Umeentzako eta gazteentzako udalekuetan izena emateko epea zabalik

hirinet 2015ko api. 8a, 02:00

Arabako  Foru Aldundiak umeei eta gazteei zuzendutako Udaraba programa aurkeztu du, hiru programez osatuta: Udalekuak, Gazte Bidaiak eta Mintzagunea-Barnetegia.

Udako kanpaina honen eskaintza 7 eta 17 urte bitarteko ume eta gazteei zuzenduta dago eta izena emateko epea apirilaren 17an amaituko da.

 

 

 

 

 

Udalekuak

7 eta 13 urte bitarteko umeei zuzenduta dago eta guztira 2.210 plaza daude Araban. Udalekuak euskaraz, elebidunak edo hirueledunak (euskara, gaztelania eta ingelesa) izango dira eta arloka antolatuko dira; ingurugiroari lotutako jarduerekin, kirol-ekintzekin edo artisau-tailerrekin, besteak beste. Araban lau gune ditu Aldundiak: Zuatzako irla, Barria eta Espejoko aterpetxeak, Valderejoko parkea eta Izkiko kanpalekua. Bizkaian eta Gipuzkoan beste 12 leku hauek eskaintzen ditu: Gorliz, Urduña, Lapurreketa, Lurraska, Lauaxeta, La Arboleda, Legasa, Orio, Zarautz, Hondarribia, Segura eta Sastarrain.

Kanpaina hau uztailaren 1etik abuztuaren 14ra bitartean gauzatuko da. Prezioari dagokionez, 7 eguneko udalekuak 118 euro eta 10 eguneko txandak 172.

 

 

Gazte bidaiak

14 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Guztira, 581 plaza daude eta askotariko jarduerak egiteko aukera emango dute, besteak beste, musika, argazkigintza, ingurugiroa, mendia, hondartza, ingelesa edo arte eszenikoekin harremana dituztenak. Besteak beste, GazteRock kanpalekua, Ezagutu Madril argazkigintzaren bitartez, Nafarroa bizia, Mediterraneoko Melilla, Landak eta Bordele edo Ingelesezko udalekua Espejon aurkitzen dira eskaintzen artean. 7 eguneko txandak 196 euroko prezioa izango du, 15 egunekoa, aldiz, 422 euro.

 

 

Mintzagunea Barnetegia

Barnetegia euskara ikasteko murgiltze programa da, Arabako 10 eta 14 urte bitarteko neska-mutilei zuzendua eta honako helburuekin: ondo pasatzea eta euskara erabili, ulertu eta ikastea jolas giroan eta modu trinkoan, ikasturte hasierari begira. Barria eta Espejoko aterpetxeetan egiten da. Guztira, 150 plaza eskaintzen dira: horietatik 110 Barrian, 10 eta 12 urte bitarteko umeei zuzendua eta gainontzeko 40 plazan Espejon, 13 eta 14 urteko umeentzat.

 

Izena emateko eta informazio gehiago: Udaraba 2015

 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide