Hauteskundeetarako hautagaien konpromisoa bilatu nahi du Fracking Ez plataformak abiarazi duen kanpaina berriak

hirinet 2015ko api. 15a, 02:00

Fracking Ez plataformak “Nire bozka: fracking ez” kanpaina berria abian jarri du. Oraingo honetan, ekimena datozen udal eta foru hauteskundeetarako hautagaiei zuzenduta dago eta sinatu beharreko konpromiso politiko bat eskaintzen zaie.

 

Helburu nagusia haustura hidraulikoaren aurrean “indarrak metatzea eta konpromiso politikoak batzen jarraitzea” dela adierazi dute plataformako bozeramaileek, gaur goizean eman duten prentsa aurrekoan.

 

Horrela, frackingaren aurrean alderdi politiko bakoitzaren jarrera zein izango da argi geratzea ezinbestekotzat jo du plataformak. “Kontutan hartu behar da gure herrietan frackinga egingo den edo ez erabakitzeko hurrengo legegintzaldia erabakigarria izango dela”, zehaztu du. Horretarako, hautagai guztiei gai honen inguruan hartuko duten konpromiso politikoa zehazteko dokumentua helaraziko zaie.

 

Izan ere, kanpaina gaur aurkeztu duen arren, alderdi politiko ezberdinekin lehendabiziko harremanak izan dituztela azaldu du. Hemendik aurrera eta hurrengo hiru asteetan zehar kanpaina hau burutuko dute eta maiatzaren 12an lortuta emaitza gizarteratuko dute. Horrela, udalerri bakoitzean lortutako emaitzen berri herriz herri emango dute, “bertako alkategaiek frackingaren inguruan zer pentsatzen duten jakinda hautesleek bere bozka eman dezaten”.

 

Gai honi lotutako albiste gehiago

Frackingaren aurkako kanpaldia egingo dute uztailean Subilla-Gasteiz inguruan

103.589 sinadura Frackingaren kontra

Azaitz Unanue: “Fracking-aren teknika debekatuko duen legea aurrera ateratzea da Herri Ekimen Legegilearen helburua”

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide