Espaloiaren erabilerak nabarmen egiten du gora bizikletentzako biderik ez dagoenean

hirinet 2015ko api. 16a, 02:00

Gasteizko txirrindularien portaera aztertzeko asmoz, Bizikletaren Behatokiak 2012an eta 2013an egindako azterlanak eguneratu ditu. Txostenaren arabera, bizikleten joan-etorri gehienak hiriburuko kale nagusietan ematen dira: besteak beste, Alava Jeneralaren kalean, Gasteiz hiribidean, Senda ibilbidean, Errege-erregina Katolikoen kalean eta Frantzia kalean.

 

Orotara, espaloiaren erabilera %30 ingurukoa da, baina aldea biziki handia da kale ezberdinak aztertzen direnean. Adibidez, bizikletentzako egokiturik ez dagoen Errege-erregina Katolikoen kalean txirrindularien %82 espaloitik doa. Ziurrenik, txostenak jasotzen duen bezala, haren ordezkoa izan daitekeen kalerik ez dagoelako. Nabarmentzekoa da ere espaloi gainean bizikletarentzako propioa den bidea duten kaleetan (Senda ibilbidea, Gasteiz hiribidea) txirrindulariak bide horretatik doazela kasuen %99an.

Aldi berean, azterlanean behatu diren hiru kale lasaituetan (San Antonio, Gorbea, Done Jakue) desberdintasun handiak. San Antonion, esaterako, espaloiaren erabilera %3koa da, Gorbea eta Done Jakuen, aldiz, %33koa da. Seguraski eragin handia izango du San Antonio kalean automobil gutxi egoteak. Horrez gain, Gorbea kalean egoera okertu da aurreko urtearekin alderatuta, espaloitik behatu ziren bizikletak %15,8 izan baitziren. Txostenak dio txirrindulariek oraindik ez dutela sumatzen kale hori segurua denik. Gainera, auto askok kontrako zentzuan dagoen bizikleta bidea okupatzen dute.

 

Azterlan berri honetan, genero ikuspegia landu da baita beste hainbat kontu ere: giltzarrapoen, argien eta beste segurtasun gailu batzuen erabilera.

 

Txostena irakurri

 

Istripu mortala

Bestetik, atzo arratsaldean bizikletan zihoan emakume bat zendu zen Sansomendi auzoan. Ezbeharra, 18.45ak aldera jazo zen. 47 urteko emakumezko bat zebrabide bat bizikletan igarotzen ari zela auto batek harrapatu eta momentuan bertan hil zen.

 

 

Honen inguruko albiste gehiago:

 

Ruben Rodriguez, Bizikleteroak: "Elurteetan, kotxeei ematen zaie lehentasuna; bizikletak ahazten ditu Udalak"

 

Bizikletaren erabilerak gora egin du Gasteizen, zirkulazio araudi berriak urte bete egin ostean

 

'Gasteizko Bizikleteroak' elkarteak zirkulazioaren dekretu berria desegokia dela dio

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide