Arabako Auzitegiak Nafarrate auzia artxibatu du

hirinet 2015eko apirilaren 1a

Arabako Auzitegiak Xuban Nafarrate bere kabuz erori eta zauritu zela ebatzi du. 2012ko martxoaren 29ko greba orokorrean Ertzaintzak egindako oldarraldi baten ondoren, Zainketa Intentsiboen Unitatean 6 egun eman zituen gazte gasteiztarrak.

 

Nafarrateren zauriak pilotakada batek eragindakoak zirela ezin dela frogatu dio Jesus Alfonso Poncela epaileak. Hortaz, gazteak bost ertzainen kontra jarritako salaketa atzera bota du eta aurretik Gasteizko Instrukzio Epaitegiak ebatzitakoa berretsi.

Orain hiru urte izandako greba orokor horretan Rodolfo Ares zen Herrizaingo Sailaren burua eta, orduan, defendatu zuten “bertsio ofizialak” zioen “Nafarrate eta beste zenbait lagun edukiontziak gurutzatzen ari zirela, eta, ertzainei ihesi lasterka hasi zenean, erori, eta espaloi ertz baten kontra kolpea hartu zuela”. Aldiz, Xuban Nafarrateren sendiek zeharo desberdina den bertsioa defendatzen dute eta halaxe egin zuten ere 2012an Legebiltzarrean izandako agerraldi batean. Haien ustetan, lau metrotik bota zuen Ertzaintzak pilotakada bat eta horren ondorioz lurrera jausi eta buruan hartu zuen kolpea.

2012ko urtarrilean Gasteizko Instrukzioko 2. Epaitegiak “bertsio ofizialarekin” bat eginez gazteak bost ertzainen kontra jarritako salaketa artxibatu egin bazuen ere, urtebete beranduago Arabako Lurralde Auzitegiko Bigarren Aretoak Xuban Nafarrate gaztearen auzia berriro ere ikertzea eskatu zuen.

Atzo bertan ezagutzera eman zen autoan, berriz, Arabako Auzitegiak auzian zeuden “zalantzazko puntuak” argitu dituela dio. Halaber, greban izandako istiluei Ertzaintzak “neurrizko erantzuna” eman ziela ondorioztatzen du.

 

Honen inguruko albiste gehiago:

 

Xuban Nafarrateren auzia ireki du Arabako Auzitegiak

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago