oparitzea izango da. Eta horretarako, liburutegian jasotako txartelarekin, euskarazko beste edozein libururen prezioaren %25 ordaindu ahalko da (  %50  mintzalaguna/berbalaguna kideen kasuan).

Horrez gain, maiatza eta ekaina bukaeran, 30 euroko erosketa-txekea bana zozketatuko da, hile horretako parte hartzaileen artean, parte hartuko duten zazpi herrietako liburutegi bakoitzean.

 

Hirinet FM irratsaioan Manuel Morenori egindako elkarrizketa entzun (2015/05/27):

 

{mp3}elkarrizketa_irakurri-gozatu-oparitu_manuelMoreno{/mp3}

 

 

 

Informazio gehiago: Topagunea; Irakurri, Gozatu, oparitu

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide