Unax Ugalde, aktorea: "Bertako pelikulak babesteko, mugak jarri behar ditugu"

hirinet 2015ko api. 20a, 02:00

Betebehar profesionalek uzten diotenean, etxera bueltatzea beharrezkoa duen horietakoa da Unax Ugalde aktorea (Gasteiz, 1978). Atlantikoaren bestaldean hiru hilabete eman ondoren, Gasteizera egin duen bisita laburra aprobetxatu dugu bere azken proiektuez, zinemaren egoeraz eta etorkizunaz solas egiteko.

 

Mexikotik etorri berri zara, hemen aukera gutxi al dago?

Orain Madrilera itzuli naizela, hobeto ikusi dut dena. Baina egia da, zinemaren industrian behintzat, egoera ez da oso ona. Oraindik ere %21eko BEZak jarraitzen du eta honek min handia egin digu.

 

Hiru hilabete eman dituzu kanpoan. Zerk eraman zaitu Latinoamerikara?

Manual de principiantes para ser presidente pelikula grabatzen egon naiz, Amaia Salamancarekin. Mexikoko presidentearen papera egin dut. Gobernatzaile gazte batek, bere herrialdeko politikak funtzionatzen ez duela ikusita, presidente izateko hautua egiten du.

 

Azken honekin, lau dira itsasoaren beste aldean egin dituzu pelikulak…

Bai, orain bost urte inguru Cefalópodo eta Tequila, historia de una pasión filmak egin nituen Mexikon. Ondoren, Che, el argentino filma egin nuen Kanpechen. Eta gauzak ikusita, ez da joango naizen azken aldia izango.

 

 

Zertan da ezberdina Latinoamerikan egiten den zinema?

Ez dago ezberdintasun handirik, baina alde teknikoari dagokionez, aldea dago. Oso ondo egituratuta dago, Estatu Batuetatik eragin handia duelako. Eskarmentu eta talentu handia daukate. Leku guztietan zinema modu berdintsuan egiten dela esan daiteke. Inportanteena aurrekontua izaten da. Handia denean, gauzak lasaitasunez eta xehetasunez egiteko aukera dago.

 

Kultur politikak ere ezberdinak dira…

Bai, ezberdintasun ugari dago. Adibidez, pizgarri fiskalak oso altuak dira. Ez bakarrik Mexikon. Kolonbian, esaterako, %40ko desgrabazio fiskala dute. Hori dela eta, mundu osoko grabaketa asko bertan egiten dira eta Espainiako ekoiztetxe asko gauza bera egiten ari dira.

 

Han zuen lanari etxean baino balore gehiago ematen zaiola iruditzen zaizu?

Espainiako Gobernuak nire sektorean hartu dituen neurriak guztiz errepresiboak dira. Alor honek pentsarazi egiten du, kritikoa da, eta egungo egoeraren isla. Horregatik, modu zuzenean erasotu dute eta ez diote babesik eman.

 

Hauteskundeak gertu daudela, zinemari dagokionez zein neurri ikusi nahiko zenituzke alderdien programetan?

Nik beti merkatuaren babesaren alde egin dut. Gaur egun, zure herrialdeko industria batek ez badu indarrik kanpokoekin lehiatzeko, neurririk onena mugak ixtea izango litzateke. Adibidez, Estatu Batuetatik datorren 250 milioi dolarreko pelikula bat eta hemen 1,5 milioi eurokin egin den pelikula bat ikusteak ez luke berdin kostatu behar. Hortaz, atzerriko pelikula horrek gehiago ordaindu beharko luke eta ehuneko hori zuzenean gure industria hobetzera bideratu. Orain urte batzuk metodo berdina erabili zuten Estatu Batuetan altzairua babesteko. Metalurgiaren industria ahula zen han eta, indartzeko, zerga altuak ordaindu behar zituzten Europako altzairua erosten zuten enpresek. Diru hori industria bera indartzeko erabili zuten. Finean, zure merkatua eta zure herritarrak babestea da.

 

Ez da etxetik alde egiten duzun lehenengo aldia. Orain urte batzuk, aktore izateko, Euskal Herritik Madrilera salto egin zenuen. Gogorragoa da orain?

Bai. 23 urterekin edozer gauza egiteko prest zaude, gogotsu. Baina 36 urterekin pereza gehiago ematen du. Batez ere, denbora tarte luzeak direlako, gero eta gehiago kostatzen zait familiatik eta maite ditudan pertsonetatik urruntzea.

 

Euskal zinema sasoi onean dagoela esan daiteke. 'Loreak' edo Kepa Sojoren 'Loco con Ballesta' pelikulak Goya sarietan izan dira. Nola ikusi dituzu?

Loreak maisulana da. Goenagak eta Garañok lan itzela egin dute eta zalantzarik gabe, urteko pelikula da. Kepa Sojoren lanari dagokionez, asko pozten naiz. Jakin badakit sari asko irabazi dituela eta gainera, bertan Andres Gertrudix eta Karra Elejalde nire lagunak agertzen dira. Aurtengo uzta bikaina izan da eta urte gogoangarria izango da.

 

 

Uzta horren barruan ‘Lasa eta Zabala’ pelikula dago. Zein da lan honekin publikotik jaso duzun erantzuna?

Egitate bat azaltzen duen pelikula gogorra, kritikoa eta aldi berean, errealista da, agian Europa demokratikoan izan den gertaerarik tragikoena. Gidoia irakurri nuen momentutik, jakin banekien ikusteko gogorra izango zela baita kontatzen duen istorioagatik polemika sortuko zuela ere. Hedabideetan ez dituzte inoiz gertaera hauek ondo kontatu. Esperientzia ezberdina izan da, ez naiz inoiz halako istorio tragiko batean hainbeste inplikatu. Horrez gain, pelikularen atzean beste pelikula bat egon da, inguruan sortu den zurrunbiloa dela eta; jendearen iritzia, gurekin izan diren senideen mina... Markatu nauen esperientzia izan da.

 

 

Pelikula honek ateak itxi al dizkizu?

Ez dut uste. Komunikabideek estigmatizatu dutela esango nuke, ez baitira mugatu pelikularen kritika zinematografikoa egitera. Errespetuz egindako lana da, giza-eskubideak ditu hizpide. Nire ustez gauzak ondo ulertzeko eta aurrera egiteko tresna baliagarria izan zitekeen eta jende askok esan dit hasieran zituen aurreiritzi desitxuratuak aldatu dituela.

 

Lehen ez zenuen Estatu Batuetara joateko aukera aurreikusten, baina orain, badituzu bertan egiteko hainbat proiektu. Zer dela eta aldaketa hori?

Mexikon egon naizenean, bertan zein Los Angelesen lan egiten duen agente berri batekin hasi naiz lanean eta proposamenak jasotzen ari naiz. Estatu Batuetan aukera asko dago. Benetan konbentzitzen nauen proiektuaren zain nago, aldaketa handia delako. Dena den, hemen, nire lanbidean behintzat, udaberria hasiko dela uste dut eta espero dut loreren bat harrapatzea.

 

Etxetik gertu, duela hamar urte buruan darabilkizun proiektu pertsonalagoa duzu esku artean: martxoaren 3ko gertaeren inguruko filma. Zerbait aurreratzerik?

Aspaldi nabil ideia horrekin buruan. Nire aitak Forjasen egiten zuen lan, hildako bat nire aitaren lankidea zen. Filmaren gidoia prest dago eta zuzendaria ere badu. Ezin dut gehiago aurreratu, baina bai, proiektua aurrera doala ematen du.

 

 

Zuzentzeko izateko grina ere baduzu. Noiz ikusiko dugu zure lehen lana?

Etorkizuneko asmoen artean antzerkia egitea eta lan bat zuzentzea daude. Berez, badaukat film labur bat idatzita eta datorren urtean egitea da asmoa. Gasteizen grabatuko da.

 

Egunotan, Gasteizen, Gora Gasteiz bezalako ekimenetan parte hartzeko aprobetxatu duzu. Zergatik?

Kolore asko dituen hiri batean sinesten dudalako. Javier Maroto alkateak immigranteen aurka egindako adierazpenak propaganda kanpaina hutsa dira, eta bere nahia Gasteizen gorrotoaren hazia jartzea izan da. Nolabait lortu duela esango nuke, jende asko nahastuta dagoelako.

Krisi garaian oso erraza da jendeak pentsatzea besteek lapurtzen diotela eta bere jatorriagatik kolektibo bat erasotzea oso arriskutsua da. Hau ez da niretzako ezta nire seme-alabentzat nahi dudan hiria. Mundua hazten ari da, mugak zabaltzen ari dira eta hiriak kultura, jatorri eta arraza ezberdinetako norbanakoekin eraikitzen ari dira. Gure burua ireki behar dugu, hau baita  etorkizuna eta eskutik helduta bizi behar dugu.

 

Kultura arloan, egitasmo berriak jaiotzen ari dira Gasteizen, hala nola, Baratza aretoa, Azala Kreazio espazioa, Intacto festibala… Nola ikusten duzu Gasteiz?

Pozgarria da halako proiektu berriak ikustea; etorkizunean egitura kultural sendo bat eraikitzea lortzen badugu, kanpoan gaudenak egunen baten itzultzeko aukera izan genezake.

 

 

 

Argazkiak: Nahikari Mora

 

 

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago