Iudari elkartea Trebiñuko Konderrian eta inguruko eremuan ari da lanean, ekologiarekin eta landa-arloarekin lotutako gaiak jorratzeko asmoz: elikagai eta soro ekologikoak, zentzuz kontsumitzea, herri usadioak eta beste hainbat. Argote herrian baratze ekologikoa dauka tokiko produktuak ekoizteko. Horrez gain, urtean hainbat tailer praktiko eskaintzen ditu, bazkideen nahiz interesa duten beste guztien artean landa-eremuko hainbat gai interesgarri modu praktikoan azaltzeko, hala nola ogigintza, odoloste-tailerra, eta oraingo azken hau, esnekigintzari buruzkoa. Izango da besterik. Interesik izatekotan, jo ezazue www.iudari.org web gunera.
Larreako Uriburu esnetegiko Javier Segurak eta Eva Lopez de Arroiabek eman zuten Parizako tailerra, oso modu praktikoan eginda gainera; izan ere, autoa goitik behera bete zuten esne-pegar, lapiko, ontzi eta abarrekin. Bikote honek 18 urte inguru daramatza behi-esne eta esneki lanetan eta ederto daki, zalantzarik gabe, zertan datzan kontua. Jakiteaz gain badago aipatu beharreko beste faktore bat, izugarri garrantzitsua dena halako tailerretan: Bai Evak bai Javierrek benetako ilusioa eta gogoa jarri zuten gauza guztiak azaltzeko eta bertaratuon galderak erantzuteko orduan.
Biek toki-tokian erakutsi zuten nola egiten diren, behi-esnea erabilita, gazta freskoak, jogurtak, gaztanbera eta gazta-krema. Ardi-esnearekin, berriz, mamiak egin zituzten. Prozesu osoan esnearen tenperatura kontrolatzea ezinbestekoa dela argi azaldu zuten. Eguerdian tailerra bukatutzat eman zuten eta bildutakook elkarrekin bazkaldu genuen giro ederrean, goizeko zenbait produktu egin berri eta etxetik ekarritako beste hainbat dastatzeko. Gure artean sukaldari onak daudela egiaztatu genuen berriz ere.
Aukera aprobetxatu nahi dut Evari eta Javierri eskerrak emateko eta bertoko ekoizleen produktuak kontsumitzea zein inportantea den gogorarazteko guztioi. Behar ditugu eta behar gaituzte.
Bukatzeko, esan behar da umeek ere primeran pasatu zutela Parizan, sukaldaritzak normalean interes handirik pizten ez dien arren. Iudariko bazkide batek papiroflexia-tailerra eskaini zien, helduok esneari ekiten genion bitartean. Argi geratu zen Oscar eta umeak artista hutsak direla eta ikustekoak ziren haurrek egindako figurak, benetan. Neu bezalako trakets batentzat hura zen miraria!
Egilea: Andoni Llosa Samiano