‘Laguntza Justuagoak’ plataforma lizentziarik gabe jardun izanagatik, berriro ere, jomugan

hirinet 2015ko mar. 31a, 02:00

Lizentziarik gabe dihardutela-eta, ‘Laguntza Justuagoak’ plataformaren lokala ixtea eskatu du EAJk. Gasteizko EAJko udal taldeko zinegotziak, Alvaro Iturritxak, atzo baieztatu zuenez ‘Laguntza Justuagoak’ plataformak hiru hilabetez darama jarduteko lizentziarik ez duen lokal batean sinadurak biltzen.

“Egun, lokal horrek martxan jarraitzen du,  PPk mesede-tratua eman dio bere plataforma bati eta ez dizkio beste edozein herritar edo enpresari eskatzen zaizkion nahitaezko agiriak eskatu”, salatu du Iturritxak.

 

Diru sarrerak bermatzeko errentaren baldintzak gogortzeko xedez sinadurak batzen dabiltzan ‘Laguntza Justuagoak’ plataformak 2014ko abenduaren 22an inauguratu zuen Posta kaleko lokala, Javier Maroto bertan zela. Alkatearen bertaratzeak polemika piztu zuen. EAJko udal taldeak jakitera eman duenez, hilabete geroago, Miguel Garnica Hirigintza zinegotziak legeari jarraiki funtzionatzeko ohiko agiriak eskatu behar zaizkiola planteatu zion plataformari  txosten batean. Baina, azaldu moduan, “txosten hori ez zen inoiz izapidetu eta kaxoi batean gorde zen, plataformak bere jarduerarekin jarraitzen zuen bitartean”.

 

Hala ere, aurreko astera arte gobernu taldeak egoera erregularizatzeko izapideei ez ziela ekin adierazi du Iturritxak; hori dela eta, martxoaren 27ko osoko bilkuran egoera salatu zuten. Garnicak sinatutako probidentzian 10 eguneko epea ematen zitzaion plataformari agiriak aurkezteko. Horrez gain, “adierazitakoa bete arte jarduera eteteko" agindu eta "hori betetzen ez bazuen, jarduera eteteko eta lokala zigilatzeko aginduko zela eta 500 eta 5.000 euro bitarteko isuna ezarriko zitzaiola” ohartarazi zioten.

 

Horiek horrela, EAJko udal taldeak dio “paradoxikoa” dela gizarte-laguntzetan izandako iruzurra salatzeko ahalmena dutela uste duten horiek hamaika irregulartasun batzea. Besteren artean, ustezko irregulartasunak medio, Patxi Gomez bozeramailearen kargua uztea edota alkateak sinadura bilketatan herritarrekin izandako liskarrak aipatu dituzte.

 

Argazkia: http://www.pnvgasteiz.eus

 

Honen inguruko albiste gehiago:

 

Apaizak ere Marotoren kontra

 

Patxi Gomez Laguntza Justuagoak plataformako bozeramaileak kargua utzi du, iruzurraren susmopean

Diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten etorkinen baldintzak gogortzeko 30.000 sinadura nahi ditu Marotok

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide