Israeldar aparheid-a elikatzeari uzteko eskatuko diote hainbat kate komertzialei Palestinako Lurraren Eguna den honetan

hirinet 2015ko mar. 29a, 01:00

Gurean aritzen diren kate komertzial nagusiek “erakusten duten konplizitatea” salatuko du Gasteizko Boikot, Desinbertsio eta Zigorretarako Komiteak (BDS).

 

 

 

 

 

 

 

Gaur, martxoak 30, elkarretaratzea deitu dute 19.30ean Postetxe plazan, bertan “made in Israel markarekin etiketatuak izan eta palestinar lurrik emankorrenetan -eta bertako biztanleriaren baliabide hidrikoak lapurtuz- kolono ilegalek sortuak diren zenbait produktuk” Israelek Palestinarekiko aplikatzen duen aparheid-a elikatzen dutela salatuko dute.

Besteak beste, “Corte Inglés edo Carrefourreko datilak, Eroskiko pipitak edo Mercadonako patatak” dira palestinar lurretan hazitako barazki eta produktu horietako batzuk. “Gainera kolonia ilegal haien euskarri ekonomiko nagusia dira, bere kontsumoa beraz, okupazio ilegal horren finantzabide zuzena da. Eroski, Corte Ingles, Mercadona eta Carrefour-i eskatzen diegu israeldar aparheid-a elikatzeari utzi diezaiotela”, adierazi du prentsa ohar batean BDS komiteak.

Gaurkoa, Palestinako Lurraren Eguna da. 1976ko martxoaren 30ean palestinar jendarteak greba orokorrerako deia egin zuen israeldar sionismoak etengabe egiten zion lur-lapurretak zirela eta. Ejertzitoak "israeldar hiritartasuna" zuten zazpi palestinar gazte hil zituen, grebarekin bat eginez egiten ari ziren manifestazioetan. Geroztik, martxoaren 30a palestinar herriaren eskubide zilegien aldarrikapen egun gisa geratu da.

Urteak aurrera joan ahala, Israeldar Estatuak “lurrak ebasten segitzen du, kanporatzen ditu bertako legezko biztanleak, koloniak eraikitzen ditu eta bertan munduko edozein bazterretik ateratako kolono sionista atzerritarrak kokatzen” dituela kritikatu du BSD komiteak. Jardunbide hauek nazioarteko legedia eta Giza Eskubideak urratzen dituztela ohartarazi dute.

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide