Bookcrossinga, arteari eta literaturari buruzko erakusketa bat, testuen jendaurreko irakurraldia eta kontzertu bat Artiumen Liburuen Nazioarteko Eguna ospatzeko

hirinet 2015ko api. 13a, 02:00

Artium zentro-museoak Liburuen Nazioarteko Eguna ospatuko du datorren ostiralean, apirilak 17, jarduera-programa zabal batekin.

 

Liburu-erakusketa batek arte plastikoen eta literaturaren artean dauden loturak ekarriko ditu gogora, eta aldamenean kultura garaikidearekin zerikusia duten testuen jendaurreko irakurraldia egingo da berriz ere. 12.00etan, arte eta kultura garaikideko testuen irakurketa-maratoia hasiko da, Artium orain hamar urte antolatzen hasi zen jarduera. Parte hartu nahi duen guztia hurbil dadila Liburutegira bere irakurtzeko eta artearekiko grina partekatzera, nahiz norberak aukeratutako testu bat, nahiz Museoak prestatu duen bat irakurriz. Irakurraldia arratsaldeko zazpiak arte luzatuko da, eta komeni da parte hartu nahi duenak biblioteca@artium.org-era idatzi eta txanda eskatzea.

Egunari amaiera emateko, Esan Ohi Da Taldea seikoteak jazz-kontzertu bat emango du maisu ezagunen lanekin osatua, duela gutxi hil den Claudio Cifuentes «Cifu»-ren omenez.

 

Bookcrossing


Liburuen Nazioarteko Egunaren programa osatzeko, ospakizunaren egunean bertan, apirilaren 23an, bookcrossing edo liburuak askatzeko kanpaina berri bat abiaraziko da, dagoeneko bederatzigarrena. Aurten ere 50 museo eta arte-zentrok parte hartuko dute esperientzia horretan, liburutegietan bikoizturik dauden aleak hirietan zabaltzeko. Artiumen Liburutegiaren ekimenez, ekimen honetako parte-hartzaileek zenbait milaka liburu askatuko dituzte, aurkitzen dituztenek irakurri ondoren munduko beste toki batzuetan aska ditzaten. Ekimen honen helburua irakurtzeko ohitura sustatzea da, eta museoetako liburutegietan gordeta dagoen kultura-adar batzuetako eta besteetako jakintza zabaltzea.

 
Aurtengo kanpainan, Artiumek 50 bat arte-, argazki- eta arkitektura-liburu askatuko ditu, behar bezala identifikatu eta erregistratuak, Arabako hainbat tokitan: Unibertsitate-Kanpusean, Vitoria-Gasteizko tranbia-geltokietan, lurralde osoko kirol- eta ostalaritza-guneetan… Liburu horiek beste zentro batzuekiko elkatrukerako programaren ondorioz pilatutako liburu bikoiztuen funtsekoak dira.

   
Esperientzia honetan parte hartzeko nahikoa da liburuen azalean eta barruan aurkitzen diren pegatinetako erabilbideei jarraitzea. Hiru erreen araua —ingelesezko Read, ‘irakurri’, Register, ‘erregistratu’ eta Release, ‘askatu’— errespetatuz gero, liburu bakoitzaren nondik-norakoa ikusi ahal izango da www.bookcrossing–spain.com orrian. Aurreko urteetan, Artiumek «askatutako» liburuak Parisen, Erroman, New Yorken eta Kairon aurkitu dira.

 

Informazio gehiago: Artium zentro-museoa

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago